Irakasle interinoa eta Damokles

Miren Karmele Ikatzeta
2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Historia erreala da. Hogeita bat urte daramatza Lehen Hezkuntzan irakasle interino bezala lanean. Eusko Jaurlaritzak urtero finikitatzen dio kontratua udan, eta ordezkapenen zerrendara aurkeztu behar du irailean beste lanpostu bat lortzeko. Berrogei ikastetxetan eman ditu eskolak, eta gizarteari lagundu dio hiru seme ekarriz. Gurasoek eta ikastetxeek oso ondo baloratu dute haren irakasle lana. Baina behin-behinekoa da, interinoa, segurtasunik gabea lanean. Damoklesen ezpatapean dago.

Ehunka irakasle daude antzeko egoeran Euskal Herrian. Hori alegala da, eta lege-iruzurra da aldikotasunaz abusatzeagatik. Erakundeek badakite, baina ez dute injustizia zuzentzen. Sindikatu gehienak egoera horren jabe dira, baina ahantzita dauzkate irakasle interinoak.

Ematen zaien irtenbide bakarra da lan egindako urte guztiak ahaztea, metatutako meritu guztiak bazterrean uztea, eta plaza-kopuru mugatuko oposizio publikoetara aurkeztea non curriculuma eta irakaskintza-esperientzia ez diren espezifikoki baloratzen, hautagai gazteago eta, seguru aski, probak prestatzeko denbora gehiago izan dutenekin lehiatzeko. Irtenbide iruzurtia eta injustua da.

Zorionez, badago interinoen mugimendu bat laguntza ematen duena oposizioa ez beste irtenbide bat bilatzeko: epaitegietara jotzea. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak, tenporalitatearen abusua ikusirik, ebatzi du Fabio Rossato Italiako irakaskuntzako langilea finko bihurtzea.

Era berean, Europako Batasuneko Agerkari Ofizialak argitaratua du (2018/10/15) EBko Justizia Auzitegiak ebatzi egingo duela ea tenporalitate-abusua sufritzen ari diren enplegatu publikoen lanpostuak OPEetara deitzea europar arautegiari egokituriko irtenbidea ote den.

Europako justizia tenporalitate-abusua pairatzen ari diren interinoen aldeko sententziak kateatuz joan dadin itxaron gabe, Jaurlaritzak kontratu laboralaren bidea ere eskain dezake (unibertsitatean bezala), non lan-esperientzia eta irakaskuntza-praktika baloratuko dituen konkurtso espezifiko baten bitartez, hamar urte baino gehiago daramaten irakasle interinoek beren lanpostua modu finkoan egonkortu ahal izango duten. Eskaria justua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.