Albistea entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Autogobernua. Letra txikia ezin gobernatu

Azken bi urteetan suspertu egin da estatus politiko berriari buruzko eztabaida Eusko Legebiltzarrean, baina testu bat onartzeko legealdia izan behar zuena amaitu da, tramitazioa bera abiatu gabe. Ezarri dira zume batzuk, edonola ere.
<b>Autogobernu Lantaldea.</b> Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldearen bilera, urtarrilean.
Autogobernu Lantaldea. Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldearen bilera, urtarrilean. JUANAN RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2020ko ekainak 27

Impasse legealdia: hitz horrekin defini liteke Euskal Autonomia Erkidegoaren estatus politikoa eguneratzeko eta haren autogobernu maila zehazteko arloan azken lau urteetan gertatutakoa. Impasse-a joera orokorra izan da hamarkada osoan, gutxienez azken hamazazpi urteetan zabalik dagoen eztabaida batek ez baitu irtenbiderik aurkitu 2016-2020 legealdian ere, eta estatus politiko berria zedarritzeko eztabaidak oso kontuan hartu behar izan baitu ez soilik barneko testuinguru politikoa, baita ingurukoa ere. Segidan aipatutakoak dira batzuk. Edonola ere, eman dira pausoak azken lau urteetan, eta indar politikoek beren programetan daramatzate autogobernua eguneratzeko asmoak. Gehiengoak josteko legealdia izango da datorrena, beraz.

Ildo horretan,amaitutako legealdiari segida emango diote taldeek euren egitasmoen bidez, hauteskunde programetan idatzi dutenez: EAJk konpromisoa hartu du estatus berriaren testu artikulatuak nazio aitortza, erabakitzeko eskubidea eta Espainiako Estatuarekiko aldebiko harremana jaso ditzan, eta EH Bilduk lege proposamen gisa erregistratuko du Autogobernu Lantaldean aurkeztutako testu artikulatua. Elkarrekin Podemosek, berriz, «argitasun lege» bat sustatuko du.

INGURUKO TESTUINGURUA
Joko zelaia, zabalik

Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren autogobernu maila baldintzatu duten edo baldintzatu dezaketen gauza asko gertatu dira Espainiako sistema politikoan azken lau urteetan. Batetik, Mariano Rajoyren gobernuaren pultsio birzentralizatzailea: PPk, Espainiako Gobernua eta gehiengo absolutua eskuratu zituenetik (2011), eskumenak Madrilen pilatzeko prozesu bat jarri zuen martxan, fronte ugaritan: batetik, gobernuak esku hartuta erkidegoen eskumenekoak ziren gaien inguruan, eta, bestetik, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramanda Eusko Legebiltzarrean onartutako zenbait arau.

PPren joera horri erantsi behar zaio Kataluniako prozesu subiranistak zabaldutako abagunea eta horri Madrilek emandako erantzuna; 2016an Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin zirenetik, Katalunian autodeterminazio erreferendum bat egin zuten; parlamentuak independentzia deklarazio bat onartu zuen; buruzagi politiko eta sozial independentistak espetxeratu zituzten; ehun urteko zigorra ezarri zieten; eta Madrilek Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua ezarri zuen, Kataluniako autogobernua bertan behera utzita.

Horrek guztiak testuinguru bat sortu du, zeinak hiru diagnostiko nagusi sorrarazi baititu euskal politikagintzan. Bat, EAJrena; atertu arte itxaron. Ikusi nola argitzen den estatuaren egituraketari buruz zabalik dagoen eztabaida, argitu zein abagune eskaintzen dituen, eta, erantzuna autoritarioa den bitartean, dagoenari eutsi. Beste bat, EH Bildurena: estatuari bigarren fronte subiranista zabaldu, negoziatzera behartzeko. Azkenik, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek izan dezaketena: lehentasunezkoa da PP Espainiako Gobernutik kentzea, lurraldetasunaz beste parametro batzuetan hitz egin ahal izateko.

BITARTEAN, ESKUMENAK
Estatutua betetzea xede

2018ko ekainean gauzatu zen Rajoyren aurkako zentsura mozioa, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentetzara eraman zuena. Hori horrela, eta EAJ izanik jokaldi horren pieza ezinbestekoetako bat, Gernikako estatutua betetzeko elkarrizketak hasi ziren; 1979ko arauak 40 urte bete zituen iaz, eta Sanchezen gobernuak 2019ko urtarrilerako aurkeztu zuen Jaurlaritzaren esku uzteke falta zitzaizkion 37 eskumenetatik ia guztiak eskualdatzeko egutegi bat. Espainiako Gorteetarako bi hauteskundeek eta COVID-19aren izurriak atzeratu egin dute prozesu hori. EAJk eta PSE-EEk 2016an Jaurlaritzaren gobernu programan berariaz jaso zuten espetxe eskumena eta Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoari buruzkoen transferentzia, eta, alde horretatik, ez dute gobernu programan jasotakoa bete, baina gobernuko bazkideek mahai gainean dute transferentzia horiek lantzeko egutegia.

