Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

EH Bilduk «baldintza duinak» eskatu ditu zahar etxeetarako

Egoitzetako langileentzat gutxienez 1.500 euroko soldata ezarri nahi du, baita egoiliar bakoitzak egunean 120 minutuz behintzat arreta izatea ere

Iriarte eta Agirre, atzoko ekitaldian, Lekeition. MARISOL RAMIREZ. / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
«COVID-19ak biluzikutzi du gure zaintza sistema, eta, batez ere, erresidentziena». Irmo mintzatu zen Jasone Agirre Eusko Legebiltzarrerako EH Biduko Bizkaiko zerrendaburua, Maddalen Iriarte lehendakarigaiarekin Lekeition (Bizkaia) egindako ekitaldian.

Zahar etxeetarako eskaera zehatzak egin zituen Agirrek, langileek eta egoiliarrek baldintza duinak izan ditzaten: 1.500 euroko gutxieneko soldata langileentzat, eta gutxienez 120 minutu izatea egunean egoiliar bakoitzarentzat.

Iriarteren arabera, krisiak «oso agerian» utzi ditu aurretik ere bazeuden gabeziak, eta, haren ustez, EH Bilduk soilik dauzka horiek konpondu ahal izateko proposamenak: «EH Bildu da gabezia horiei erantzunak emateko proposamenak dauzkan alderdi politiko bakarra, eta orain da unea». Iriarteren irudiko,bere alderdia da «denak zaintzeko» aukera bakarra, eta azpimarratu du gobernatzen dutenean erakutsi dutela gaitasuna daukatela herritarrei erantzunak emateko.

Zehazki, zahar etxeez aritu zen Agirre, egungo egoitzen sistema kritikatuz: «Ezin dugu onartu erresidentzia pribatuen eredua, desastre bat izan delako eta delako». Agirrek ohartarazi zuenez, Bizkaiko zahar etxe gehienak pribatuak dira. Haren hitzetan, 600 pertsona hil dira egoitzetan: «Ez dira zenbaki hutsak: pertsonak dira, euren izen-abizenekin». Agirreren irudiko, hori ezin da hartu «naturala» balitz bezala, «ez baita naturala hainbeste jende hiltzea». Gainera, Gipuzkoako eta Bizkaiko egoera jarri zituen aurrez aurre, haren hitzetan, Bizkaiko zahar etxeetan Gipuzkoakoetan dauden langileen erdiak daudelako. «Horrek zer esan nahi du? Edo arreta erdia da, edo lan karga bikoitza».

Ezbaian jarri zituen Agirrek zahar etxeen sistema horren kudeaketaz arduratzen direnak ere. «Konfiantzaz eta erantzukizunaz hitz egiten diguten horiek merkatuen esku utzi dituzte egoitzak: lehenengo negozioa, eta gero osasuna eta pertsonak». Eta baieztapenak egiteaz gain, hainbat galdera ere mahai gainean jarri zituen: «Egoitzetako langileak babestu ez dituzten horiek gure nagusiak zaindu ahalko dituzte?».

Haren esanetan, zahar etxeetako langileek urteak daramatzate lan baldintzak hobetzeko eskatzen, eta galdetu zuen ea horren aurrean «hatz bat ere mugitu ez dutenek» herritarren konfiantza merezi duten: «Erresidentzietako langileek bizitza jokatu dute gure zaharrak zaintzeko, eta horrela eskertuko diegu?».

Publikoaren beharra

Etorkizunera begira ere jarri zen Agirre. Haren hitzetan, orain arte herritarrek zalantzak zituzten zaintzaren bat behar zutenean nora jo jakiteko: «Udalera, aldundira, Jaurlaritzara ala hiruretara? Ez da erraza erantzuten», esan zuen. Azaldu zuenez,lurralde edo herri bakoitzaren araberakoa da hori, eta horri konponbidea jarri nahi diote: «Ez dago gizarte zerbitzuensistema publiko oso bat, eta guk hori eskatzen dugu».

Iriarteren ustez, COVID-19aren krisiak argi utzi du zerbitzu publiko «indartsuen» beharra dagoela: «Hezkuntza indartsua, osasun sistema indartsua, nagusien zaintza indartsua, itun indartsu bat guztiok kalitatezko enplegua izateko eta itun indartsu bat lehen sektorea bultzatzeko». Eta herritarrak bultzatu zituen Agirrek: «Hau gure aitarengatik eta amarengatik egin behar dugu, baina baita guregatik eta gure seme-alabengatik ere, proiektu kolektiboa delako, denen artean egiten dena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.