Espainiako Gobernua. Grande Marlaska eta tortura. Ander Maeztu. 2010ean atxilotu eta torturatua

«Ez zuen ezer egin; paso egin zuen; ez zuen zirkinik ere egin»

IDOIA ZABALEATA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
«Amorrua eta ezintasuna». Hori sentitu zuen herenegun Ander Maeztuk (Iruñea, 1986) Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministro izendatu zutela jakitean. Duela zortzi urte aurrez aurre izan zuen: torturak salatu zituen, baina ez zion jaramonik egin. Hain zuzen ere, zortzi urte geroago, auzia ikertzen ari dira Madrilen, eta atzo, Iruñean, auzi mediku batek elkarrizketa egin zion, testigantza aztertzeko eta torturak utzitako arrasto fisiko eta psikologikoak ikertzeko. Ez du itxaropen handirik, dena den.

Operazioa 2010eko urriaren 22an izan zen. Zer gertatu zen?

Atxilotu ninduten gaueko ordu txikietan. Aita herrian zegoen eta amarekin nintzen bakarrik. Atea ireki zuen eta atzerantz ziztu bizian atera zuten. Mehatxuka hasi ziren. Urduri nintzen, ea nola zegoen ama, eta agurtu nuen arte ez nuen etxean ikusi. Atxiloketa osoan egon zitzaizkidan esaka ama gaizki zegoela, ospitalean zegoela eta buruan sartu zidaten nire errua zela. Ez nuenez adierazpena sinatzen, hilko zela esaten zidaten.

Psikologikoki hori gogorra egin zitzaizun?

Bai, ama etengabe ospitaleratu zutela sinetsarazi zidaten, eta horrekin leherrarazi ninduten. Fisikoki, kotxean Madrilera bidean nindoala, haietako batek poltsa aurrean jarri eta esan zidan: «Erantzungo duzu? Poltsa gardena ekarri dizut agonia zer denikus dezazun. Autoa 240 kilometro orduko abiadura doanean poltsa jartzea, garbigailu baten barruan egotea bezala da». Gogorra.

Zein zen euren jarrera?

Ikusten duzu zigorgabetasun osoz aritzen direla. Une batean, euretako bik txanoa kendu zuten, lasai asko: «Badakizu nortzuk garen». Berdin zitzaien. Batek esaten zidan: «Ni naiz zuretzat jainko baten modukoa, nahi badut hiltzen zaitut, nahi badut bizitza hondatuko dizut... Zuk sinatuko duzu hau».

Inkomunikatuta eman zenituen lau egunak nolakoak izan ziren?

Azkenean ez duzu lorik egiten, ez dizute uzten. Uste duzunean lasai zaudela, erdi lo zaudela, sartzen dira eta esnatzen zaituzte. Edotxakur bat banintz bezala botatzen zidaten janaria. Askotan izotzarekin ekartzen zidaten, ezin nuen ezer jan.

Poltsa lau egunez aplikatu zizuten?

Bai, Madrilerako bidean jada hasi ziren eta horrekin jada lehertu ninduten. Ezin nuen sinetsi niri hori egiten ari zitzaizkidanik.

Fernando Grande-Marlaska epailearen aurretik pasa zinenean, zein izan zen bere jarrera?

Nire deklarazio poliziala zuen, eta esan nion hori gezurra zela, tortura psikologiko eta fisikoen ondorioz sinatu nuela. Salaketa jartzeko asmoa aipatu nion. Bota nion poltsarena, bota nion amarena... Berak ez zuen jaramonik ere egin. Paso egin zuen erabat. Ez zuen zirkinik ere egin. Zuzenean espetxera eraman ninduten, eta kito. Niri pertsona batek hori kontatu izan balit, arreta bederen jarriko nuen.

Behin-behineko espetxealdian zenbat denbora eman zenuen? Han jarri zenuen salaketa.

Urte eta erdi. Deklarazioak espetxeratzeko balio izan zien, eta nahi bazuten, beste sarekada batzuk egin ahal zituzten nik aipatutako izen berriak baitzituzten.

Salaketa jarri zenuen espetxean. Zer bilakaera izan du zortzi urteotan?

Auzia ireki eta itxi dute ez dakit zenbat aldiz. Kalean nengoela adibidez, hartu zidaten deklarazioa bideokonferentziaz. Iaz, berriz, bai hartu zieten deklarazioa zazpi poliziari; aurten, berriz, beste bati, eta tartean hartuko zioten auzitegiko medikuari... Hala ere, lauzpabost aldiz itxi dute auzia.

Benetako borondatea nabari duzu oraingoan?

Nik uste dut ezetz. Madrilgo Auzitegia ari da zerbait egiten, Estrasburgok ez dezan gero esan ez dutela ezer egin.

Zer ondorio utzi dizkizu?

Oraintxe ondo nago. Terapiak eta lagunek lagundu digute niri eta beste askori. Bere garaian, bai mugatzen zaituzte. Errudun sentitzen nintzen ikusten bainuen lagun eta kide asko nik sinatutakoagatik atxilotu ahal zituztela, edo familiakoak eta kuadrillakoak sufritzen ikusten nituen. Inkomunikatuta atxilotuta egon nintzen denbora guztian esaten zidaten nire errua zela, eta horri buelta ematea kostatu zait. Nahiko errudun sentitu izan naiz eta mesfidantza nabaritu dut. Eta beldurra. Kalean edozein polizia edo furgoneta ikustean, bihotza ziztu bizian jartzen zitzaidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.