Itxaro Borda
LAUHAZKA

Alos garden

2015eko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Egia handia ebidentzia gisa altxatzen zitzaigun, urriaren 10ean, Baionako Lauga gelan geundela, bildu-bilduak Oskorri taldearen despedidaz gozatzeko eta hainbat standing ovation herronkatuz berrogeita bost urtez eltze guztietako zali izan diren soinulariak eskertzeko: Euskaldunon herriak, menderen mendeetan zehar, iraun baldin badu musikari, kantari, bertsoari esker izan da. Ez da misteriorik, melodia eta hitza iruteko nahikunde zohar eta intimoarena salbu. Barkatu errepikatzen banaiz: Antxon Latxak hasi Gaztelugatxe jarraitzen zuen Natxo de Felipek lur altzo honetako jendeen bizi-filosofia laburtuz: «inoren zapaltzeko gogoa, zapalduak ez izatekoa, hau da gure urguilua altxor guztien iturria…» atsegin hutsa zen, zoriona, handien, txikien, adinekoen, hizkuntza ezagutu gabe abestiak maite zituztenen begitarteetan hedatzen ikustea.

Lau hamarkadako elkarrekiko bidaia bat bukatzen zitzaigun Baionan. Trenetik jaisteko unea iragarri ziguten Oskorrikoek. Ikus-entzuleak oldeka altxatzen ziren, beste bat galdatzeko eta taldeak hiru gehiago ematen zituen kemen, indar eta bozkario uki-ezina ezpainetan, behin, berritan… nehor ez zen aspertzen, haurrak eta gazteak fandangoa furra-furratzera lehiatzen ziren kiroldegiaren bazter batera, mutiko eta neska pare bat tauladaren maldan zegoela zoratua artistei beha. Ziur nago, gau hartan Baionan, eta Maulen, Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Bilbon aurkituko direnek Oskorri non, noiz, norekin hauteman zuten gogoratzen saiatu zirela. Ondorioak beti handiosak dira. Txanpaina txistu bat bederen merezi dute.

Mila esker Oskorri. Eskerrik asko Goenkale.

Baina bizitza aitzina doa. Arren Iker Goenaga jo ezak trikitixa! Emak hor Bixente Martinez! Ez gaituzue aseak, alderantziz: alde horretatik ez dugu bakerik nahi, gitarra zirriztak eta atabal kolpe elkorrak baino, bihotzak urratzeraino. Winston Smithek, aukera ukan balu, Kantauriko lehorretan errotzea desioko zuen. Halaber, nire adiskide Svetlana Aleksievitx bihotz berak, Bielorrusia eta Ukrainako muga zitalak utziko balitu. Xabier Zeberio, Francisco Herrero, Lorena Nuñez eta Pello Ramirezek osatu Alos Quartet saldoaren musikak hozka gainditzen laguntzen gaitu: gainean daukagun negu ederraren soinu banda osatzen du jadanik, Ken Zazpiren lan berriaren aiduru gaudela…

Tristura, hargatik, hazi da hitzaren hegietan: Chantal Akerman zinegileak utzi gintuen, kameraren itzala jarraitzen genuela Hotel Monterreyko pasabide ilunetan barna. Heriotza bertan zetzan, zelatari. Belgikarraren obrak mendeak markatu zituen bereziki Marcel Prousten La Prisonnière nobelaren egokitzapen distiratsua eskainiz La Captive izenburuarekin. Halaber, Suediako Ystad hirian, Kurt Wallander umezurtz bihurtu zen Henning Mankell zendu zelarik. Eritasun luze baten ondorioz, erraten den bezala. Erein argitaletxean euskaraz irakurri daiteke sailari hasiera eman zion Aurpegirik gabeko hiltzaileak eta ARTE katean Kenneth Branagh ipar irlandar antzezlearekiko Wallander serieko atalak ikusgai daude.

Milesker Chantal. Eskerrik asko Henning.

Oskorriren despedida berotik landa, berehala piztu zen Oskorriren kantuenganako nostalgia. Batzuk Arestiren oroimenezko obra berrentzun zuten, Bartzelonako ikasle mutilei zuzendu maldizioak hotz ikara eragin ziela bizkar hezurrean behera, besteek Desertore albumaz sakonago gozatuz zebiltzan eta gainerakoak, ostiral arrastiri batez Baiona Ttipiko Xina tabernan juntatu ziren Nat eta Pat soinulariekin batera, abestiak ahoak eman ahala aireratzeko. Alegrantziarik beteenean. Aspaldiko ezagunak zeuden, elkarri besotik heldu eta garagardo basoak ahurretan. Ezpainetan zeuzkaten irriek iraupenaren eta berrogeita hamar urteko berunezko txapa lehertzailearen azpitik bizirik ateratzearen atsegina erakusten zuten.

We Are belarrian, Zazie pantailan, Chantal Akermanen hitzek norabidea azpatzen digute: «iraungo dut, baizik eta idazten baldin badut. Eta funtsean, han edo hemen, zer axola. Nire bizitza, bizitzarik ez dut. Ez dut jakin baten egiten».

Garden-gardenak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.