Eusko Legebiltzarrak pauso bat eman berri du alor publikoan lan egiten duten kargudunen jokabideakontrolatzeko eta kargua utzi ondoren sor daitezkeen interes gatazkak arautzeko. Aho batez egin du, ganberako talde guztien oniritziarekin: joan den astean onartu zuen kargu publikodunen jokabidea eta bateraezintasuna arautuko duen legea. Aitzindaria da araua, eta orain arteko kontrol falta amaitzeko helburua du. Lege berriaren bitartez, arau zorrotzagoak eta kontrol hertsiagoak ezarriko zaizkie alor publikoan aritzen direnei, euren jardunean hainbat muga eta debeku ezarrita. Besteak beste, Jaurlaritzako kargudun publikoaren eta enpresa pribatuaren arteko bateraezintasunak arautuko dira hemendik aurrera.
Jarduera publikoan «gardentasun handiagoa» izateko sortu da legea, eta kargudun publikoaren «independentzia eta inpartzialtasuna» bermatzeko, hitzaurrean jasota dagoenez. Baina, era berean, azken urteetako ustelkeria kasuen mamuak uxatu eta herritarrek erakunde eta ordezkari politikoekiko «konfiantza» berreskuratzeko bidea zabaldu nahi du arau berriak. Xehetasunak jakin nahian, talde guztietako ordezkariengana jo du BERRIAk; soilik EAJk eta EH Bilduk erantzun nahi izan dizkiete galderei.
Ana Otadui jeltzaleak aurrerapausotzat jo du onartutako legea: «Azken bolada honetan, politikarion izen ona ez dago bere garairik onenean, eta lege hau aurrerapauso handia da helburu hori erdiesteko». Orain arte arautu gabe zegoena arautzea beharrezkoa zela iritzi dio, bestalde, Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkideak: «Ahalegin serioa egin da zirrikituak ixteko ustelkeriari eta kargudun publikoen jarduera okerrari».
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1983tik indarrean zegoen legea ordezkatuko du legebiltzarrak onartutakoak. Ordukoak kargudun publikoen gardentasuna, eraginkortasuna eta arduraldia bermatzeko ezarritako araubidean «sakondu» nahi dute oraingoarekin, kontrol eta berme sistema handituta. «Betebehar etikoari» erantzun nahi dio legeak.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzako kargudun publikoek, karguan egon aurreko eta ondorengo bi urteetan, euren jarduera profesionala aurkeztu beharko dute, herritarren eskura izan dadin. Euren ondasunekin beste horrenbeste egin beharko dute, nahiz eta informazio hori ez den jakinaraziko jendaurrean: soilik Eusko Legebiltzarrak eta organo judizialek izango dute datu horiek eskuratzeko aukera. Arduraldia ere arautuko du legeak: kargudun publikoek erabateko arduraldia izan beharko dute, eta, salbuetsitako kasuetan,soldata bakarra eskuratuko dute. Gainera, administrazioan kargua utzi ondorengo bi urteetanezin izango dute inolako loturarik izan kargudun zirelaharremanak izan zituzten enpresekin.
Legeak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko karguei eragingo die; besteak beste, lehendakariari, sailburuei, sailburuordeei eta zuzendariei, eta baita Arartekoari ere. Foru Aldundiek eta udalek lege propioak dituzte, baina lurralde historikoen kasuan legearen hainbat puntuk eragiten diete.
Legearen punturik esanguratsuena kargu publiko ohien jardueraren gaineko kontrola da. Izan ere, ate birakariak deituriko fenomenoari zenbait mugak ezarri nahi zaizkio hemendik aurrera, ohikoa izaten baita kargu publikoa utzi eta komenientziazko aholkulari edota enpresetako goi ordezkari bihurtu diren politikari ohien kasua. Gurean badira kasuak: Jose Antonio Ardanza, EAEko lehendakaria izan ostean, Euskalteleko buru jarri zen; Josu Jon Imaz EAJko EBBko presidente ohiak, kargu utzi eta gutxira, Petronorreko buru izendatu zuten; eta Nuria Lopez de Gereñu Jaurlaritzako Garraio sailburu ohia Confebask enpresaburuen elkarteko idazkari nagusi izendatu zuten, batzuk aipatzearren.
Hemendik aurrera, baina, kargudun publikoek euren kargu politikoak utzi osteko bi urteetan ezin izango dute inongo lan harremanik izan lotura zuzena izan duten sozietate edota enpresa pribatuekin. Muga hori ezarrita, administrazioan izandako urteetan jositako harreman sareengatik edota informazio pribilegiatua izateagatik politikari ohiak enpresa munduan sartzea kontrolatu nahi dute.
