Erakundeetan alderdi eta herritar guztiak kontuan hartzea: batzarlabel

Patxi Alaña Arrinda eta Angel Bidaurrazaga Vandierdonck
2019ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Udal eta aldundiak datozen lau urteotan nola kudeatuko diren laster ikusten hasiko gara. Azken 40 urte hauetan bezala, gure gobernantza zaharrari eta historiari kasurik egin beharrean, inguruko herrialdeetatik datorkigun sistema «zapalkratikoak» jarraituko duela ematen du. Eta horrela definitzen dugu, ezin baita demokratikoa izan herritar erdien iritzia etengabe kareletik botatzen duen sistema. «Galdu» dutenen baztertze prozesu hori etengabe ikusten da: gobernu batzordetatik kanpo uztea, informaziorik ez ematea, aurrekontuetan eta erabaki guztietan ia ezer ez onartzea...

Edozein gaitan, eta gobernantzan ere bai, noski, hobetu nahi badugu, atzera (historiara) eta alboetara (inguruko lurraldeetara) begiratu behar da, beti dagoelako non ikasi.

Lehendabizi, esan beharra dago foruak galdu arte askok gure gobernantza sistema miresten zutela, herrietan egiten ziren batzarretan herritar guztiek parte hatzen zutelako eta bertan batzar nagusietara joaten ziren «bozeramaileak» aukeratzen zituztelako. Gure antzinako gobernantza sistema miresten zutenen artean Wilhelm Humboldt dugu. Berak zioenez, «sistema foralaezein estatista edo filosofok irudika dezakeen sistemarik hoberena zen muturreko bi gaitz handiak (iraultza eta absolutismoa) ebitatzen zituelako».

Garai hartan herrigintza auzolan, batzar, komunal eta zuzenbide piriniotarraren arabera kudeatzen ziren, eta arbasoek ez zuten lehia modura ikusten, non beti irabazleak eta galtzaileak egon behar diren, elkarlan modura baizik. Beraz, historia handi hori izan duen herria bagara, ez al digu lotsarik ematen gaur egun gauza hoberik ez izatea?

Eta alboetara begiratzen badugu eredu pilo bat dugula esan beharra dago. Suitzan adibidez, urtero erreferendum bat egiten dute, gai nagusietan herritarrek erabakitzeko.

Dena den, hemengo gobernantza eredu onak aipatu behar ditugu. Batetik sistema auzokratikoa kontzejuetan ikusten dugu, denek erantzukizuna eta botoa dituzte eta denek parte hartzen dute. Bestetik, herri txiki askotan, alderdien sistema jarraitu beharrean, herri guztiari begirako hautagaitzak bultzatzen dituzte. Herri handiagoetan, guk dakigula, Gorordo izan zen alkate bakarra, Bilboko Udalaren gobernu batzordean eta kudeaketan alderdi guztiak integratu zituena.

Horregatik guztiagatik, Biltzarrek herritarrei eta eragile politiko eta bestelakoei proposamen hauek egin nahi dizkie:

—Gobernu batzordeetan eta eguneroko kudeaketan alderdi eta hautetsi guztiak integratzea.

—Aurrekontuetan alderdi eta hautetsi guztien proposamenak kontuan hartzea, bakoitzak jaso dituen botoen arabera.

—Gobernantza ireki, garden eta parte-hartzailea bultzatzea.

Helburu horretarako Biltzarrek ziurtagiri bat sortzeko prozesua abian jarri du benetako herritarren partaidetza bermatuko duen sistemara hurbiltzeko. Bertan, udal edo erakunde publiko baten maila neurtu daiteke: informazioa eta gardentasuna, herritarren partaidetza, herritarren erabakimena, funtzionarioak eta langileak zerbitzari publikoak izatea, politikariak bozeramaleak izatea, ondasun komunen eta herritarren babesa eta udal egituratatik haratago joateko aukerak.

Gure sistema zaharretik hartu ahal dugun guztia hartuta, etorkizunerako benetako gobernantza herrikoia sor dezagun!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.