Koronabirusa

Urkullu: «Osasun sistemari dagokionez, Jaurlaritzak kontrolpean du egoera»

Jaurlaritzak eskatu du EAE izatea fase aldaketaren balorazioa egiteko esparrua. Bozez hitz egiteko garaia dela nabarmendu du lehendakariak

jon olano
2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean mintzatu zen atzo goizean Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Saioan, Urkulluk nabarmendu zuen Euskal Autonomia Erkidegoak ondo betetzen dituela datorren astelehenean itxialditik irteteko 1. fasera igarotzeko irizpideak.

Horretarako, hamar adierazle zerrendatu zituen, eta azaldu nola dagoen osasun sistema horiei erantzuteko; besteak beste, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zainketa intentsiboetako unitateetako 620 ohe izan ditzakete bost eguneko epean; 2,8 pertsonarentzako oheak 10.000 biztanleko, alegia. Era berean, Osakidetzak eginiko PCR testak 40.000 dira milioi bat biztanleko; «estatuko kopururik handienetan bigarrena». Urkulluk gaineratu zuen Jaurlaritzak badituela nahikoa proba datozen 14 egunetan egiten jarraitzeko.

Gainera, hiru herrialdeetan, gaitza duen pertsona bakoitzak kutsatutakoen tasa 1etik beherakoa da; 0,75 Bizkaian, 0,67 Araban eta 0,58 Gipuzkoan. Hortaz, «osasun sistemaren ikuspegitik, egoera kontrolpean» du Jaurlaritzak, Urkulluren esanetan.

Lurralde osoa, ez probintzia

Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrari eta Espainiako Osasun Ministerioari igorri zien fase aldaketa justifikatzeko txostena, eta, bertan, argudiatu zuen zergatik hartu behar den aintzat Euskal Autonomia Erkidegoa ebaluazio esparru gisa, eta ez probintzia. Besteak beste, Jaurlaritzak azaldu du eremu geografikoa txikia dela; herrialdeen arteko garraiobide onak dituela eta horrek erraztu egiten duela mugikortasuna.

Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei dagokienez, «ardura hutsagatik» bozez hitz egiteko garaia dela nabarmendu zuen Urkulluk: «Hauteskunderik eta legebiltzar berririk ez badago, ezin da legerik onartu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.