Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi Perlak

Apokalipsirik ederrena

Beñat Eizagirre Indo.
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
'Beasts of the Southern Wild'

Zuzendaria: Benh Zeitlin.

Herrialdea: AEB.

Iraupena: 92 minutu.

Benh Zeitlin zuzendari gazteak ezustekoa ematea lortu zuen Sundancen eta Cannesen. Sundancen garaile izan ostean, Cannesen Urrezko Kamera erdietsi zuen, eta, orain, Donostian aurkeztu du Beasts of the Southern Wild opera prima bikaina. Hain da ikusgarri eta indartsua, zaila da sinesten honako hau lehenengo luzea duenik. Antza denez, Quentin Tarantino bezala zuzendari jaiotzen direnak ere badira, eta Zeitlin horietako bat dela ez dago zalantzarik. Era guztietako egoera apokaliptikoak irudikatu izan dira pantailan, baina film honen originaltasunak eta zintzotasunak ez du parekorik. Gainera, aktore ez-profesionalen parte hartzeak sekulako indarra ematen dio munduaren amaiera zuzenean kontatzen duen maisulanari. Apokalipsia aspaldian iritsi da guregana, kontua da pantailez inguraturik bizi garenontzat zaila dela errealitatea eta fikzioa bereiztea. Egungo gizartearen kritika zorrotza egiteaz gain, ikuskizuna ziurtatuta dago. Quvenzhane Wallis neskatoaren antzezpena, esaterako, txapela kentzeko modukoa da. Basati onaren mitoaren bertsio gaurkotua kontsidera daiteke, eta garapenaren ideia zalantzan ipini nahi du Louisianako dikearen bestaldean bizi diren primitiboen esperientzia ezagutaraziz. Iraganeko urrezko aroaren istorioa berreskuratu nahi izan du. Sahlins antropologoak zioenez, nekazaritzak ez zuen inolako iraultzarik ekarri; izatekotan, esklabotzarako lehen urratsa baino ez zen izan. Ehiztari eta biltzaileak primeran bizi zirela argudiatu zuen. Egileak naturarekin eta gure benetako bizimoduarekin bat egitera gonbidatzen gaitu. Eszena jakin batzuek oilo ipurdia jartzen dizute. Ikaragarria benetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.