Katalunia. Elkarrizketa. Carles Riera. CUPeko diputatua

«JxCren eta ERCren joera izan da logika autonomistari men egitea»

Puigdemont telematikoki inbestitzeko legea aldatzen saiatu aurretik irtenbidea aurrera egitea dela dio. «Errepresioa onartzea dakar». Bloke errepublikanoak, baina, «ziurrenik» ez duela desobedituko uste du.
ANDREU DALMAU / EFE

Igor Susaeta -

2018ko apirilak 26
Legebiltzarreko legegintzaldi berrian bi egoera aurreikusten ditu Carles Riera CUPen lau diputatuetako batek (Bartzelona, 1960). Batetik, «pragmatismo autonomista», nagusitzea. «Kasu horretan oposizioan geundeke, baina eztabaidarako irekita». Eta bestetik, aldebakartasunaren bidea ibiltzea, errepublika eraikitzen hastea. «Ahalegin betean arituko gara». Eta zerrendatu du zer indartu beharko litzatekeen horretarako: «Parlamentuaren subiranotasuna, aldebakartasuna, herri mobilizazioak, borroka antirrepresiboa, eta nazioartekotzea». Lehen pausoa litzateke, halere, Carles Puigdemont presidente kargugabetua inbestitzea, JxC Junts Per Catalunyak hauspotutako Presidentetza Legea erreformatuz.

Presidentetza Legea aldatzekotan da legebiltzarra, Carles Puigdemont telematikoki inbestitzeko asmoarekin. Puigdemont telematikoki inbestitzeko saioa zegoen deituta urtarrilaren 30erako, baina Roger Torrent Parlamentuko presidenteak (ERC) bertan behera utzi zuen, estatuaren erreakzioaren beldur zelako. Zer arrazoi daude orain saioa egongo dela pentsatzeko?

Gure ikuspuntutik, inbestidurak berak subiranotasun nazionalaren ekintza bat izan behar du. Torrentek atzera egin zuen azken orduan, estatuaren instituzioei men eginez. Ados ez geundela adierazi genuen, ikusi delako aurrera egin beharrean atzera egin edo geldi geratzen bagara, estatuaren errepresiok gora egiten duela, haren ahalduntzeak bezala. Aukera berri bat dugu orain. Guk, noski, babesten dugu Presidentetza Legearen erreforma, legebiltzarraren subiranotasuna ahalbidetzen duten ekintzak onak direla iruditzen zaigulako.

Baina aurrekariak kontuan hartuta, oso litekeena da Madrilek erreformari helegitea jartzea Konstituzionalean, eta aldaketa bertan behera geratzea.

Bai, estatuak eskura duen guztia egingo du aldaketa oztopatzeko edo bertan behera uzteko, finean Puigdemonten inbestitua ez izateko. Hori gertatzen bada, guk planteatuko duguna da, legalitateen eta legitimitateen gatazkan parlamentuak estatuari desobedi diezaiola, herriaren borondate demokratikoa gailendu beharko litzateke eta.

Ez dirudi JxC eta ERC horretarako prest daudenik.

Badakigu ez dela erraza, ondorio errepresiboak edukiko lituzkeelako, kasu honetan Torrentengan. Baina estatuarekin dugun borroka demokratikoan, irtenbide bakarra aurrera egitea da, eta horrek errepresioa onartzea dakar. Horregatik gaude Parlamentuko Mahaiko kide izateko prest, erantzukizun eta ondorio guztiak onartuz. Beraz, gure ustez, egin beharko litzatekeena da aldebakarreko bidea hartu, eta, oztopoak oztopo, Puigdemont inbestitu.

Hori bai, egia da abenduaren 21etik hona ikusi dugula bloke errepublikanoaren joera izan dela logika autonomistari men egitea —gehiago ERCren aldetik—, aldebakarreko bidea saihestea. Kezkatuta gaude horregatik.

Errepresioa onartuz, Mahaiko kide izatea eskaini diezue JxCri eta ERCri. Zer erantzun dizuete?

Ezer ez, ez publikoki ez pribatuan.

Eta nola interpretatu duzue isiltasun hori?

Pentsatzen dut CUP aliatu deserosoa dela alde horretatik, ez delako txeke zuri bat. Aurrera egin nahi dugu, eta pentsatzen dut horrek tentsioa eta deserosotasuna eragin ditzakeela. Haien ahalegina da bai Mahaian, bai gobernuan eta baita parlamentuan ere gu ahalik eta baztergarrienak izatea. Uste dut ez digutela erantzun, desobedientzia egoera batean konpromiso eta inplikazio handiagoak saihesteko.

ERC eta PDeCAT inbestidura «eraginkor» bat eskatzen ari dira. Madrilen jarrera aintzat hartuta, ideia hori ezin da erlazionatu Puigdemont inbestitu nahi izatearekin.

