Itxaro Borda
LAUHAZKA

Zaborraren zaporea

2014ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Akkrako zikintegietan dira zamatzen teknologia berri urguilutsuon hondarrak: mugikorrak, ordenagailuak, a pantaila distiratsuak eta musika entzuteko tresna gero eta txikiagoak. Goizetan, euri tropikalaren azpian, suteetarik urrina mikatz, zola heze eta kutsatutik lurrina altxatzean, haurrak makurtzen dira metalak, plastikoak eta osagai elektronikoak biltzeko. Hamar urte dituzte. Irriz ari dira. Dantzan. Maskarik eta eskularrurik ez dute molekula hilkorretarik gerizatzeko. Hilerri digital horiek arretaz karrakatuz apurrek familiak iraun arazteko baliabideak harrapatuko dituzte. Gerrako edo merkantziako ontzi etenduen karkasak aldiz Indiako leihorretan azkentzen dira, petrolio putzu bihurtzen direla hurbileko itsasoak. Milaka itzal konkor zinpurtzen dabiltza, burdinak eta egitura baliosak errekuperatzeko, amianta, irrati-aktibitatea ala gainerako ekai zitalak partida dauzkaten arren... adibideak biderka ditzakegu, planeta zabortegi erraldoia baita eta itsasoa gure (zar)ama.

Eztabaida handiak sortzen dira zaborrak ardatz. Kontsumo gizarte hanpurusaren arazorik handiena da, ez bakarrik literarioa. Prentsa eta erramerranez datozkigun berrien arabera, Lapurdi jendetsuaren zatarren ehorztegi irudikatzen da Benafarroa-Zuberoa desertifikatua. Ehorzteko, edo anitzez merkeago denez, zeru-irekian metatzeko, keak eta urrinak barreiatzen direla bazterretan arraiki Akkrako sasi-hirietan bezala. Argazki postindustrial ederrak hartzen ahalko dira, hego haize azkorrietan, kiratsak eta isuri izenda ezinez gorri ibai hantuko direnean elge, pentze eta larretan. Barnealde etsituak alaitzeko etorkizun panpoxak iragartzen dizkigute. Eta errentabilizatzeko... Alaina erantsiko zuen Gerezietako amaren kusi kokinak.

Hirietan gaudenok ez dakusagu beti argi zaborrarena. Etxeetarik kantari jaisten gara poltsak ontzietara botatzeko, Aimar Olaizolak lau eta erdiko txapelketako pilota txapa gainera egingo lukeen bezain prestuki. Erraz(egi) gabiltza: paperak, janari iraungituak, lur sagar azalak, plastikoak, makilatzeko gailuak, kartoiak, errautsak, denak batera eta bost axola. Karriketan zakuak, doidoia hertsiak, tapalakatzen dira espaloietan, zakur miazkarien meneko. Ostika bat eta zaunka bi, behialako bost axoletaz gain. Ukigarria da aurrerapena, ukigarria zaborraren biderketa ahalmentzen duen garapena, garapena delarik zorionaren giltza Europaren ohitura ekonomikoen magalean. Max Richteren Infra musika zatiko talkia txikatxikaz aditzen da ezinbestez, sokorri eske.

Irakurleak erranen du arrazoiekin hau poesia dela. Nehork bere baratze kantoian onartzen ez duen zaborraren poesia dela ihardetsiko diot nik. Bat gatoz alabaina zikinak ekoizteko orduan baina lurperatzeko tokia bilatzen hasten direnean, katiminian maizenean, herri aukeratuetakoek deus ez dakitela, ez dugu horrelakorik desio, jainko maiteaz oroitzen garela tenorezehatz eta anker horretan. Katastrofa mutua da botere eta ezagupenaren aurarik ez duen herri isil, kasik ahantzi baten bizkarrera edozein zabor-sindikatutako arduradunen erabakiaren ezpata erortzen denean. Destinuaren jokoa aitzinetik bilbatua da, indarrez, behatz ttittila mugitzeko betarik ere ez dela!

Oragarre da dagoeneko zikloiaren begian. Hogeita hamar hektareako lurperatze eremu pare bat begimenduak dute, auzapezari gaiarekiko diskrezioa amoinatuz. Alor horretan, bederen, udalburua ez da kikildu: iragan astelehen arratsean lehen bilkura antolatu zen berrehun eta berrogei herritarrek Sarrikota Peko Baserri Garbi Baten Alde elkarteko kide zenbaitekin. Idatzirik ez bada, zurrumurruak ugariak dira, burzoratzeraino. Gizonezko askoren artean emazteek omen zuten hitza eta kemenik bizitoriena erakusten batzarrak iraun zuen denboran. Proiektuaren aurka daude guztiz gehienak, ingurumenarentzat zaborren lurperatzea baita azken beltzeko aterabidea, eta luzarorako kutsakorrena. Zai eta prest egongo dira...

Trastu ginenok trashtu nahi gaituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.