Vale nikel enpresa Frantziak kudeatzea babestu du FLNKSk

Negoziatu bitartean kontrola Parisek izatea nahi dute Kaledonia Berriko independentistek

Julen Aperribai.
2020ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Brasilgo Vale enpresak Kaledonia Berrian duen nikel ustiategiaren kontrola Ā«denbora batezĀ» Frantziako Estatuak hartzearen alde mintzatu zen atzo Victor Tutugoro FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakako bozeramailea. Tutugororen eta Frantziako Itsasoz Haraindiko ministro Sebastien Lecornuren arteko bilera baten berri eman zuen Le Monde egunkariak duela egun batzuk. Nikel enpresaren harira Kaledonia Berrian azken asteetan sortu den tentsio giroa baretzeko asmoz elkartzekoak ziren bi agintariak. Tutugorok ez zuen bileraren inguruko xehetasunik eman atzo, baina adierazi zuen Parisekin negoziazioetan ari direla eta datozen egunetan bilera gehiago izango dituztela. Vale enpresak abendu erdialdean iragarri zuen nikel planta Prony Resources partzuergoari salduko ziola, eta espero liteke FLNKS negoziazioetan erabaki hori aldarazten edo atzeratzen aritzea.

Loialistek eta Frantziako Gobernuak hasieratik babestu dute Prony Resourcesen eskaintza, eta Paris prest egongo litzateke finantzazioaren zati bat jartzeko. Kanak indigenek kudeatutako Sofinor kooperatibak ere egina zuen eskaintza bat, baina atzera bota zuen Valek. Horrek kanak indigenen eta independentisten protestak eragin zituen, eta areagotu egin ziren gerora, Valek enpresa eroslea zein zen publiko egin zuenean. Nikel plantaren aurkako sabotaje ekintza bat ere izan zen, duela astebete. Protestariek kalte materialak eragin zituzten, eta planta ebakuatu behar izan zuten.

Herrialdeko diru iturri nagusiena da nikela, turismoarekin batera, eta baliabide hori ustiatzen duen planta handienaren salerosketak areagotu egin du loialisten eta independentisten arteko gatazka. Frantziaren mendeko uhartea da Kaledonia Berria, eta bi independentzia erreferendum egin dituzte azken bi urteetan: 2018an eta aurtengo urrian. Frantzian jarraitzearen aldekoak gailendu dira bi kasuetan, baina aldea txikitu zuten independentistek urrian egindakoan.

1998ko Noumeako akordioak hirugarren erreferenduma egiteko aukera ematen du, eta hala egingo dute 2022an Kaledonia Berriko Kongresuaren heren batek horren alde egiten badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.