HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Alizia herrialde miresgarrian'

Alice Alizia bihurtu zenekoa

2015eko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Idazlea: Lewis Carroll. Ilustratzailea: Jon Tenniel. Itzultzailea: Manu Lopez Gaseni. Argitaletxea: Pamiela.

Sei argitalpen daude nola-halako ahalegin txukuna egin dutenak obra hau euskarara ekartzeko. Nik dakidala, 1968an Imanol Berriatuaren itzulpena izan zen lehena, La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxearen eskutik, Alizia gauza miragarrien munduan izenburuarekin. Bigarrena Jose Maria Satrustegik egina da, Montserrateko abadetxearen babespean, 1974an, Alizia izenburuarekin, eta 34 orrialde eskasetan. Laburpen bat izan zela pentsatzekoa da, agian Carrollek The Nursery Alice izenburuarekin kaleratu zuen laburpenaren itzulpena.

Urte gutxi batzuk geroago, 1979an, lehen edizio txukuna iritsi zitzaigun Lur argitaletxearen babespean, Alizia herrialde harrigarrian izenburuarekin. Xabier Egaña izan zen ilustratzailea, eta Cruz Mujika Arbizu itzultzailea. Hordago bilduma guztiz gogoangarrian argitaratu zuten, London, Salgari, Twain eta enparau idazle ezinbestekoen obrekin batera, poltsikoko edizioetan. Argitalpen horrek izan zuen berrargitalpen bat, 2000. urtean, Hiria argitaletxearen eskutik, baina edizio «estrainioa» da, ez baitu aitortzen iturria zein den, nahiz eta testua literalki fusilatua eman. Hori bai, izenburua apur bat aldatu zioten Hiriakoek: Alizia lurralde harrigarrian.

Itzulpen kanonikoa hamar urte geroago iritsi zen, 1989an, Manu Lopez Gaseniren eskutik Aliceren abenturak lurralde miresgarrian izenburuarekin, Pamiela argitaletxearen babesean. Kanoniko adjektiboa erantsi diot bertsio horri, itzultzaileak ahalegin izugarria egin zuelako testu originala fidelki errespetatzen, eta, aldi berean, euskara jaso eta txukun batera iraultzen. Pamiela etxeak ere bere onena eman zuen argitalpena mimo handiz osatzeko: liburua tamaina handikoa da, tapa gogorrekoa; Erramun Landaren azala artelan bat da, eta barruko ilustrazioak, jatorrizko argitalpenarenak, John Tenniel-enak.

Azken argitalpena oraintsu iritsi zaigu, eta zinez aurrekoa hobetzera datorrela iruditu zait. Aurrekoan bezala, Lopez Gaseni aritu da itzultzaile lanetan, eta testua berriz eraiki du goitik behera. Aurreko edizioak jatorrizkoarekiko fideltasun muturrekoan erakusten zituen ulermen zailtasunak ezabatzen ahalegindu da, eta testu askoz eskuragarriago bat eskaini digu. Oro har idazki ulergarriago bat osatu du, sintaxi zailtasunak leunduz eta esaldi askoz arinagoak erabiliz. Lexikoa ere samurtu du, nahiz eta kultismoetarako joera agertzen duen, tarteka (Orain: «eskifaia alegera»; lehen: «tripulazio alaia»). Kultur erreferentziak euskaldundu ditu eta asmatu duelakoan nago, irakurketan gozatu handia hartu baitut halakoekin. Pamielakoek, euren aldetik, koloreztatu egin dituzte ilustrazioak, eta horretan ere hobekuntza dagoela iruditu zait.

Ikusten duzue, erabat hunkituta nago, gogoz eta ozen esateko uda honetan ez ezazuela gal Alizia herrialde miresgarrian!; ozen irakur iezaiozue zuen haurrari, oparitu zuen gaztetxoei, eta gozatu. Ez zaizue damutuko!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.