Itxaro Borda
LAUHAZKA

Arralde pro domo

2015eko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Hiru mila eta hirurehun atal, hogei eta bat sasoi, ehunka antzezle, zuzendari, muntatzaile, musika egile eta gidoi osatzaile parrastak, segundo bakoitzean hogeita lau irudi: kontuak egin eta ohartzen gara Goenkale kultuaren inguruko zenbakiek burzoroa ematen dutela. Biderketak, gehiketak, ebaketak, berdinketak, matematiken baliabideak premiazkoak dira telesailak mugaren bi aldeetan eragin zuen zirraraz jabetzeko. Telebistazaleak erdi banatan bereiztea erdietsi zuen: sarrerako soinua aditu orduko gorrotoa nabaritzen zutenak eta besteak, besteak fan atsolutoak. Datorren abenduan pantailaratuko da azken kapitulua. Euskal Herriko harri bitxi kuttunen multzoan ezarriko dugu Goenkale erraldoia. Nahikoa estimatzen eta eskertzen jakin ote dugu?

1994tik hona, kapitulu guztiak ez baina, ETBk ekoiztu telesaila irentsi dut nik neuk ere. Mauletik Baionara etortzen ginen oporretara, ahizparen etxean Jose Mari Lasa eta Maria Luisa Galardiren arteko patasken lekuko izateko. Beranduago, ordenagailuari esker, arraldetar belaunaldi berrien biribilketa are latzagoak hurrupatzen genituen, bargoek gaxura bezala, muinean galdera bakarra bermatzen zitzaigula: gaizkiaren eta gaiztakeriaren zurubian noraino joango dira? Astetik astera harritzen gintuen pertsonaien inoxentziak etaduplizitate maltzurrak. Arazo eta liskar, arrisku batetik askatu bezain laster hor zeukaten, ezkutu ederrean, lezea lizunki zabalik. Hondar holtza gainditzekoa dute Arraldetik Amarrura doan xendraren ertzetan.

Telesailaren istorioan zehar uraren presentzia deigarria suertatu da. Itsaso nahasi, begi misteriotsuekiko arrain eta sakontasun abisaletan beherako erorketa itsuekiko mitologiek moldatu zuketen gutariko frankoren imajinazioa. Portuak halaber azaltzen dira handizki: ezagutzen ditugu, badakigu zein karrika datorren pantailara, goiztirietan, arrastirietan, mendekari, abegikor, galernatsu, Orio, Bermeo, Getaria, Mutriku, Ondarroa, Getxo eta 21. sasoi honetan Elantxobe. Arraun elkartean eta Arraldeko bi tabernetan iskanbilari dabiltza hiritarrak, aldizka tragiko eta komiko. Gorritxuak miresten ez dituelako ospearekiko herrian sinets ezina baldin bada ere, komisaldegiak toki garrantzitsua dauka: bertako zeldetatik pasatzen dira Arraldeko kide gehienak behin edo birritan. Ezin uka: zortea dugu Oragarrekoak ala Bediakoak garelako!

Aurpegiak gogoan daramatzagu, dantzan: Don Luis, Agustin, Maite inudea, Eusebio eta Margari, Gaizka eta Xabier, Andoni eta Gema, Isaias eta Imanol, Koldo, Leonor, Sara, Kandido, Kaxkurrio, Nekane, Alizia, Gaston, Pelos eta Txapas, Lutxi eta Xixto, Kepa eta Barbara, German, Mitxel, iparraldeko Manex, Itsaso, Tania, Malen, Abel, Ane, Mattin, Ibon, Esther, Mireia, Lukas... izenak eta izanak lerrokatzen ditugu eta oroitzapenak harrotzen dizkigute, garaian garaiko memoria finkatuz, idatzizko edozein oharrek baino ziurkiago. Begitarte horiek ospetsuak bihurtu diren aktoreenak dira. Ez ditut nire ikusle zorabiatu sekretuak lau haizeetara barreiatuko: mende laurden eskaseko ekinaren ondorioak alabaina argiak dira.

Eta Maria Luisa Galardi... Baña! Baña! Baña! Zer da hau?

Goenkale-k gure euskara maila, irainen alorrean bederen, aberastu zuen. Unibertsitateak tiradera ugaritako corpus bat osatu du saileko hiztegi, adiztegi, lexiko eta erran zahar entzutetsuak zaleen eskura uzteko: begira, gai serioak idoki daitezke Arraldeko egunerokotasunean errotuz. Euskaldunen arranguren eta pentsamenduen parte handia nazio-borrokak monopolizatzen zuen denboran, arraldetarrek erakusten ziguten, gau eta aste oroz, Euskal Herri ezberdin bat posible zela, genero aldetik anitzagoa, gazteagoa, arruntagoa, oinarrizkoagoa, irudimenez haziriko mintzaira kementsuago batekikoa, kezka sozialak eta ekonomikoak asumitzen zituena. Ez hargatik baketsuagoa. Orain agian, Euskal Herria bera, pazifikatuagoa delarik, Arralde bilakatua da. Telesailari azkena datorkio ondikotz, funtzioa bete duelako sugegorri tontolapiko zital andanen gain-gainetik.

Maria Luisa Galardi loreekin eleka.

Hara... jakin zazue semea bi aldiz hil didazuela!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.