enekoitz esnaola
Euskal Presoak. Frantziako Estatua. ANALISIA

Lehendakaria

2018ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Harrigarria izan zen Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak gaitzetsi aditza erabiltzeaabenduaren 27an Frantziako Justizia Ministerioarekin presoen auziaz izandako bilera baloratzeko oharrean. Urrian bi parteen arteko esparru bat ireki zutela jakinarazi zutenetik egindako lehen bilkura zen, eta, agian, antsietatea zeukaten batzuek emaitzak berehala ikusteko —Paris etxeko lan denak egiteke azaldu zen—. Halaber, abenduko bilera egingo zela iragarri izanak ikusmin handia sortu zuen euskal gizartean, espetxe arloan korapiloa askatzen hasteko premiaz baita jendea.

Ordea, ordezkaritzaren oharra leitzen jarraituz gero, bazen itxaropenerako zantzurik. Haren arabera, Parisek ez zuen agertu «printzipiozko kontrakotasunik» euskal presoak Mont-de-Marsanera eta Lannemezanera hurbiltzeko, eta ministerioak esan zien DPS kentzen jarraitu nahi duela. Dena dela, eta perspektiba izanda, joan den urte bukaera aldeko albisterik esanguratsuena bi parteek esparru bat sortu izana izan zen, auzia modu orokorrean eta zehaztasunez jorratzen hastea ahalbidetu duelako.

Hil honen amaieran berriro biltzekotan geratu ziren, eta oraingoan diskrezioari heltzeko hautua egina zuten euskal ordezkariek. Parisek berak filtratu berri du presoak gerturatzen hasiko dela. Aurrerapauso handia izango da. Badituzte gai gehiago mahai gainean; besteak beste, baldintzapeko askatasunak ematen hastea.

ETAren armagabetze prozesuaren ondorioa da Frantziako Estatuan presoen alorrean gertatzen ari dena. Desarmatzean Parisek azkenerako «inplikazio tazitua» izan zuen, Mixel Berhokoirigoinek esan ohi duen moduan. Frantzia baldintzatzeko giltzarri izan zen, ETAren borondatea ez ezik, Luhusokoen engaiamendua eta talentua —egoera inarrosteko tekla egokia jotzea—. Baina tamaina bereko garrantzia aitortu behar zaie Ipar Euskal Herriko hautetsiei eta bestelako ordezkari instituzionalei; bereziki, Jean Rene Etxegarairi. Duela urtebetetik da Euskal Elkargoko lehendakaria, eta Txetx Etxeberrik martxoaren 17an ETAren armagabetze osoaren eguna iragarri zuen biharamunean jendaurrean azaldu zuen Etxegaraik bakegileen ondoan egongo zela. Gero, haren konpromisoa eta politikoki mugitzeko dohaina erabakigarria izan zen Bakegileak-Frantzia bidea irekitzeko; martxoaren 20an Pauen bilera egin zuen Bernard Cazeneuve orduko lehen ministroarekin eta Eric Morvanekin, eta handik sei egunera zabaldu zen bi parteen arteko bide zuzena eta iraunkorra, armagabetzea ondo atera zedin. Baita atera ere.

Baina Etxegarairen lana orduan ez zen izan armagabetzeari buruzkoa bakarrik. Euskal presoen auziaz ere egin zuen mugimendurik. Esaterako, oraintxe dela ia urtebete Jean Jacques Urvoas Justizia ministroak kargua hartu zuenean, harekin elkartu zen, jadanik Euskal Elkargoko lehendakaria zela; Urvoas hasi zitzaion esplikatzen presoen dosierrak banakakoak direla, eta Etxegaraik baietz, aztertuko zituztela bana-banako kasuak, baina orokortasunaz ere aritu behar dela, «dosier politiko bat delako». Auzia politikotzat hartua duen seinale.

Etxegarai bera da Parisekin hizketan ari diren Ipar Euskal Herriko ordezkaritzako kideetako bat; alegia, Frantziako Errepublikaren ordezkarietakoa da euskal presoen eskubideen alde ari dena.Modu inteligentean ari ere: diskrezioz, eta, egoerak eskatzen duenean, publikoki ere bai. Estimatzen dute askok. Abenduaren 9an hark Parisko mobilizazioko mintzaldia egin ondotik, Ipar Euskal Herriko militante abertzale ezagun batek aitortu zion bere lehendakaritzat duela, identifikatua sentitzen dela harekin.

Beste euskal ordezkari instituzional goren batzuek diskrezioari eusten diote erabat, ez dute azaltzen justuki zertan ari diren. Badirudi ez direla arriskatzen. Amonarrizek eta Talegonek atzo, manifestazioko hitzaldian: «Estatuak ez dira bakarrik mugitzen, mugiarazi egin behar dira».

Armagabetzearen tankera hartu du honek: ezker abertzaleak pausoak —orain, presoek—, Ipar Euskal Herria bat eginda, Parisen eragin... Korapiloa askatzen hasteko aurreneko zantzuak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.