Albistea entzun

Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena. ANALISIA

Marketina, eta gero, mus partida

Santos Cerdan, Pedro Sanchez eta Maria Txibite, Iruñean.
Santos Cerdan, Pedro Sanchez eta Maria Txibite, Iruñean. JESUS DIGES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2019ko ekainak 1

Ezinbestean, egunerokoaren arrapaladan datozen hiru hilei begira jarri dira alderdiak, baina igandeko lurrikara politikoak galdera bat utzi du: Zer gertatu da? Duela lau urte, izar guztiak bata bestearen atzetik jarri ziren, eta karanbola hark —UPNk «ekaitz perfektua» deitu zion— ekarri zuen laukoaren gehiengoa. Gutxigatik izan zen; nahikoa izan da faktore batzuk leheneratzea Nafarroa hainbeste aldatu ez dela ondorioztatzeko. Hiru gaztatxoen Nafarroa itzuli da berriro.

Eskuinean, 2015eko akatsetik ikasi dute—Ciudadanos ez baitzen parlamentuan sartu—, eta aldaketaren aurkako botoa mobilizatu dute, guztira 127.346 boto bilduta. Duela lau urteko emaitzak hobetzeko, hiru alderdik elkartu behar izan dute, eta hala ere, atzeranzko begirada luzatuz gero, pixkanakako gainbehera bat antzematen da: UPNk, PPk eta CDNk 2011n lortutako boto kopurutik (139.679) edo 2007an UPN eta CDNk erdietsikoetatik (153.450) urrun geratu dira. Alderantziz, bi koalizio abertzaleek inoizko emaitzarik onenak eskuratu dituzte (110.959), baina erakundeetako kudeaketa ez da nahikoa izan goranzko joera azkartzeko. Ezker estatalistaren eremuan, berriro PSN da jaun eta jabe, eta, iraganean bezala, hark markatuko du norabidea.

Hain zuzen ere, Ahal Dugu-ren ustekabeko agerpena funtsezkoa izan zen PSNri ahalmen hori kentzeko. Pablo Iglesiasen Podemosek erakarrita, 46.000 herritarrek konfiantza eman zioten Nafarroan sortu berri zen alderdiari. Lau urte geroago, 30.000 boto galdu dituzte, eta horietatik ia denek (%90) sozialistak babestu dituzte, batik bat Pedro Sanchezen proiektuak erakarrita. Nafarroako barne krisiak eta urtebete luzez parlamentuan ahotsik gabe geratzeak Ahal Dugu higatu du, baina Espainiako emaitzei begiratu besterik ez dago krisia sakonagoa dela ondorioztatzeko. Podemosen itsasbeherak eta PSOEren itsasgorak mapa irauli du, baina alderdi morearen kolpea hain izan da handia, ahalmenik gabe utzi baitu sozialistei kontrapisu egiteko... gaur-gaurkoz.

Herritarren marmarra

Espainiako politikak eragin badu ere, ezin da bihurtu eguzkia estaltzen duen hatza. Igandean bertan, Europako bozetan Podemos-IUk 39.636 boto bildu zituen Nafarroan, egun berean bi alderdiek batera jasotakoak baino 12.646 gehiago. Biak batera aurkeztea akatsa izan dela agerian uzteaz gain —eta hori batik bat Ezkerraren erabakia izan zen—, parlamentuko emaitzek aldaketaren aurkako marmarra islatzen dute. Bai, laukoak Navarra Sumak baino 10.000 boto gutxiago eskuratu ditu, baina PSNren aldeko hautuaren atzean aldaketaren aurkako protesta ere badago.

Zergatik ez dira Ezkerra, EH Bildu eta Geroa Bai gai izan Ahal Dugu-ren gainbehera bereganatzeko? Azalpenen bila, 2016ko Ahal Dugu-ren batzar ireki bateko pasadizoa etorri zait gogora. Errepikatzear ziren Espainiako bozetan elkarrekin aurkezteko hautuaren aurrean, makina bat ahots oso kexu mintzo ziren Geroa Baik eta EH Bilduk erakundeetan ezarritako norabidearekin, eta ezezko irmoa eman zuten. Urtebete igarota hurbileko inguruneak hori pentsatzen bazuen, agerian dago lau urte geroago boto emaile askok ez dutela bere egin aldaketaren ildoa.

