Euskal presoak. Eragileen hausnarketa Baionan

Presoen egoera larriak konpontzea lehentasuna dela dio Etxerat-ek

Oinarrizko eskubideak errespetatzeko eskatu diote Frantziari 800 pertsonak Baionan, bake biderantz egindako lehen urrats gisaPreso eta iheslarien bide orriak garatzeko engaiamendua hartu dute 26 eragilek

Ehunka lagun bildu ziren Baionan, atzo, Etxerat-ek antolatutako manifestazioan. JULEN PASCUAL.
Aitor Renteria.
Baiona
2014ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Espetxeetako egoera larrienak konpontzea lehentasuna dela jakinarazi dio Etxeratek Frantziari, Christiane Taubira Justizia ministroaren bisitaren karietara. 800 lagunek ihardetsi zioten atzo Etxerat-en deialdiari Baionan. Manifestazioa Euskaldunen plazatik abiatu zen eta Herriko Etxean bukatu. Manifestazioa bukatzean jakin zuten Etxerat-eko kideek Taubirak saihestu zuela presoen gaia aipatzea unibertsitatean egindako mintzaldian. «Gure eskaerari edozein erantzun emanik ere, gure mezu garrantzitsuena gizarteari zabaltzen diogu», erran zuen Etxerat-eko Clara Rougetek.

Hitz ederren denbora amaitu dela eta urrats argi bat egitea galdegin zion Frantziari. Eri diren presoak espetxetik ateraz, presoak Euskal Herrira hurbilduz eta bertan batuz, eta, azkenik, baldintzapean libre egon daitezkeen presoen kaleratzeak ez trabatuz arrazoi politikoengatik. Konponbidearen ildoa hartzeko eskatu zion Frantziari, eta neurriak ahalbidetzea gobernuaren esku dagoela nabarmendu. Oinarrizko eskubideak errespetatzeko eskatu zuten. «Frantziak bake biderantz egindako lehen urrats gisa». Aipamen berezia egin zion Rougetek Ibon Fernandez Iradiren kasuari eta, osasun arrazoiengatik, espetxe zigorra etetea eskatu zuen.

Biharko justizia izan zuen hizpide Taubirak unibertsitatean eta preseski, gogoratu zuen oinarrizko eskubideak errespetatzea eta justizia orain egitea presoen senideen aldarri nagusia dela. 519 preso daude presondegietan, horietako 110 direlarik Frantzian.

Kopuru hotzak plazaratu zituen Rougetek. Lau preso bizi osoko espetxe zigorrarekin Frantzian, ugari zigor handiekin, hamasei hildako bisitak egiteko bidaietan, familien odoluste ekonomikoa, akidura fisikoa eta etengabeko bidaia luzeak Euskal Herritik urruti dauden presondegietara. Gogora ekarri zituen ere espetxeetan pairatzen diren tratu txarrak. Azpimarratu zuen azken urtean hiru preso hil direla espetxean, Angel Figueroa, Xabier Lopez Peña eta Arkaitz Bellon. «Neurri bereziek hiltzen gaituzte preso eta senideak. Horiek bukatu behar dira, eta orain».

Taubiraren bidaiak ez duela deus ekarri erran zuen Anita Lopepek EH Bairen izenean. Euskal Herrira justiziaz mintzatzera jitea, gatazka politikoaren erdian eta horri buruzko aipamen bakarra ez egitea salagarria dela azaldu zuen. Frantziako Gobernuaren aldetik mespretxua baino ez dela jasotzen gaineratu zuen. «Izan dugu Vallsen mespretxua,Lebranchurena eta egun Taubirarena. Mespretxuarekin ez da deus konponduko, gutxiago gatazka politiko bat».

Eragileen engaiamendua

Goizean eta Taubira ministroaren bisita baino lehen, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekariak eta Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko ordezkariak eragileekin bildu ziren Baionan. Alice Leiziagezahar Akitaniako Kontseilariak jakinarazi zuen bilkuran presente egon ziren 26 eragileek bi kolektiboek aurkeztutako bide orriak aztertu eta garatzeko engaiamendu irmoa hartzen zutela. Eragileen artean izan ziren Bake Bidea, Giza Eskubideen Liga, Sortu, LAB, osasun arloko CGT, AB, Etxerat, Europe Ecologie-Berdeak, Aitzina, Herrira, Etxerat, OIP, Sortu, Euskal Herria Zuzenean eta Cimade.

Hiru ondorio nagusi azpimarratu zituen Leiziagezaharrek: lehenik, Euskal Herrian osatzen ari dela konponbidearen aldeko gehiengo zabala, Bilboko manifestazioan ikusi bezala; bigarrenik, Frantzia eta Espainia ohiko blokeo egoera atxikitzen dutela eta errepresioa dela gatazka gainditzeko aldarriari ematen dioten ihardespena; eta hirugarrenik, nazioarteko eragileek segida ematen diotela Aieten finkatu zen bide orriari, Mexikoko konferentzian eta Donostian egindako auzapezen konferentzian ikusi bezala. Parot dotrinaren aurkako ebazpena ere norabide horretan kokatu zuen.

«Preso eta iheslarien kolektiboek helarazi dizkiguten bide orriak ekarpen garrantzitsuak dira osatzen ari den bake prozesuan» ebatzi zuen Christophe Desprez Giza Eskubideen Ligako presidenteak. Foro sozialak eta nazioarteko taldeak egindako gomendioei erantzuten dietela azpimarratu zuen. Frantziari eta Espainiari eskatu zien urratsak egitea konponbidearen ildoan.

«Gatazka politikoa gainditzeko gakoa Euskal Herrian dugu. Pilota gure teilatuan dago, gizartearen esku, eta guri dagokigu aztertzea zer egin daitekeen bi kolektiboek aurkeztu dizkiguten bide orriak garatu ahal izateko», erran zuen Jean Francois Lefort Lof Sortuko kideak. Foro Sozialak egindako gomendioen haritik, konponbideak prozesu integrala izan behar duela azpimarratu zuen, eta gomendio bakoitza eta guztiak bete behar direla gaineratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.