Hori da. Puigdemont da, gaur egun, JxCren hautagaia, eta ERCri erronka bat eta zailtasun bat sorrarazten dizkio horrek. Diskurtsiboki behintzat, Puigdemonten inbestidurarekin hasiz estatuarekin daukagun pultsuari eustearen aldekoa da JxC.

Presidentetza Legearen erreforma pultsu horri eusteko da, batez ere?

Guk nahiko genukeena da erreforma bideratzea inbestidura indar legal handiagoarekin egin ahal izateko. Baina JxCk diskurtso bat duen arren, batzuek zein besteek, inbestidura hori eraginkorra ez bada, edo horretarako desobedientzia beharrezkoa bada, ziurrenik eraman nahiko gaituzte inbestidura eraginkor batera, esparru juridiko politiko espainolera egokituz.

JxCren eta ERCren gobernu programa «autonomista» dela pentsatu arren, zergatik babestuko luke CUPek Puigdemonten inbestidura?

Esan beharra dago joan den urtarrilaren 30ean, Puigdemont inbestitzekotan geundenean, lortuak genituela inbestidura akordio batzuk, zeinak bertan behera geratu ziren orduan; eta oraindik ez diegu berriro heldu. Zergatik? Gero topo egin dugulako JxCk eta ERCk adostutako gobernu programa batekin, zeinak zenbait aspektutan urardotzen edo diluitzen dituen urtarrilaren 30erako lortutako akordioak. Baina testuinguru honetan, bereizten ditugu inbestidura unea eta gobernuaren ekintza. Beraz, bilatu behar dena da ematen dugun pauso bakoitza logika errepublikanoen ematea, ez autonomistan. Alde horretatik, legebiltzarraren herri subiranotasunari obeditzen dion inbestidura, oinarrizko aurrerapausoa da. Puigdemontek hori ordezkatzen du, ez baita estatuaren eta epailetzaren neurrira egindako hautagai bat.

Antoni Cominek (ERC) eta Elsa Artadik (JxC) azken orduetan esan dute ez direla hauteskundeak errepikatzearen beldur, baina Sergi Sabriarentzat (ERC), ordea, «desastre» bat litzateke.

Ezin da agertoki hori baztertu, baina ez litzateke desiragarriena, abenduaren 21eko agindua oso argia izan baitzen. Hauteskundeetara joan behar bada, joango gara. Gainera, aldakorrak diren arren, inkesta guztiek diote gehiengo independentista berretsiko luketeela bozek, eta CUPek emaitza hobea lortuko lukeela.

Eta zergatik egin daitezke hauteskundeak berriro? Ez delako adostasun bat lortu presidentegai baten bueltan? Estatuak oztopoak jar diezazkiokeelako edozein hautagaitzari?

Aukeretako bat da Puigdemontek eta JxCk kontsideratzea, hainbat arrazoi direla medio, hauteskundeetara joatea. Beste aukera litzateke estatuak inbestidura bati ate guztiak ixtea hautagaiak baliogabetuz, eta bozak behartzea.

Estatuak azken aukera hori gauzatu nahiko luke?

Bere diskurtsoak kontrakoa dio, ahalik eta azkarrena ezarri nahi duela egonkortasuna. Ikusi beharko da Ciudadanosek zein paper jokatzen duen. Ea bat egiten duen lerro egonkortzaileago horrekin, edo PPrekin duen konfrontazioagatik konfrontazioari eusten dion. Baina estatuan eta bere inguruan ez da antzematen bozak behartzeko asmorik.

Errepublika eraikiz joateko, kaleko ekintza ez-biolentoak defendatu izan dituzue. Borroka hori epe ertain-luzera aurrera eramateko nahikoa oinarri sozialik ba al dago Katalunian?

Epe ertain-luzerako gatazka da independentziaren eta errepublikaren gauzatze eraginkorra, zalantzarik gabe. Pausoak emango dira aurrera, beste batzuk atzera, baina ea gehiago diren aurrerantz emandakoak. Azkenean irtenbide egonkorrago bat emango zaio nazioarteko marko baten itunean.

Baina oraingoz ez dirudi EB Europako Batasuna horretarako prest dagoenik...

Oraintxe bertan ez dugu gehiegizko itxaropenik Europako Batasunean, baina iruditzen zaigu Espainiako Estatua, bere noraeza antidemokratikoan eta despotikoan, ba kritikatua, deslegitimua, zalantzan jarria izaten hasi dela nolabait, eta horrek bere estrategia higatzen duela. Kontrara, gurekiko sinpatiak eta legitimazioak geroz eta handiagoak dira. Hortaz, neurrian, baina baikorrak gara.

Baina instituzioetan baino itxaropen askoz ere handiagoa dugu herri mobilizazioetan. Higadura gorabehera, mugimendua bizirik dago. Esango nuke jendea eusteko prest dagoela. Egia da orain neke apur bat nabaritzen dela, baina batez ere instituzioek eta alderdiek eragin diegun etsipenarengatik. Erantzukizun handia dugu, eta inteligentziaz jokatu behar dugu, ezin diegulako jendearen espektatiba horiei hutsik egin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna