Dani Alvarez. Kazetaria

«EITBren erreforma zenbat eta bizkorrago egin, are hobeto»

Amaia Azkueren auzia izango da 'El lector de huesos'-en denboraldiko azkenekoa, bihar. Hilaren 18an, saio berezi bat emango dute. Alvarezek dio iritziak «oso onak» izan direla.

EITB.
urtzi urkizu
2016ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Radio Euskadiko goizak gidatzen bederatzigarren urtez jarraian ari da Dani Alvarez (Coruña, Galizia, 1977). ETB2rako «gustura» aritu da. K2000 ekoizpen etxea eta ETB negoziatzen ari dira, El lector de huesos saioaren atal berriak egin ala ez erabakitzeko.

Zer balantze egiten duzu El lector de huesos saioaren aurreneko denboraldiaz?

Oso pozik nago. Ikusle datu hobeak espero genituen, baina igande gauetan konpetentzia oso gogorra da. Herri txiki, infernu handi aldi berean ematea kaltegarria da haientzat eta guretzat, publikoa ia berbera baita. Baina ikusle datuez harago, jaso ditugun iritzi guztiak oso onak izan dira. Euskal Telebistarentzat aurrerapauso bat izan da El lector de huesos.

Auzitegi zientzia beste modu batean ikusten duzu orain?

Unibertsitate arloan, Poliziarenean eta auzi medikuen arloan jende askok egiten duen lana ezustekoa izan da niretzat. Gauza harrigarriak egiten dituzte, eta horietako asko jendeak ez zituen ezagutzen saioa emititu aurretik. Modu didaktikoan aritu gara.

Francisco Etxeberriak zertan harritu zaitu gehien?

Haren arlo pertsonala ezagutzea falta zitzaidan. Tokietara iristen beti da lehena, ikusi dut nola ematen duen dena lanean. Pertsona konprometitua da egiten duen guztiarekin. Jendeari gauzak erakusten ere ahalegin handiak egiten ditu.

Etxeberriarentzat eta zuretzat nola izan da kamera aurrean antzezpen modukoak egitea?

Hori zen argitu beharreko galderetako bat. Ohiko erreportajeetatik teatralizazio puntu bat duen saiora pasatu gara. Rol bat jokatu behar genuen biok. Baina lantaldeak asko zaindu ditu irudiak, eta oreka bat lortu da. Zenbaitek pentsatzen zuten horikerian eror gintezkeela, baina erakutsi dugu ez dela hala izan. Formatu berritzaile bat egin dugu, gainera.

Bretonen auziaren atalak eta Lasa eta Zabalarenak ikusle datu oso onak lortu zituzten. Bereziak izan ziren, ezta?

Etxeberriaren ibilbidean, eta bere bizitzan ere bai, garrantzi handiena izan duten auziak dira. Ospetsu bihurtu zuten. Protagonista egokiak lortzen ahalegin berezia egin genuen, lekukotzak Etxeberriak bizi izan zuenaren mailan egon zitezen.

1936ko gerrako hobiei buruzko atala jende gutxik ikusi zuen. Halako gehiago egin daitezke?

Akordioa lortzen bada atal gehiago egiteko, pentsatu beharko genuke zer gelditu zaigun sartu gabe. 1936ko hobiena beste modu batean kontatu genuen, sentiberatasun bereziarekin.

Bihar Amaia Azkueren hilketaz ariko zarete.

Saio indartsua izango da, ikerketa oso ona izan baitzen. Auzitegi zientziaren aldetik ere intereseko gauzak azalduko dira.

Telebistatik irratira pasatuz, Xabier Lasa BERRIAko kritikariak idatzi zuen Altsasuko auzian (Nafarroa) bertsio ofizialari gehiegi lerrokatu zinetela Boulevard-en. Zer duzu esateko?

Altsasukoan irrist egin genuen? Agian, bai. Nik nahi nuen saio bat Altsasun egin, baina ez da posible izan. Baliabide gehiago izatea gustatuko litzaidake. Ezin izan nuen kazetari bat Altsasura bidali, eta baliabide murritzekin gabiltza. Beste egoera askorekin ere gertatzen zaigu. Kritikak badaude, horiek aztertu eta gaizki egindakoa zuzendu behar da.

Radio Euskadiko tertulietan ez al da gailentzen Espainiako agenda Euskal Herrikoaren aldean?

Espainiako agendak eragin handia izan du euskal alderdi politikoetan azkeneko bi urteetan. Ez dago alderdirik berritasunik proposatzen duenik, ez bakean eta elkarbizitzan, ez ekonomiari eta autogobernuari dagokionez. Pultsua baxua da. Erabakietan ere ez dago irudimenik.

EITBren eredua aldatu behar dela iruditzen zaizu?

Bai, bai, zalantzarik gabe; aspaldi pentsatzen dut horrela. Lantaldean arazoak daude: EITBren alor batzuetan baliabide asko daude, eta, beste batzuetan, oso gutxi. Hizkuntzaren arloa aztertu behar da, eta audientzia datuek zer eragin izan behar duten ere bai. Ez naiz batere baikorra; ez dut uste ezer iraultzailerik egingo denik. Baina erreforma zenbat eta bizkorrago egin, are hobeto.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.