Itxaro Borda
LAUHAZKA

Amuarrain inbasio bat

2014ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Uste nuen paperak aurtik eta eskua gorde zebiltzan komandoen aroabukatua zela. Aberri egunetan geunden bizkarrak ostatuko barrari emanak, solasez hordi, bat batean jendetza urratzen zuen giza-ximixta susmatzen genuela, Ildo aldizkari klandestinoa, batzuen ebanjelio sakratua, ahurtaraz barreiatzen. Irudi luke jada, zenbaiten nostalgia azpimarratu gabe, egiteko era horiek berunezko mendeetako jokamoldea zirela.

Larunbat eguzkitsu batez, bo-bo zekenaren maneran, Baionako merkatuan nintzen Errobi hegietan. Gaztainak erostean, boz ezezaguna somatu nuen: aizu, hara nire liburua, zuretzat… gauza bat nabaritu nuen zakua astuntzen, bozak liburua aipatu zuen baina pistola ere izan zitekeen! Daramadan bizitza, fikziozko uhin errepikatuegia da eta nobela beltz gehiegi irakurtzen —eta noiztenka, idazten— dut. Matrix edo eXistenZ ez dira nire osasun mentalaren zaintzeko joko egokiak.

Ahotsaren jabea ikusi zuenez galdatu nion lagunari, hark ezetz, adiskide batekin mintzo zela anartean, zakuan, tipula, baratxuri eta gaztainen gainean zetzan liburua begimentzen nuela: amuarrain plantan kuzkurturiko izaki marraztua zekarren azal zuriak, leuna zen, gogorra, frantsesez izkiriatu orrialde parrasta batekin. Harridura biderkatu zitzaidan, egilearen izena arrotz nuelako erabat: Yohann Vinay-Villanua Pauen sortua zen duela hiru hamarkada eta Aspe ibarreko Bortza herrian zeuzkan erroak, artzaina ogibidez, poesiak harilkatzen zituen eta gaur egun Baionan dago.

Istorio osoa kontatzen dut literaturaren bide misteriotsua, Jainkoarena bezain, zula ezina dela erakusteko, merkatu monolitikoaren aizolbetik hara jazartzen ahal zaiola irakurleari, eta bereziki, umiltasun apurra harrotuz, ez garela oro-jakitunak munduratu senditzeko. Laugarren orrian hedatu Aspe izenak begiak argiz ito zizkidan, ibar ilun, hertsi, kementsu eta bizitorea anitz maite dudalako aspaldidanik: denboraz eta oinez, sasi hegietako sagar makatuak dastatu nituen, haranaren abandonu motelaren ikur erdi ustelduak bailiran.

Maulen hazi da Astobelarra argitaletxea 2013an, Laurent Caudine mitikiltar kronikariaren apuñatik. Testuak eskualde hauetako bi hizkuntza nagusietan publikatzen dituzte, natura, jakintza, Zuberoko kultura eta aburu-sailak ardatz. Mozaik atalean atera da Yohann Vinay-Villanuaren obra berria. Carolina Herrera gaztearen Sombres mascarades poliziazko lana halaber Astobelarra zigiluaz jantzirik datorkigu.

Marie Cosnay Baionako idazle ospetsuaren atzitza dakar Yohann Vinay-Villanuaren nobelak. Ez zezakeen geriza edo ama-besotako hobeagorik atzeman literaturaren sarraski-jokoan ausartzeko. Audrey Hodappek irudi poetikoak egin ditu, zuri-beltzean, arrainaren begiak eder-ederrak direla ziurtatzen digun abestiaren neurriari atxikirik, zeruan gora hegalez doazen amuarrain mitologikoen hatzetatik hain zuzen ere. Liburuan parte hartu dutenek, artisau zoharren antzera, ekiteko eta egiteko astiaz gozatu dutela garbi datza.

Hamahiru urteko mutiko talde baten udako oporretako bizipenak bihikatzen ditu eleberriak, arrantzan, basihizian, baloiaren gibeletik hatsanka lasterrez eta nerabezaroaren axola gabezia sentimenduak garatzen dira, hitzez hitz, nabaritzen dela bederazko eleen gibelean, mehatxu eta lanjer elkorra, etorkizunaren beldurra, Aspe ibarra eta Ansabeko andere orratzak noski idatziaren pertsonaia nagusiak direlarik. Herrietako adineko konkortuen solasak entzuten dira berdin bearnesez, bai eta gazteleraz edo Zuberoako euskara pindartsuaz. Idazkia hondarrean, gure mendialde jendetsuei eskaini oda gustagarria eta minbera da.

Askok, nolabait, jasan dugun gizarte aldaketaren muinera eramaten gaitu Yohann Vinay-Villanuak, saldarekiko milika-lapa ozenak eta garai batetik hara, guztien garunak kartzelatu zituen telebistaren sukalde-mineko presentzia aitzaki: à l'heure du souper, la plupart des enfants écoutaient religieusement les lapées bruyantes des vieux sur un fond sonore de journal télévisé.

Garbura eta globalizazioa, laburpen kiratsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.