Etxebizitzak bizitzeko dira

Loïc Alejandro (Equo), Amaia Martin (Ezker Anitza-IU), Bixente Sacristan (Podemos Donostia)
2018ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Laster, Donostia hiriak ordenantza bat izango du etxebizitzen erabilera arautzeko, etxe turistiko gisa alokatu nahi badira. Artikulu hau sinatzen dugun talde politikook Equok, Ezker Anitza-IUk eta Ahal Dugu Donostiak uste dugu ordenantza horrek ez duela balioko etxebizitza bizileku iraunkortzat erabiltzea babesteko, eta halaxe salatu genuen joan den udaberrian elkarrekin egin genuen etxebizitzaSOSvivienda kanpainan. Gure ustez, EAJ-PSEren udal-gobernuak ordenantza horrekin bigarren maila batean uzten du interes orokorra; hiru arrazoirengatik batez ere.

Lehenik, ordenantzak malgutu egingo du Plan Orokorrak dioena. Udal gobernuak dio ordenantzak muga batzuk jarriko dituela, hala nola etxebizitza turistikoak lehen solairuan bakarrik jarri ahalko direla, eta metro koadro kopuru jakin bat izango dutela, bizileku-erabilera ez diren beste jarduera batzuekin batera. Uste dugu hori ez dela egia; izan ere, muga horiek jada jasota daude Plan Orokorrean, eta horretan oinarrituta, gaur egun, etxe turistiko asko ixten ari dira. Ordenantzak malgutu egingo du Plan Orokorrak dioena. Zehazki, hiri osoan, Parte Zaharrean eta Portuan izan ezik, etxebizitza turistikoak egon ahal izango dira sei solairu edo gehiagoko eraikinetako goiko solairuetan, eta hirigunetik kanpo, berriz, handitu egiten du Plan Orokorrak agintzen duen metro koadroei dagokien muga. Horrenbestez, argi dago ordenantzak malgutu egingo duela gaur egun dagoen araudia, eta ez mugatu.

Bigarrenik, uste dugu motz geratzen dela Portua eta Parte Zaharra bakarrik jotzea «eremu saturatutzat»; izan ere, erdigunean, ekialdeko zabalgunean eta Grosen ere etxe turistiko asko daude, zenbait txostenetan ageri den bezala. Horregatik, gure iritziz, eremu horiek ere «eremu saturatuaren» barruan egon beharko lukete. Gainera, eremu horietan dago ostatu gehien bizileku diren eraikinetan. Eremu saturatua zabaltzeak esan nahi du eremu horietako etxebizitzak babestea, eta jendea bertatik ez bidaltzea etxeak alokairu turistikoaren negoziorako erabiltzen direlako.

Hirugarrenik, ordenantzak traba gehiegi jartzen ditu gela bat alokatzeko edota etxebizitza noizbehinka alokatzeko asteburu baterako edo bertan bizi dena oporretan doan egunetarako. Ohiko etxebizitza iraunkorraren alokairu mota hori oso interesgarria gerta liteke beren ekonomia osatu beharra daukaten etxeetan; hirian tradiziozko jarduera izan da. Gainera, etxebizitzaren arloan, ez du etxebizitza osoak turismorako alokatzeak duen eragina, jendeak bere etxean bizitzen jarraitzen baitu. Beste era batean esanda, EAJk eta PSEk zaku berean sartuko dituzte bere bizilekua noizbehinka alokatzen duen partikularra eta inoren bizileku ez diren dozenaka etxebizitza turistiko kudeatzen dituzten enpresak. Neurrigabea iruditzen zaigu. Beste hiri turistiko batzuetan, etxe turistikoak arautzeko orduan, desberdintasun hori kontuan hartzen dute; ez dute berdintzat jotzen ohiko etxebizitza noizbehinka alokatzea eta alokairu soilik turistikoa.

Laburbilduz, ordenantza horretaz gain, kontuan hartzen badugu Plan Orokorrak baimendu egiten duela hotelak jartzea bizileku diren eraikinetan, Equo, Ezker Anitza-IU eta Ahal Dugu Donostia taldeen ustez, EAJ-PSEren udal-gobernua buru-belarri dabil turismoaren jarduera ekonomikoan, baina oso gutxi, ordea, donostiarren arazo nagusienetako bat konpontzen, hau da, etxebizitza lortzeko ezintasuna konpontzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.