Enpresa pribatuekiko lotura kargua laga ondorengo bi urteramugatzea nahikoa ez delakoan,epea bost urtera zabaltzea eskatu zuen UPDk osoko bilkuran, «exijentzia» handitzeko. Ordea, gainerako taldeek atzera bota zuten zuzenketa, nahiz eta, neurri handi batean, eskaeraren «filosofiarekin» ados zeuden, Mintegiren esanetan. «Praktikotasuna» bilatu behar dela dioEH Bildukoak, eta uste du izugarri murriztuko litzatekeela politikan jardun nahi duten pertsonen kopurua enpresa pribatuan sartzeko bost urteko epea ezarriz gero: «Pertsona bati ezin zaio eskatu politikara dedikatzeko, horrek gerora bere ibilbide profesionala hankaz gora jartzenbadu».
Otaduiren ustetan, nahikoa bermatuta geratu da alor publikoan lan egiten dutenen kontrola, haien gaineko kode etikoak «lehen maila» hartzen duelako. «Azken finean, gardentasuna lortu nahi da, eraginkortasuna, inpartzialtasuna eta kargudun publikoak betetzen dituzten pertsonen dedikazioa», azaldu du. Gainera, arauak hausten dituena zigortuko dela aurreikustea «berme nahikoa» ere badela iritzi dio.
Haatik, legeak zehazten duenez, kargudun publikoen lana bateragarria izango da toki erakundeetako hautetsi izatearekin eta 50.000 biztanle baino gutxiago udalerrietako alkate izatearekin. Kasu horietan soilik ordainsari bat eskuratu ahal izango dute. EH Bildu ez dator bat legearen puntu horrekin. Kargu publiko bat baino gehiago izatea ez du begi onez ikusten Mintegik, kargu publikoen «metaketa» ahalbidetzen delako, haren ustez. Dioenez, politikan partaidetza ahalik eta gehien zabaldu eta txandakatu beharko litzateke, karguen «izaera publikoari» eutsi nahi bazaio.
Kargu desberdinak metatzea ahalbidetzearekin batera, beste hiru «gabezia» ikusten dizkio Mintegik legeari: gardentasuna ez duela espresuki lantzen, parte hartzea ez dela behar bezala areagotzen, eta Gizarte Segurantzarako kotizazioa ez dagoela beste langileekin parekatuta. Hala eta guztiz ere, koaliziokidea pozik dago lortutako legearekin: «Gune itsuak desagerrarazteko borondatea agertu dugu, ate birakariak egoteko erraztasunak eragotzi, bateraezintasunak findu dira, eta kontrola areagotu dugu».
Aho batez
PSE-EEren ekimenez landu du araua Eusko Legebiltzarrak. Sozialistek kargudun publikoen eta enpresen arteko baterazintasuna bermatu eta «ustelkeriari zirrikituak ixteko» aurkeztu zuten lege proposamena, duela urtebete, eta ordutik ekinbidea eztabaidatzen aritu dira Erakunde, Segurtasun eta Justizia Batzordean. Lortutako adostasuna erabatekoa izan da, EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP eta UPDk aho batez onartu baitute.
Ez da ohikoa talde guztien oniritzia lortzea ganberan, are gutxiago pisuzko lege baten inguruan, eta akordiorako prestasuna txalotu dute taldeek. Lantaldeko eztabaidan zein azken bozketan izandako «sintonia ona» azpimarratu du Mintegik. Legearen garrantzia aintzat hartuta, aho batez aurrera atera izana nabarmendu du Otaduik ere: «Horrek erakusten digu posible dela herri honek behar dituen beste gai batzuetan adostasun zabalak lortzea, horretarako zintzoki lan egiten badugu». Lege «ona» dela uste du jeltzaleak, baina argi dauka ez dituela konponduko gaitz guztiak: «Politikagintzak dituen oker guztiak ez dira konponduko lege honen bitartez, gauzak zuzen edo oker egitea giza izaeraren baitan dagoelako».
Ate birakariei jarritako muga
Kargudun publikoen jokabidea eta baterazintasuna arautuko dituen legea onartu berri du Eusko Legebiltzarrak, alderdi politiko guztien babesarekin. Besteak beste, lege berri horrek debekatu egiten du kargua utzi ondorengo bi urteetan lan egitea harremanak izaniko enpresekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu