Koronabirusa

Etxeratze agindua, zalantzazko muga

Eusko Jaurlaritzak etxeratze agindua izan du hizpide; hau da, herritarrei eskubidea kentzea ordu jakin batetik aurrera kalean ibiltzeko. Adituek ez dute argi horretarako eskumenik ba ote duen.

Irati Urdalleta Lete.
2020ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Etxeratze agindua. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak neurri hori ezartzeko aukera aipatu zuen larunbatean, eta «baloratu beharreko zerbait» dela esan zuen atzo Nekane Murgak, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Baina zer da? Zer eskubide murriztuko lizkieke herritarrei? Zalantzak argitu nahian, Eneko Compains Zuzenbide Konstituzionaleko EHUko irakaslearekin hitz egin du BERRIAk.

Zer da zehazki?

«Neurri prebentibo bat da, administrazio publikoak hartzen duena; kasu honetan, izurrite eta pandemia bat dagoelako». Horrela azaldu du Eneko Compainsek etxeratze agindua zer den. Zehazki, ordu jakin batzuetan zirkulazio askatasuna mugatzea da; betiere, zuzenbideak justifikatzen duen arrazoi batean oinarrituta.

Urkulluk horretarako eskumenik ba al dauka?

«Nik baietz uste dut», dio Compainsek. Horretarako, EAEko Larrialdiak Kudeatzeko Legea aipatu du. Hau dio lege horren zortzigarren artikuluak: «Besteak beste, honako neurri hauek hartu ahal izango ditu: pertsonak beren etxeetan edo leku seguruetan sartuta egonaraztea; Pertsonak arrisku lekuetatik ateraedo urruntzea; arriskuko edo ekintzako eremuetarako sarbidea mugatzea; zerbitzu publiko eta pribatuen erabilera edo ondasunen kontsumoa murrizteaedo baldintzatzea; eta leku jakin batzuetan jarduerak murriztea edo debekatzea eta arreta,prebentzio edo jokabide jakin batzuk hartzeko betebeharra ezartzea». «'Besteak beste', dio; beraz, ez dute hertsiki horiek bakarrik izan behar», zehaztu du Compainsek.

Espainiako Gobernuaren babesa behar al du?

«Ez, ezetz uste dut». Aurretik aipatutako legearen 35. artikuluari erreparatu behar zaiola azaldu du Compainsek. Artikulu hori hondamendiko larrialdi egoera deklaratzeari buruzkoa da. «Adierazpen hori da zuzenbide autonomikoan alarma egoerari gehien hurbiltzen zaiona, lehendakariari protagonismo berezia emanez». Beraz, Compainsen hitzetan, ez dago alarma egoeraren beharrik horrelako neurri bat ezartzeko. Hala ere, zehaztapen bat egin du: Konstituzioak indarrean jarraitzen du, eta horrek esan nahi du Eusko Jaurlaritzak ezin ditzakeela indargabetu, ezta etenaldian ezarri ere, bertan jasotako oinarrizko eskubideak; tartean, zirkulazio eskubidea. «Gauza bat da mugapenen bat ezartzea, Larrialdiak Kudeatzeko Legean oinarriturik, eta beste bat eskubidea indargabetzea. Lehena egin dezake; bigarrena, aldiz, ez».

Zer eskubideri eragiten dio?

Etxeratze agindua ezartzeak zirkulazio askatasunari «modu nabarmenean» eragiten diola iruditzen zaio Compainsi. «Pentsatzen dut gaueko orduetan zirkulazio askatasunaren murrizketa ekarriko duela, espazio jakin batzuetan behintzat». Hau da, ez daki «muga absolutua» izango den —edozein lekutan ordu jakin batetik aurrera egotea debekatzea—, edo soilik leku jakin batzuei eragingo dien: «Zalantza handiak ditut etxeratze agindu orokor eta absolutua ezar dezakeen edo toki jakinei soilik ezartzen zaiena». Izan ere, neurriak hartzean «proportzionaltasuna» zaindu behar dela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.