Bortüan Ahüzki hantxe Tologorri»... Zuberoako kantua ezaguna dugu, DNAn kasik, baina Arabako Tologorri ez dago kantuan, maluruski. Hura non ote dagoen nork ezagutuko du, ur muga honen iparreko ixurian? Hau dugu koska (bat) herri jator goxo eta p. hontan... Geografia guretzat haurtzaroan, Euskal Herrikoa, Frantziaren eta Espainiaren arteko muga-marra bihurri misteriotsu hortan zetzan. Jakin gabe Gorbeia aldeko ur tanta hura, hegoak bultzaturik, Kantauri itsasoan galtzen zela, gure etxe gibeleko Uhaitzandiko ura bezala. Biak han batzen ziren eta nik ez jakin! Irati aldeko Bizkarze olhan nenbilelarik Johañe artzain lagun kantariarekin, bai orduan ikastaldi polita ere egin nuen: freskatzen gintuen iturriko urak Ibarrondon behera, Orhi gibeletik, xume baina erabakia, Ebrora zihoala; beraz, Mediterraneora!
Muga bat dago, eta ura beste bat. Mugak bere legea dauka, hori ontsa dakigu. Ongi konpreniarazi digute gu non geunden, non garen; eta non izanen ere, beldurra dut. Legearen ozenez, eta kontakizunaren isilez, gure frantseskolan, Euskal Herriko mapa hark bazuen espazio xuri hutsa, hizki soil batzuez belzturik: E-S-P-A-G-N-E. Bagenuen alta zerbait irudi buruan, «Espainiako» Larhuneko bentetarik itzultzen ginelarik udalekuan, kriskitinak erosiak, flamenko dantzari koloretsuaz apaindua, edo Ricard botila bizkar zorroan gordea, «elaborado en España»...
Muga bai, baina urik ez gure kontzientzia zerbait pizteko... XX. mende hastean ere bazetozen naiaka «espainolak», Mauleko espartingintzako fabriketan beso egitera. Haietarik ere zeuden Izabakoak, Burgikoak, beren euskara askaziarekin. Onki xinik ez zuten lehen agurretik gozatzen, immigranteak baitziren alabaina, aski badakigu orain de visu ikusten dugunean zer batzarri, zer harrera egiten diegun, Mediterraneoko edo Bidasoko uretan. Baina gure «espagnol» hauek integratu ziren, XXI. mende nahasi hontan frantses baino frantsesago agertzeko hemen, deituraz eta izanaz euskaldun petoak izanik. Migrazio kontuetan batzuetan «azkenak atea ixten du» entzun nuen behin... Ur txirripa batean aski da euri erauntsi bat dena urdintzeko, baina erreka itzultzen da bereari gero, denboraren legez; gu, aldiz, urdin geratu ginen (eta xuri eta gorri)…
Legea eta ura. Legeak ere bere mugak ditu behar ere, urak ezin hobeki daki. Edo bost axola zaio azkenean. Txirripa iturri begian, turrusta beherago, jauzi eta hiru Arabako Lamiosinen edo berdin Oztibarreko Laminosinen Nafarroa Beherean, ibaietan gatzatu, eta Mar Granan gazitu, gaskoiek dioten bezala. Baina gauza bat du jasangaitz urak: bidean aurkitzen dituen trabak, lurpeko hodiak, haren hezteko eginak oro. Orduan bai kexatzen da, zirrikitu aurkitzen, bidetik ateratzen, hots, bereari jarraitzen. Gure eskolako mapa famatu hortan ere bazegoen zirrikitu, eta ez edozein: «Ibañetako lepoa», alabaina! Eta suertez, kantuz sartu ginen hortarik. Eskerrak Etxahun Iruri, barkatu, Etxahun Iturri ondoan genuela, bere kantu eta koblez euskal uraren freskoa gozatu baikenuen. «Hondarribia ta Donostia, ere baiBilbao…». Kantatu, ibili ere, xirula edo pastoral makila eskuan...
Orain geolokalizazioarekin, atzeman genezake Ikea denda bat Baionan edo Dubain, baina guk ur muga eta Urmugari esker, aurki dezakeguna dugu geo-birlokalizazioa, gure etxean, Ahüzkin edo berdin Tologorrin.
IRITZIA
Geografia, ura, muga
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu