Donostia 2016 Kultur Hiriburutza. Proiektuaren balantzea

Olatuaren peskizan

Hiriburutzaren garapenean hiru alkate izan ditu Donostiak; batek hasitako bidea beste batek kudeatu zuen, eta, azkenik, hirugarrenak gauzatu. Balorazio diferentea egin dute.

Juan Karlos Izagirre eta Odon Elorzaizendapena ospatzen, Madrilen, 2011koekainaren 28an. A. CANELLADA / ARP.
Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2017ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Ofizialki urte bat iraun du Donostia 2016 kultur hiriburutzak, baina urte horretara iritsi arteko bidea ia hamarkada bat luze izan da. Aldi horretan hiru udal hauteskunde izan dira hirian, eta hiru alderdi diferentetako hiru alkatek eduki dute hiriburutzaren ardura: Odon Elorzak 2011. urtera arte (PSE-EE), Juan Karlos Izagirrek 2011tik 2015era (Bildu), eta Eneko Goiak duela bi urtetik (EAJ) gaur egun arte.

2008an proiektua taxutzen hasi zirenean Odon Elorza zen alkate. Ez du asebete hiriburutzak: «Proiektuak ez du aurreikusitakoa bete», adierazi zion abenduaren hondarretan Irutxuloko Hitza-ri. «Guk prestatu genuen proiektua desitxuratu egin da». Elkarbizitzarako kulturaren ardatzak huts egin duela uste duelako iruditzen zaio Elorzari hiriburutzak porrot egin duela.

Oso bestelako ikuspegia du Eneko Goia Donostiako egungo alkateak; BERRIAri adierazi dionez, bizikidetzaren helburua mamitu da, eta adibide bat jarri du: «Adiorik gabe proiektua oso modu berritzailean hurbildu da indarkeriaren biktimen saminera».

Goiari egokitu zitzaion hiriburutzaren urtean alkate izatea. Sei hilabete besterik ez zuen 2016. urtea iritsi aurretik, eta lantaldea egonkortzen eta babesle pribatuak lortzen jarri zituzten indarrak. Horrekin batera, irudi «ezkorra» gainditu eta ilusioa berreskuratzen ahalegindu ziren.

«Erraza da esatea kultura bizikidetzarako tresna gisa erabili behar dela, baina hori lortzea, zaila». Nabarmendu duenez, hiriburutza lortu zen garaiko erronka izan zen bizikidetza hezurmamitzea, «baina bost urte geroago [2016an] egoera politikoa eta gizartearen bizipena erabat ezberdinak ziren, eta akaso bizikidetza ez zen lehentasun bezala ikusten gizartean». Haren iritzian, ez zen erraza proiektuaren mamia ulertzea, eta, beharbada, komunikazioan huts egin dutela dio.

Bizikidetzarik eza

2011n hain justu, alkatetzara iritsi eta egun gutxitara egokitu zitzaion Juan Karlos Izagirreri Madrilera joatea Europako kultur hiriburutzaren lehian ziren hirietako ordezkari gisa. Haren ustez, Donostia aukeratzeko arrazoietako bat bazen Euskal Herrian den gatazka, eta, horren aurrean, «lagungarri izan zitekeen». Proiektua jada idatzita, hura herrian errotzea izan zen haren egiteko nagusia: «Guztiz pertsonalizatuta zegoen proiektua denona bihurtzea, eta diskurtso politari benetako edukiera ematea». Era berean, euskal kultura eta euskara ezagutarazteko parada probestea jarri zituen helburu. Baina erronka horien bila eginiko bideak gehiago izan du gazitik gozotik baino. Izagirre: «Bizikidetzarako tresna izan behar zuena konfrontazio tresna bihurtu zuten». Espainiako Gobernuak euskal kutsua kendu nahi ziola zehaztu du, eta baita Bilduri proiektua ondo ez ateratzea nahi zuela leporatu ere: «Betiko alderdi politikoek, komunikabide nagusiek, ez ziguten lanean lasai utzi. Ez zuten nahi Bildu kudeatzaile on gisa agertzea, inondik ere. Nahiago porrota». Gainera, «proiektua ez zenez herrian jaio», zaila egin zitzaien sektore batzuei proiektuaren onurak azaltzea.

Elorzarentzat, ordea, Bilduk berak ez zuen egin ezer; «ez zuelako proiektuarekiko pasiorik». EAJri, berriz, leporatu dio ez duela nahikoa interesik eduki «galdutako denbora» berreskuratzeko. «Historian berriz gertatuko ez den aukera bat galdu dugu».

Hiriburutza galdutako aukera gisa definitzeko garaian bat datoz Elorza eta Izagirre. Baina EH Bilduren alkate izan zenak zehaztu du «gure kultura eta herriari bultzada handiagoa emateko» galdu dela aukera: «Asko hitz egiten da herri anitzeko Europaz, baina, unea iristen denean, estatuek eta estatuetan eroso sentitzen direnek ez dute benetako jauzia egin nahi izaten».

Jarduera interesgarriak egin diren arren betegarri asko izan dela uste du PSEko diputatuak: «Lantaldeak lan handia egin du, baina ez da espero zena lortu. Nazioartean ez da proiekziorik lortu».

Egungo alkate Goiarentzat, berriz, «nazioarteko mapan» jarri du Donostia hiri bezala, kultura bezalako balio bati lotuta». Donostian bertan ere utzi du arrastorik hiriburutzak, hiriko kultur panorama «astindu» egin duela uste baitu Goiak. Sortzaileen artean ehundutako harremana ere nabarmendu du Izagirrek. Harentzat Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa izango da ekarpen garrantzitsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.