Ferda Çetin. Kurdistango Batzar Nazionaleko nazioarteko arduraduna

«Ez dute gurea bezalako etsenplu demokratiko bat nahi Ekialde Hurbilean»

Çetinek uste du Turkiak «kurduen garbiketa etnikoa» duela helburu, eta, nazioarteak gaitzetsi arren, NBEk, AEBek, EBk eta Errusiak «erabateko babesa eta onespena» ematen diotela Turkiaren okupazioari.

2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Ferda Çetin hainbat egunkari kurduren sortzailea da, besteak beste Yeni Ulke, OzgurGundem eta Ozg Ur Ulke-rena, horiek guztiak Turkiak legez kanpo utzitakoak. Med TV satelite bidezko telebista kurdua sortzen ere parte hartu du. 1995etik, Europan bizi da, erbestean, eta Bruselatik dihardu Kurdistango Batzar Nazionaleko nazioarteko lanak gidatzen. Siriako gerra, potentzien kokapena eta Turkiak kurduen kontra egin duen azken inbasioa izan ditu hizpide.

Turkiak Siriako iparraldean egindako inbasioaren azken helburua zein izan da?

Irailaren 24an, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek hitzaldia eman zuen bere planak iragarriz, Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusian. Mapa eskuan zuela iragarri zuen Siriaren menpeko kurduen eremua inbaditzeko asmoa. Esplizituki azaldu zuen garbiketa etnikoaren ideia.

Kurduak abandonatzeko AEBen erabakiak kritika asko jaso zituen, baita AEBetan ere.

Ez zen izan AEBetako administrazioak hartutako erabaki bat, Trumpek bere kabuz hartutakoa baizik. James Jeffrey AEBek Sirian duten mandatariak eta armadako hainbat kidek esan dute ez zietela aldez aurretik horren berri eman. AEBetako Ordezkarien Ganberan, demokratek eta errepublikanoek kurduei babesa ematearen alde bozkatu zuten. Trumpen erabakiaren kontra onartu zen lege proposamenak erabateko onespena izan zuen: 354 alde eta 60 kontra. Azkenean, ordea, Trumpen erabakia onartu zuten, eta ateak zabaldu dizkio Turkiari Siria inbaditzeko.

Trumpek aldez aurretik esana zuen tropak erretiratuko zituela Siriatik.

Bai. 2018ko abenduan esan zuen Siriako tropak erretiratuko zituela, baina komeni da gogoraraztea Trumpek iragarpen hori egin zuen egun berean Brett McGurkek dimisioa eman zuela, orduan AEBek Sirian zuten mandatariak, eta haren ordez izendatu zuten James Jeffrey Ankarako enbaxadore ohia. Jeffreyk, izendatu zutenetik, McGurken oso bestelako ildo bati jarraitu dio. Babes horren adierazpenik zehatzena Segurtasun Eremua deitu diotena proposatzea izan zen, Ankarara bisitan joan zenean.

Bidaia horretan, Jeffreyk hainbat bilera ere egin zituen SDF Siriako Indar Demokratikoetako buruzagi militarrekin.

Ankaran izan zituen bileretan ez ezik, paraleloki SDF eta YPG Herriaren Babes Unitateekin ere egon zen. Abuztuan, segurtasun mekanismo bat garatu zuten segurtasun eremua sortzeko. SDFrekin egin zuten akordioak aurreikusi zuen defentsen suntsiketa, tunelak edota arma astunak tarteko, mugatik bost kilometroraino. Eta SDFkoak erretiratu egingo ziren eremu horretatik. Akordioak errespetatuz, SDFk eta YPGk euren arma astunak erretiratu zituzten Serekaniyetik [Tel Abyad] eta Gire Spitik [Ras-al-Ain]. Mekanismo horri jarraikiz, Turkiak eta AEBek batera patruilatuko zuten kurduen kontrolpean, Siriako iparraldean.

Urriaren 16an su-eten bitxi bat hitzartu zuten, ordea, Turkiaren eta AEBen artean.

Ez da halakorik gertatu munduaren historian: elkarren artean borrokan ez diren biren artean su-eten bat hitzartzea.... Eremu berean dauden bi estatu, NATOko kideak biak. Agerikoa da akordioaren ironia. Hamahiru puntuko akordio bat egin zuten, okupazioari zilegitasuna emateko. Trumpek hau esan zuen: «Kurduak birkokatu egin dira, eta kontuan hartu beharko lukete petrolioaren lurretara joatea. Petrolio eremuak ziurtatu ditugu». Hori esanez, iradoki zuen kurduak bidali egin behar zirela mugako eremutik Deir ez-Zorrera. Akordioan, onartu egin zuten Turkiak Siriako lurretan egindako inbasioa, eta kurduak bizi diren guneen garbiketa aurreikusi. AEBek Turkia gerarazi nahi dute kurduak euren lurretatik botatzearen truke; ez dadila errusiarrengana asko gerturatu. Era berean, AEBek nahi dute Turkia eurengana gerturatzea, Iran estu hartzeko planean.

AEBek Turkia babesteak zer esan nahi du? Estatu Islamikoaren kontra SDFren eta AEBen artean sortutako aliantzaren amaiera al da?

