Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Biharamuna

Harreman askea nahi du

Ciudadanosekin ados jartzea baztertuta, PSOEk gobernua bakarrik osatzeko asmoa adierazi du. EAJk eta EH Bilduk «nazio aniztasuna» jarri dute Sanchezen gobernua babesteko baldintza gisa

Sanchez, txalo artean. PSOEko zuzendaritza atzo arratsean batzartu zen, emaitzak aztertzeko. ZIPI / EFE.
jon olano
2019ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Hiru aukeretatik zein ahalbidetu. Hori zen Espainiako Gorteetarako hauteskundeek erantzun behar zuten galdera nagusietako bat; ea hautesleek zer aukerari ematen zioten konfiantza: eskuinen batasunari, iazko ekainean zentsura moziorako modua eman zuen eta PSOE gobernura eraman zuen gehiengoari edo erdibideko aukerari, PSOE-Ciudadanos baturari, alegia. Ekuazioan, botoek ezezagunetako bat zehaztu dute: PPren, Ciudadanosen eta Voxen baturak ez du gehiengo absoluturik; beraz, PSOEren gehiengoa eta gainerako indarren arteko aritmetika zehaztuta, argitzeko dago oraindik beste bi aukeren arteko zalantza: zer gobernabide lehenetsiko duten sozialistek.

Ez dirudi duda hori berehala argituko denik, ez eta datozen egunetan izango denik ere presidentearen inbestiduraren eta gobernuaren osaketaren berri; izan ere, besteak beste, udal eta foru hauteskundeak izango dira lau aste eskas barru. Edozein kasutan, atzo PSOEko figura ezagun batzuk hasi ziren ematen alderdiak izan ditzakeen asmoen berri. Carmen Calvo Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteordearen arabera, PSOE bakarrik gobernatzen saiatuko da: «Gobernu aurrerakoi bat izango gara».

PSOE
Geometria aldakorra

Zer aukera du PSOEk gobernabidea ziurtatzeko? 123 diputatu dauzka, eta 53 falta ditu gehiengo absolutua lortzeko. Inbestidurarako, Sanchezek nahikoa luke gehiengo soila lortzea bigarren bozketan, baina gutxieneko berme batzuk beharko lituzke, nagusiki urtez urte aurrekontuak ateratzeko. 173 lituzke Unidas Podemosekin (43), EAJrekin (6) eta PRCrekin (1); hiru falta 176ko gehiengo egonkor bat osatzeko. Hortaz, erabakigarriak izan litezke ERC (15), EH Bildu (4) edo Junts Per Catalunya (7). Inbestidura ia ziurra dauka Sanchezek, baina besterik da zer baldintza jartzen dizkioten legealdirako babesa emateko edo koalizio gobernu bat osatzeko. Azken aukera horren aldekoa da Unidas Podemos, baina PSOEk nahiago du kolore bakarreko exekutiboa: «Babes nahikoa dago ontzi honen lema izateko. [Unidas Podemosek] gobernu aurrerakoi gisa indartzen gaitu, eta jarrai dezakegu hasitako formulan aurrera egiten». Azken hamar hilabeteetako ereduari eutsi nahi dio Calvok, eskuak aske izate aldera gaiaren arabera indar batekin edo bestearekin negoziatzeko.

CIUDADANOS
Elkarren ukazioa

Beste aukeretako bat izan liteke Ciudadanosekin ados jartzea; gehiengo absolutua bermatuko luke horrek: 180 parlamentari. Ez dirudi, ordea, hori gorpuztuko denik, bi aldeek baztertu baitute hipotesia. Sozialisten aldetik, Meritxell Batet Lurralde Antolaketarako jarduneko ministroak: «Emaitzak ikusita, akordio hori bazter dezakegu. Kanpainan esan izan dugu: Ciudadanosekiko akordioa ez da inoiz egon alderdiaren asmoetan».

Betoa, ordea, bi norabideetakoa da, Ciudadanoseko buruzagiek ezein babes mota ukatu baitzioten atzo Sanchezi. Albert Riveraren alderdiak biraketa agerikoa egin du urteotan; 2015eko hauteskundeen ostean, alderdi giltzarritzat aurkeztu zen, inbestidura akordioak egin baitzituen lehenik Pedro Sanchezen PSOErekin eta gero Mariano Rajoyren PPrekin. Sistemari egonkortasuna eman behar zion zentro-eskuineko alderdia zen.

Hilabeteotan, ordea, Riverak eta haren gertukoek oso gogor egin dute Sanchezen aurka, eta disimulurik gabe jarri dira eskuinean; besteak beste, PPrekin eta Voxekin Espainiaren batasunaren alde manifestazio bat partekatu zuten, eta Andaluziako Gobernua PPrekin —eta hark Voxekin— hitzartu. Herenegungo emaitzek, ordea, posizio horretan sendotu dute Ciudadanos, PPren alternatiba argia baita Espainiako eskuinaren indar hegemoniko bilakatzeko. Horrek, aldi berean, zaildu egiten dio Sanchezekin balizko inbestidura edo legealdi akordio bat lortzea, aukera hori hainbat sektorek begi onez ikusten badute ere. Antonio Garamendi Espainiako CEOE patronaleko presidenteak atzo bertan esan zuen gobernu «moderatu eta zentro ezkerreko» bat osatu beharko litzatekeela, eta erantsi zuen begi onez ikusten duela PSOEren eta Ciudadanosen arteko aliantza bat. Gauza bera eskatu zuten atzo Espainiako kazeta nagusietako editorialek. Aukera hori baztertu zuen atzo Ines Arrimadas Ciudadanoseko bozeramaileak: «Ez da inolako negoziaziorik egongo Sanchez Moncloara iristea errazteko».

