Koronabirusa

Begirada bat izurri osteko herriari

Telesforo Monzon laborategiak liburu bat argitaratu du COVID-19aren pandemiaren erronkez

Urko Aiartza eta Iratxe Esnaola, atzo, liburuaren aurkezpenean. ELKAR.
jon olano
2020ko urriaren 7a
00:00
Entzun
COVID-19aren izurria nola eragiten ari zaio Euskal Herriari ekonomiaren, hizkuntzaren, hezkuntzaren, lurralde kohesioaren, digitalizazioaren eta abarren arloetan? Zeintzuk izango dira herriaren erronkak birusaren osteko agertokian? Galdera horiei erantzun nahi izan die Telesforo Monzon Euskal Herrigintza laborategiak COVID-19: eta ondoren zer? Gogoeta bat Euskal Herritik liburuan. Elkar argitaletxearekin elkarlanean argitaratu dute.

Lana atzo aurkeztu zuten, baina proiektuari konfinamendua hasi eta astebetera eman zioten forma, Iratxe Esnaola Olaso Dorrea fundazioko presidente eta laborategiko koordinatzaileak azaldu zuenez: «Ordurako hautematen zen COVID-19ak hurrengo hilabete eta urteetako dinamika politiko, ekonomiko eta soziala aldatuko zuela». Esnaolaren esanetan, horrek hamaika gogoeta eragin ditu nazioartean, eta horiek «Euskal Herrira ekarri» nahi izan zituzten: «Laborategiaren asmoa izan zen etorriko zenaren gainean gogoetatzeko gune bat irekitzea, jakinik [egileek] ez zekitela egoera zenbat luzatuko zen eta bakoitzak bere begirada propiotik landuko zuela».

292 orrialdetan, askotariko gaiak lantzen dituzten artikuluak idatzi dituzte hainbat egilek. Besteak beste, ongizate estatuaren krisiaz mintzo da Gemma Zabaleta Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailburu ohia, «normal berriaz» Garazi Goia Telekomunikazio Ingeniaritzan lizentziatua, «euskal nazio algoritmikoaz» Igor Kaltzada Oxfordeko Unibertsitateko ikerlaria, turismoaz Nekane Alzua Deustuko Unibertsitateko irakaslea, burujabetzez David Lannes eta Nicolas Goñi Bizi-ko kideak, lurralde kohesioaz Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzailea eta euskaraz Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia. Horiekin batera, badira nazioarteko ikuspegi batzuk ere: esaterako, Txinaren rolaz eta COVID-19aren elementu «katalizatzaileaz» idatzi du Shaun Riordan Nazioarteko Ikasketen Europako Institutuko Diplomazia eta Geopolitika Katedraren zuzendariak, eta Europako Batasunaz Duroyan Fertl analista politiko eta Sinn Feinen Europako Parlamentuko aholkulari ohiak.

Hori bera nabarmendu zuen Esnaolak aurkezpenean: egoera globalari eta gai jakinei buruzko gogoetak uztartzen dituela liburuak, iritzi «kualifikatuen» ekarpenak jasota: «Gogoeta honen azken helburua da gure ekarpena egitea COVID-19aren osteko etorkizunari buruzko arnasa luzeko eztabaidari».

Liburuak koronabirusaren izurria darama izenburuan, baina «asmo zabalagoko» gogoetak eta «zerumuga anbiziotsuagoa» dituen lana da, Alaitz Aizpuru Elkar argitaletxeko editorearen esanetan: «Inor aspertu samar egon daitekeen arren COVID-19az, barruan dagoena askoz harago doa, eta egiten den ekarpena oso inportantea da aurrera begira». Gainera, artikuluak udaberrian idatzi baziren ere, Aizpuruk nabarmendu zuen «denboraren joanari oso ondo eutsi» diotela, «gogoetak harago doazelako; sakontasun handiagoa» dutelako: «Pentsa liteke iraungitze data bat izan dezaketela; momentuko testuinguruan presaka eta ondo kokatu gabeko artikuluak direla. Ez da hori kasua. Artikuluek gaurkotasun handiz eusten diote».

Joeren «azkartzea»

Artikuluak irakurgai zeuden lehendik ere laborategiaren webgunean, eta, horiek eremu askotarikoak izanagatik, ondorio bat nabarmendu zuen Urko Aiartza Olaso Dorrea fundazioko zuzendariak: «lehendik zetozen joera batzuen azkartze bat» eragin du COVID-19aren izurriak. Adibide gisa jarri zituen liburuan hezkuntzaren inguruan jasotzen diren hausnarketak; besteak beste, ondorioztatu baitute egungo hezkuntza eredua «agortuta» dagoela.

Aiartzaren arabera, ordea, liburuak badu «hari bat» kapituluetan aletzen diren zailtasun guztien artean: zeintzuk diren Euskal Herriaren «indarguneak» egungo egoerari aurre egiteko. Horietako bat dira «herri gisako balioak»: «Aitortzen da balio sistema partekatu bat dugula: egoera berrietara egokitzeko gaitasuna, auzolana... Ikusi dugu kooperatibetan, euskalgintzan». Beste indargune nagusia da Euskal Herriak «ekinbidea» izan duela, Aiartzaren hitzetan: «Ikastolak eraiki ditugu, kutxak, egunkari bat... Ekinbidean gara adituak. Indargune handi bat dugu: giza kapitala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.