Koronabirusa

Larrialdi egoera luzatzea aztergai Frantziako Asanblean

2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Gaur abiatuko dute Frantziako Asanblean osasun larrialdi egoera luzatzeko Frantziako Gobernuaren lege proiektua. Astea bukatu aitzin onartu behar lukete, maiatzaren 11tik aitzina konfinamendutik ateratzeko koadro juridikoa zehaztua izan dadin.

Astearte gauean bozkatu zuen Frantziako Senatuak, baina aldaketa nagusi batzuk egin zizkion lege proiektuari. Epea lehenik: larrialdi egoera uztailaren 10 arte izanen da —uztailaren 24ra arte luzatu nahi zuen Frantziako Gobernuak—. Horrez gain, konfinamendutik ateratzeari begira «berme» batzuk ezartzea onartu dute.

COVID-19ak kutsatutako gaixoen jarraipenari dagokionez, «informazio sistema» bat sortzea onartu dute, bi baldintzarekin: mediku sekretuaren ezeztapena osasun larrialdiaren epera mugatua izatea, eta birusari lotutako datuak baizik ez ematea. Gai horri buruz Frantziako Gobernuak erabakiak dekretuz hartzeko aukera ukatu dute.

Horrez gain, konfinamendutik ateratzeko neurriak hartu beharko dituzten enplegatzaile eta tokiko hautetsi eta funtzionarioen erantzukizun penala arintzeko neurriak ere onartu ditu Frantziako Senatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.