NAZIOTASUNA
Abagunearen neurria

Edozein modura, emaitza hauekin Sanchezek badauka erabaki garrantzitsuak hartzeko behar den lasaitasun estrategikoa; esaterako, Kataluniako auziari modu ausartean heltzeko. «Demokrazia indartzeko lau urteko lasaitasuna» aurreikusi zuen Calvok atzo. Sanchezek suspertu du alderdia; hilabeteotan izan ez duen patxadarekin goberna dezake, eta, udal hauteskundeak gorabehera, legealdi oso bat dauka aurretik. Lasaitasun estrategiko horretan, Euskal Herriari dagokionez, ikusi beharko da Sanchezen egoerak nola eragiten duen autogobernuan eta naziotasunaren aitortzan; kanpainan zehar, Daukaguna defendatu eta dagokiguna erreklamatu izan da EAJk gehien errepikatu duen leloetako bat, eta, hiruko eskuindarraren mehatxua eta defendatzeko beharra ia erabat baztertuta, ikusteke dago zer posizio hartuko duen EAJk Euskal Herriari «dagokiona erreklamatzeko»; ia ziurra da Jaurlaritzak eta PSOEren gobernuak 1979ko estatutuan jasotako eskumenen transferentziak jasotzen dituen egutegian lanean jarraituko dutela, baina aditu batzorde bat lanean ari da Eusko Legebiltzarrean, estatus politikoan beste urrats bat emateko, eta datozen hilabeteetan ikusiko da legebiltzarretik zer estatutu proposamen ateratzen den eta PSOEk zer rol jokatzen duen horren negoziazioan eta onarpen posiblean. Hori, betiere Sanchezek bazkide gisa lehenesten baditu zentsura mozioa ahalbidetu zuten indarrak, ez Ciudadanos.

EAJ ETA EH BILDU
Babes baldintzatua

EAJko Euzkadi Buru Batzarrak bilera egin zuen atzo, emaitzak aztertzeko. Ez zuen hitz egindakoaren berri eman, baina goizean Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak eskua luzatu zion Sanchezi: «Badaki EAJ beti dagoela elkarrizketarako prest eta alderdi oso aurreikusgarria dela». Dena den, Espainiaren nazio aniztasuna aitortzea jarri zuen Sanchez babesteko baldintza gisa. Geroa Baik ere «indar aurrerakoien arteko elkarrizketara» deitu zuen, eta «kezka» adierazi PSOEk «antiforalistekin» akordio bat egiteko aukerarekin. Sanchezen inbestidura ahalbidetzeko prest agertu izan da EH Bildu ere, eta asmo hori berretsi zuen atzo Arnaldo Otegi indar subiranistako koordinatzaileak. Baldintzak jarri zizkion, halere: «Ciudadanosekin egin nahi badu, aurrez aurre izango gaituzte; nazio aniztasunaren alde eginda, aukera bat irekiko da».

Jokaleku horretan, 1,7 milioi boto independentista ordezkatuko dituzten 26 diputatuek garrantzia izan dezakete Espainiako Kongresuan. Igande gauean, Sanchezek esan zuen elkarrizketarako muga bakarra Espainiako Konstituzioa errespetatzea izango zela, baina Kataluniako hautesleek berriz adierazi dute aterabide demokratiko bat eman behar zaiola hango egoera politikoari. Kataluniaren auziak kanpainan eta azken urteetan izan duen zentralitatea aintzat hartuta, Sanchezen garaipenak eskuak aska diezazkioke PSOEko presidentegaiari, pauso batzuk ematen hasteko. Iradokizun gisa, Jose Luis Abalos PSOEko Antolakuntza idazkariak esandakoa: «Hautesleek erakutsi dute nahiago dutela zubiak eraikitzea eraistea baino».

PABLO CASADO
Hasi orduko bukatu?

Madrilgo Genova kalean alarma gorria piztu zen herenegun; 200.000 botoren eta bederatzi diputaturen aldea dago orain PPren eta Ciudadanosen artean. Historikoa izan da PPk hartutako kolpea, eta horrek mahai gainean jarri du Pablo Casado alderdiko presidenteak dimisioa emateko aukera. Apenas daramatzan bederatzi hilabete PPren buruzagitzan, baina baliteke porrotaren neurriak eta Ciudadanosen arrakastak auzitan jartzea haren agintea. Hauteskundeen biharamunean, alderdi osoak babestu du Casado: «Gaurtik, eta lau urtez, oposizioaren burua Casado da», esan zuen atzo Teodoro Garcia Egea PPko idazkari nagusiak, eta Mariano Rajoyk nahiz Jose Maria Aznarrek izan zuten denbora bera eskatu zuen Casadorentzat. Euskal Herritik, berdin mintzatu zen Laura Garrido legebiltzarkidea; uste du ez dela «dimisioetarako» garaia. Oraingoz kideen babesa dauka, baina maiatzaren 26an igandekoaren neurriko kolpea errepikatzeak oso ahul utz dezake Casado.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.