Laukoak agenda soziala lehenetsi badu ere —errenta bermatua, gutxieneko pentsioen osagarriak eta Barcinaren garaiko murrizketak leheneratzea—, agenda nazionalista nagusitu den inpresioa zabaldu da. Alde batetik, oposizioak ikurrinaren eta euskararen inposizioaren mezua erabili du, eta PSNk bat egin du. Euskararen arloan ausartago jokatu behar zen kritika egin du euskalgintzak, baina igandeko emaitzek berriro nabarmentzen dute euskaldunen eskubideen aldeko diskurtsoak hotz zaizkiola euskararengandik urrun den gizartearen zati handi bati. Iraganeko politikek eta legealdi honetako diskurtsoek min handia eman dute. Igande biharamunean, Navarra Sumako Iñaki Iriartek Euskalerria irratian zioen etorkizunean euskararen gaia giltzarri dela Nafarroako elkarbizitzari begira. Indar posiziotik orain hori esatea oportunismo handiz jokatzea da ere, aurrera begira ezinbestekoa da zarata hori desaktibatzea, bederen ez dezaten euskara etsai gisa ikusi.

Zerga sistemaren inguruan

Bestetik, oposizioaren beste bandera zergen igoera izan da: aldaketak herritarren poltsikoak kraskatu eta enpresak zigortu ditu. PSNk bat egin du kritikarekin, eta zenbait herritarren belarrietara ondo jotzen duen mezu populista bat erabili du: zergak jaitsi eta zerbitzu publikoak hobetu. Asteon bertan, amen taldeek Txibiteri gogorarazi diote 2014tik 2018ra bitarteko amatasun baimenen kenkariak itzultzea promes egin zuela. Emaguzu dagokiguna klasikoa. Ospitale, ikastetxe eta beste funtsezko zerbitzu publikoak finantzatzeaz gain, iraganeko zorrak eta kontu publikoak onbideratu behar izan dira, baina errazagoa da belarria goxatzen duten mezu populistak botatzea erantzukizun partekatuaren pedagogia egitea baino. Eta hori ere bada kezkagarria.

Estrategia hori ikusita, akatsa izan al da arduraz jokatu nahi izatea? Lau urteei begira, ez; eta kanpainara begira, batek daki. Tentazioa egon liteke herritarren hautua gutxiesteko, baina umiltasunez errespetatu behar da erabakia. Arazoa ez da mezua erosi duten herritarrena, boterera ailegatzeko edozer saltzen duten eskaintzena baizik. Auzoko supermerkatuetan apalategietan dauden salgaien modura, politika ere beste produktu salgarri bat da. Beti izan da horrela, baina orain, are gehiago. Arazoen irtenbidea eta proiektuen eraikuntza baino, arerioaren mehatxua eta proposamenen anbiguotasuna nabarmentzen dira. Kanpainako mezuak entzun besterik ez dago. Diskurtsoek indarra galdu dute, leloen mesedetan. Marketinaren garaia amaituta, orain mus partida dator. Horretan ere PSNri proposamenen edukiak baino gehiago inporta dio botere jokoak. Zenbat atera ahalik eta merkeen. Politikaren merkantilizazioa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

PSNk atea itxi dio Mañeru eremu mistoan sartzeari

Berria

Etzi bozkatuko dute proposamena parlamentuan. Alzorrizek esan du ez dela gaiaz «hitz egiteko garaia»
Odon Elorza, 2021eko urtarrilaren 22an egindako agerraldi batean. ©Gorka Rubio / Foku

Odon Elorzak dimisioa eman du diputatu gisa

Jon O. Urain

Donostiako alkate ohiak aitortu du PSOEko zuzendaritzarekin «desadostasunak» saihesteko hartu duela erabakia. 11 urte egin ditu Espainiako Kongresuan.

Onintze Oleaga eta Unai Urruzuno, otsailaren 11ko topaketa aurkezten. ©/ EH Bildu

EH Bilduk jardunaldi munizipalistak egingo ditu otsailaren 11n

Jon O. Urain

Bost erronkaren inguruan ariko dira, eta indar subiranistak saio horrekin abiatuko du udal hauteskundeetako kanpaina.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Ramon Alzorriz, PSNko bozeramailea, Nafarroako Parlamentuan. ©JESUS DIGES / EFE

PSNk atea itxi dio Mañeru eremu mistoan sartzeari

Xabier Martin

Jakina zen Navarra Sumak ezezkoa emango ziola Euskararen Legea aldatzeko proposamenari, eta, orain, PSNk iragarri du harekin batera bozkatuko duela, Mañeru ez dadin sar eremu mistoan.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.