Itxaro Borda
LAUHAZKA

Drumcliffeko zorabioa

2014ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Euskal Herrian ez dakigu non ehortziak diren idazle kuttunak, horrelakorik baldin badugu behintzat. Jendea jende dela orroatzen duen sozietate salbai bateko umezurtzak gara. Borrokan eroriak ez badira, hilek eta hilotzek ez dute baliorik. Mossen Bernat Etxepareren hatzetatik galtzen saiatzea aski da ohartzeko Garaziko ingurune handiosetan ez dela hipotesiak baimentzeko ere den-mendreneko hatzik, Eiheralarreko elizaren atarian idazle nafarraren ohorezko marmolezko plakañoa aurkitzen den arren. Yes hori bai. Orain arte, naski, idazle haboroxienak apezak edo notableak ziren, lokaliza errazak beraz.

Liburuaren merkatua osatzeak halaber ez du memoria lantzerik zilegituko. Historiaren haria ebaki da neoliberalismoa iragana ukatzen hasi denean. Merkatua amnesia iturri dela ikasten ari gara denbora joan ahala. Ximixtaren abiaduran aitzinakoa ahanzten dugu, azken sortuaz edo plazaratuaz buru-belarri axolatzeko. Agian noizbait guk ere Total Recall filmeko Quaid pertsonaiaren moduan sasi-hiriko klinika pribatu horietarik batera zuzendu beharko dugu, moltsa hantuak besapean, beraien izena eta izana merezi duten oroitzapen aberats batzuk garunetan txertatu arazteko!

Islandia, Italia eta Irlanda bezalako herrialdeek garatzen dute idazle zenduen oroitza. Karriketan idazki eta berunezko tailuak begimentzen dira, liburutegiak kafetegiak direla eta maizenean, Ertarotik datorkien literatura, herri aberastasunaren zatitzat daukatela. Yrsa Sigurdardottir, Sjon eta Arnaldur Indridasonek anitzez gehiago egiten dute Islandiaren ospea emendatzeko Reykjavikeko edozein marrazo aferagile hartzituk baino. Danteren ondorengoak Europa osoa inspiratu zuen eta Irlandako mirarietaz zer? James Joyceren Ulysses nobelak —noiz euskaratuko da osorik?— mundu mailako literaturaren norabidea erabat aldatu zuen. Dublin eta Sandycove Leopold Bloomen eta Stephan Dedalusen aztarnez emokatuak dira.

William Butler Yeats (1865-1939) jaio zen hirian lurperatua izan zen Frantzia hegoaldeko Roquebrunen hil eta hamar urte beranduago, magiaz, leiendaz eta Ben Bulben menditik isuri lainoz troxatu Sligo County hartan zehazki. Poeta trebea, argi-zirrinta zeltiarren abeslari sutsua, Bazko Errepublikarren laudatzaile minbera — «a terrible beauty is born» izikiratzen zuen 1916ko irailaren 25ean—, maite zuen Maud Gonnekin sekula biziko ez zen erromantiko sufritua, Thoor Ballylee dorrean kabitua George Hyde-Lees andrearekin ezkondurik eta herritik kanpo azken hatsa tepoa eman zuena.

Uste gabetarik, Drumcliffeko hilerrian gara. Arrats apalean. Eguzkia sartzera doa urdinezko auraz uherturiko tontor karratuaren atzean. Harrigarria da: bide-seinale beilegiak uaigh yeats dio, Yeats-en hobia irish mintzairaz alegia. Hilerrian, aita semeak ari dira, epaigailu baten burrunbaz, belar soberakina mozten, emazte zenbait, kopetak makur, horma grisezko elizatik jalgitzen diren bitartean. Irlandako beleak entzuten dira arramantzaz. Sarreran, burdinean moldatu kuzkurturiko izakia azaltzen da he wishes for the cloths of heaven poema lurrean bihikatzen.

Yeatsen hilobia soila da, iluna. Bertan dago 1968an beste mundura joan George emaztea ere. Eta soa altxatzean agertzen zaigun epitafoa anitzetan irakurri dugu poeta irlandarra aipatzen zuten liburuetan. Irri gogoa piztu zitaidan une hartan: hozki begira iezaiozu bizitzari, heriotzari. Zaldun zu pasa zaitez! Poetak, betierekotasunaz gozatu arren, ez dio bidaiariari bizitza ala heriotzarekiko erantzun izpirik emango. Hobe agian Maureenek adelatu porridge lekedatsuan arrapostu existenzialistak bilatzea!

Gaua erori zen Drumcliffeko hilerriaren eremua irentsiz. Beleak are ozenago tematzen ziren, zeru ertzean Ben Bulben ezabatuz zihoan, gurutze gaeliko erraldoia bermatu zitzaigun larderiatsu. Haur ebatsien, maitatzeko tristuraren eta Dublineko Posta Nagusiko oldarraren poetaren hitzak mailukatuz: «but I, being poor, have only my dreams... tread softly because you tread on my dreams».

Eta Guiness beltzaren haguna, Sligon ...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.