Urriaren 13an, Trumpek, Fox Newsentzat ari zela, hauxe esan zuen: «Turkiarrak eta kurduak borrokan aritu dira mendeetan. Kurduek ezin diete eutsi Turkiaren aire erasoei; mugatik erretiratu behar dute. Guri alde egiteko ordua heldu zaigu». Hitz horiek baieztatu egin zuten AEBen erabakia: EIren kontra 2014an sortutako aliantza hautsita zegoen.

Erdoganen erregimenak ondo irabazia du nazioarteko arbuioa giza eskubideen eta demokraziaren alorrean, baina ez dirudi arbuioa nahikoa denik bere planak geldiarazteko.

Behatzaile politiko, intelektual eta idazle askok bat egiten dute esaten dutenean Erdoganen administrazioa diktadura faxista bat dela, etenik gabeko gerraren kudeatzaile dela, etxean nahiz kanpoan. Gerran tematuta dago badakielako amaitzen duenean kurduen kontrako jazarpena bukatu dela. NBEk, AEBek, Errusiak eta Europako Batasunak erabateko onespena eta babesa ematen diote turkiarren okupazioari, eta Erdoganek babes eskuzabal hori erabiltzen du. Ekialde Hurbilean dagoen anabasa primerakoa da Erdoganentzat, kurduen kontrako genozidio planarekin aurrera egiteko. Erdoganek Kurdistango demografia aldatu nahi du.

Kurduak Siriako etorkizunari buruzko eztabaidatik at utzi dituzte orain arte, eta NBEk premisa hori onartu du.

NBEk ez du erabaki garrantzitsurik hartu Siriako gerran. AEBek eraginik gabeko erakunde bat bilakatu dute, eta partziala gainera. Kurduek hautatutako ordezkariak ez dituzte gonbidatu Genevan hilaren 8an izan den bilerara, eta, aldiz, komunitatean botererik eta eraginik ez duten ordezkariak gonbidatu dituzte. Gainera, bilerok ez dutela emaitzarik ikusita, erakusten du AEBen ordezko pieza bihurtu dela. NBEk, AEBek eta Errusiak ez dute gizarte demokratikoan oinarritutako sistema nahi: ekologista, askatzailea, feminista eta politiko-etikoa, gure lider kurdu Abdullah Ocalanek teorizatu eta PKK-k [Kurdistango Langileen Alderdia] babestutakoa. Ez dute gurea bezalako etsenplu demokratiko bat existitzea nahi Ekialde Hurbilean.

Badago ezberdintasunik AEBen eta haien aliatu Europako Batasunaren artean?

EB nahasirik egon da EI Estatu Islamikoaren kontrako gerran, Iraken eta Sirian. Europako estatuek, AEBek bezala, herrialde kurdua onartzen eta aintzat hartzen dute. Ez dute onartu, ordea, administrazio autonomoa. EBk normaltzat jotzen ditu, batetik, HDP Herrien Alderdi Demokratikoaren kontra Erdoganen gobernuak ezartzen duen presioa eta, bestetik, udal kurduen lapurreta. Europak antzeko erantzuna izan du Kurdistango okupazioari buruz: «Kezkaturik gaude. Erasoa gaitzesten dugu». Baina, era berean, EBk honako hau esaten du: «Ulertzen dugu Turkiako estatuaren kezka, segurtasuna dela eta». Modu horretara, Ankararen terrorea babesten ari da.

Errusia nola dago kokatuta Ekialde Hurbilean?

Sobietar Batasuna desagertu ostean, Errusiak nagusitasuna eta eragina galdu zituen Ekialde Hurbilean. Siriako gerra zibilarekin, zeina 2011n hasi zen, Errusia berriz sartu zen jokoan. Errusia Sirian egotea ez doa ezein legeren kontra, Siriako Estatua izan baitzen Errusiari eskatu ziona gerran esku hartzeko, eta Errusiak aukera baliatu zuen. Himeymimen, Latakian, base militarra jarri zuen, eta 2.000 militar ditu han; borrokarako 32 hegazkin eta hamasei helikoptero dauzka han, eta, gainera, misilen kontrako lurreko defentsa sistema bat. Errusiak Mediterraneoan duen itsas base bakarra Sirian dauka, Tartusen. 1.700 militar dauzka han.

Iranen kasuan, zein dira Sirian egoteko dituen interesak?

Bereziki estatubatuarren jazarpena ahultzeko mugimendua da Iranena. Iranen estrategia da AEBei aurre egitea bere mugetatik urrun, nahiz eta batzuetan ez den horren urrun, Yemenen, Libanon edo Iraken ikus daitekeenez. Irango soldadu entrenatu eta trebatuak Siriara iritsi ziren, Baxar al-Assadek deituta. EIren kontra borrokatu dira, Al-Nusra, Tahrir'ux Sam eta Siriako Armada Askearen kontra. Iranek bere politika ildoekin bat egingo duen gobernu bat nahi du, Siriako gerraostean.

Israel ere ez da ahaztu behar.

Israelek ez du administrazio arabiar sendo bat nahi Sirian, ezta administrazio sunita-salafista bat ere. Bere mugetatik gertu du, eta administrazio ahul bat nahi du, barne arazoak izango dituena. Horregatik, haren jarduna Siriaren oreken araberakoa izaten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.