Itxaro Borda
LAUHAZKA

Etxekolatzetan azkena

2014ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Mila bider ematen ahalko diogu munduari bira, urratsek beti abiatu garen harpe eskasaren sarrerako ate kantoira ekarriko gaituzte: lehena, etxekolatzetan azkena da, eta alderantziz. Gelditu ezin. Ideia borobila neukan gogoan behin SUD-Rail eta CGTko tren gidariak greban zeudela Pariserako bidaia egin nuelarik David De Souza Blayeko poetaren konpainian. Eguna higatu genuen ibilian. Gorriak ikusi genituen handik itzultzeko. TGVean higatu hamar orduekin trenez zamatu ipuin luze eta herdoiltsua idatziko nuke. Barkatu, oker nabil: TGVean herdoilik ez da. Alaiiina erantsiko zukeen, loriatua, Gerezietako izeba zenak.

San Sulpizio elizaren barnean kausitu nintzen beraz buruaren inguratzeko betarik gabe. Zeruan zeharreko eguzkiaren lekua iragartzeko gnomon ospetsua bilatzen nuen, meridianoa eta obeliskoa. Argi arraioak, ezpata meharrak bailiran, gurutzatzen ziren arraiki. Iruditzen zitzaidan Da Vinci Code nobelan urtzen nindoala, bazko gauerdi ondoan sarraskia konplitua zela arras. Denbora setiatu nuen ustezko amets gaiztotik jazartzeko. Gnomon delakoa hargatik ez zen piztia bat, ez zen mehatxu bat, ez zen izu-birla bat. Fikzioaren baheetarik iraitzi bizitza baizik ez zela erran nuen nirekiko kanpoko berotasun epelera jalgitzean. Han nuen adiskidea aiduru. Nire barruko menturaldi ankerrik ez nion aipatu. Zer gerta ere.

Pariseko plaza horretan bertan idatzi zen frantsesezko literaturako libururik harrigarrienetarik bat. Edozein mintzairatan paperak beltzatzen ditugunon desioa Georges Perecen 1975ko Tentative d'épuisement d'un lieuparisien obrako esperientziaren errepikatzean datza. Café baten eguteran edo San Sulpizioko iturri monumentalaren maldan jartzen zen, bazter galde eta trabetarik urrun, ikusten, entzuten, usnatzen eta sumatzen zituen gauzak oro azal urdinarekiko karneta txikian etzateko. Orrialdez orrialde zihoan denboraren nostalgia eraikitzen zuen. Handioski. Etxez aldatzean atzeman dutPerec-en perlatxoa. Eta geroztik, pirtta-pirttaka, literatura joko antzera baino ulertzen ez zuen erraldoiaren hitzak irensten nabil.

Santizpirituko Errepublika plaza trabeskatzen dut jada egunean lautan. Perec-en hatzetarik lerratuko nintzateke ausartzen banintz: Senegaleko Modouren aldamenean eseri, orroaz ari diren gazteetarik urrundu, A2 eta A1 autobusen dantzak jarraitu, autoen leiho apalduetarik heltzen zaizkidan musikak zehaztu, heavy metal edo gehienetan teknoa dela oihartzen, astuntzen nauen ni-az hustu eta hondarrean pilpiraz lehertzen doan munduaz bete. Bakartasuna gustatzen zait baina bihotz ukatuen nahaspuloak gustatzenago zaizkidala aitor dut. Modouk Mbengue agurtzen du eta saldoek Aljeriaren futboleko garaipena ospatzen dute geltokiko aparkalekuan. Deus galtzen ez zuen Georges Perecen begia ohartuko zen Errepublika plaza eta zirristatzen zaizkion karrikak ez direla emazteen eta nesken kokaleku zehatzenak. Bat bera ere ez da ageri, non ez den goitik behera belatua eta oihalez estalia: Sheherazadek gaurkoan aurpegia gorderik behar du.

Igela argitaletxeak hain zuzen atera du Georges Perec Oulipo literatura esperimentala aldarrikatzen zuen taldekidearen obra berri bat euskaraz. Gizon bat lotan deitzen da liburua eta Juan Luis Agirreren eskutik datorkigu. 1967ko lana da L'homme qui dort nobela eta hirietako bakartasunak pentsamendua zertaratzen duen kontatzen du ederki. Narratzailea gristasunez troxatu eleberriko pertsonaiari hikaz mintzo zaio, solaskide soila bailuen. Idazlearen biografian oinarritzen dela diote batzuek: etengabe lotan dagoen gizona ikasle garaietako Perec da. 1974an filma bat bildu zuen Bernard Queysannek Perec-en laguntzarekin.

San Sulpizioko meridianoak egunerokoak erdiz erdi trenkatzen ditu. Ez dugu inora joateko premiarik. Errepublika plazako jargia batean zurrungaz ari da behialako mozkorra. Bihar goizean ez da ezertaz oroituko eta agian hainbat hobe: enparantza kasik hutsa dela dirudit (baina badira bederen hogei bat izaki nire ikus alorrean). 63 bat.

Zerrendak iraupenaren ardatzak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.