«Inkisizioaren moduan» aritzea leporatu dio Otegik Urkulluri

Kritikatu egin ditu lehendakariak herenegungo omenaldian esandakoak. Erkorekak, berriz, Sorturi egotzi dio «huts egin izanaren» ardura

Iñigo Urkullu, herenegun, Donostiako ekitaldian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
gotzon hermosilla
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Joan den astelehenean ekitaldi bat egin zuten Donostian Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren harira, eta han adierazitakoak hizpide dira oraindik. EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik, Radio Euskadiri egindako adierazpenetan, «Inkisizioaren moduan» aritzea leporatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, eta erantsi du «ezker abertzalea higatzea» beste asmorik ez duela.

Urkulluk «guztiei» dei egin zien «batera» esan dezaten ETAren jarduera «bidegabea» izan zela eta ez zuela inoiz gertatu behar. Otegiren aburuz, ordea, arazoa ez da hori, ezpada Urkulluk «onura politikoa» atera nahi duela, ezker abertzaleari aitorrarazita «berrogei urtez oker» egon dela.

Otegiren ustez, ezker abertzalea izan da «ETAren indarkeria ekuazio politikotik atera duena», eta eragindako mina aitortu du behin baino gehiagotan. «Bizikidetzari ekarpena egin nahi badiote, EAJk onar dezake Ertzaintzak torturatu egin duela, eta PSOEk, berriz, diru bereiziak erabilita soldatapeko hiltzaileak kontratatu zituela jendea hiltzeko», erantsi du Otegik.

«Denen bistan»

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak erantzun die Otegiren adierazpenei. Esan du «denen bistan» egon dela joan den asteleheneko ekitaldian gertatutakoa: «Zoritxarrez, denak ez ginen egon; Sortuk huts egin zuen. Eta hori Sortuk hala erabakita gertatu zen, eta ez lehendakariaren edo Jaurlaritzaren jarrera baten ondorioz».

Erkorekaren esanetan, Jaurlaritzak «lanean» jarraituko du datozen urteetako ekitaldietan indar politiko guztiak egon daitezen, «eta elkarrekin biktimen aldeko eta indarkeriazko adierazpen guztien kontrako mezu argia eman dezagun».

PSE-EEko eledun Jose Antonio Pastorren ere uste du «ulertezina» dela EH Bilduk «uko egitea» aitortzeari ETAren jarduera bidegabea izan zela, eta hori onartzeak ez liokeela inori «kalterik» egingo.

Pastorren iragarri du eskaera egingo duela adierazpen hori ager dadin Eusko Legebiltzarreko Bizikidetza Batzordearen ondorioetan. Etzi du bilera batzordeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.