ESTATUS POLITIKOA
Erabaki eskubidea, gako

Aldagai horiek guztiak mahai gainean zeudela garatu da estatus politiko berriari buruzko eztabaida Eusko Legebiltzarrean. 2001. urtetik dago sortuta legebiltzarrean autogobernu ponentzia bat, baina harrezkero bost legealdi igaro dira talde politikoek Gernikako estatutua eguneratu ezinik. 2012-2016 legealdian zehar hainbat aditu igaro ziren lantaldetik, eta, Elkarrekin Podemos 2016an legebiltzarrera sartu berritan, hark ere beste aditu batzuen agerraldiak proposatzeko aukera izan zuen. Horiek amaituta, edukietan sartzeko tenorea heldu zitzaien talde politikoei.

2018ko udaberrian mamitu zituzten estatus berriaren oinarri eta printzipioak. EAJren eta EH Bilduren babesarekin, lantaldeak adostu zuen Espainiarekiko harremana aldebikoa, berdinen artekoa, elkarrekiko errespetuzkoa eta aitortzazkoa, izaera konfederalekoa» izatea, eta euskal erakundeek gaitasuna izatea «herri galdeketak eta erreferendumak arautzeko eta kudeatzeko, beren eskumenekoak diren gai politiko eta sozialei dagokienez nahiz Euskal Herriko beste herrialde batzuekin, Espainiako Estatuarekin eta Europako eta nazioarteko beste lurralde politiko batzuekin izan nahi duen harremanaz».

Garai berean, erabakitzeko eskubidearen aldeko egitasmo herritarra artikulatu zuen Gure Esku Dago-k; 2016tik herri galdeketak sustatu eta gero —2014tik 2018ko azarora 209 bultzatu zituen—, 175.000 pertsonak 201 kilometroko giza kate bat osatu zuten, Eusko Legebiltzarrera eramateko «erabakitzeko eskubidea erakundetzeko» aldarrikapena. Mezu hori gogorarazi du asteon: «Erabaki eskubidea modu eraginkorrean legeztatzeko legealdia izan behar da datorrena». Zehatzago, «estatus juridiko-politikoa erreferendum bidez erabakitzeko aukera» izatea nahi du.

2018ko urritik aurrera, legebiltzarrak aditu talde baten esku utzi zuen oinarri eta printzipioetan oinarritutako testu artikulatu bat prestatzea. Eztabaida iazko abenduan amaitu zen, adostasunak eta edukiak aldatuta; adituek aurkeztutako testu artikulatu nagusiak EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek proposatutako adituek hitzartutakoa du oinarri, eta erabakitzeko eskubidearen hiru formulazio erregistratu zituzten, bakarrean ados jarri ezinda. Eztabaidak zume horiek izango ditu hurrengo legealdirako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Ernaik deitutako manifestazioa, gaur, Gasteizen. ©Raul Bogajo / Foku

Ertzaintzak Ernaiko zortzi kide atxilotu ditu Bilbon eta Gasteizen

Ainhoa Larretxea Agirre - Paulo Ostolaza

Gazte antolakundeak mobilizazioak egin ditu Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Donostian. Krisia kapitalak ordaintzeko aldarrikatu dute. Bilboko manifestazioaren amaieran gazteen kontra kargatu du Ertzaintzak, eta Gasteizen ere izan dira istiluak. Atxilotuetako bat ospitaleratua izan da.

Euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioa Gasteizen, urtarrilaren 9an. ©Endika Portillo / Foku

Preso bat gerturatuko dute, eta biri sailkapena malgutuko diete

Jon O. Urain

Lexuri Gallastegi Almeriatik Zuerara hurbilduko dute. Gainera, Karlos Apeztegia Iruñeko kartzelatik Martutenekora eramango dute.

 ©JON URBE / FOKU

«Krisia badator, eta inpaktua izango du gazteon bizitzan»

Ainhoa Larretxea Agirre

Gazteak« larrialdi» egoeran daudela salatuko du Ernaik gaur Hegoaldeko lau hiriburuetan. Hernando eledunak nabarmendu du hausnarketa sakona behar dela sistema «eraldatzeko».
Raquel Gonzalez, artxiboko irudian. ©Miguel Toña / EFE

Raquel Gonzalezek jarraituko du Bizkaiko PPren presidentetzan

Berria

Bigarren agintaldia du Gonzalezek PPren Bizkaiko presidente gisa. Egiluz kritikoak ez du nahikoa babes lortu bigarren bozketa egiteko. 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Jon O. Urain

Informazio osagarria