Koronabirusa

Neurriekin mugatutako enpresek mailaka utz ditzakete erregulazioak

Faseetako arauekin jarduera baldintzatua duten negozioek aldi baterako erregulazioan jarraitu ahalko dute, behargin batzuk lanera itzuli arren

Ostiraletik bezeroak hartzeko prest daude terrazak, Hondarribian. Tabernek jarduera mugatua izango dute, eta, ondorioz, ireki arren, lan erregulazioan jarrai dezakete. JON URBE / FOKU.
Irune Lasa.
2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Lan Zuzendaritza Orokorrak bere irizpideak plazaratu ditu argitzeko nola jokatu behar den datozen asteetan indarrean dauden aldi baterako enplegu erregulazioekin. Azaldu duenez, COVID-19arekin lotutako txostenetako «ezinbesteko arrazoirako kausa objektiboak» unean-unean erabakitzen dira, osasun publikoaren arabera. Ondorioz, neurri desberdinak ezar daitezke aldi baterako erregulazioekin, «mailakako eta bereizitako intentsitatez eta graduazioz». Beraz, enpresak joan daitezke kontratuen eteteak edo murrizketak bertan behera uzten edo moldatzen, betiere gobernuaren arauen eraginaren arabera; hots, ezinbestekotasun arrazoiengatik baldintzatuta segitzen badute, eta unean uneko arauei egokituta.

Adibidez, gobernuak sektore jakinen batean bezero kopurua mugatuta badauka, arlo horretako enpresek «etete eta murrizketei uko egin diezaiekete erabat edo partzialki, langile talde osoan edo zati batean, eta neurri progresiboan, ezinbestekotasun arrazoiari lotutako kausak desagertuz doazen heinean».

Era berean, Lan Zuzendaritzaren arabera, «posible izango da aurrez aurkeztutako etete neurria aldatzea eta lanaldien murrizketarako trantsizioa erraztea, zeinak eragin ekonomiko txikiagoa duen langileentzat eta bide ematen duen aurre egiteko produktu eta zerbitzuen eskariaren eta eskaintzaren mailakako hazkundeari».

«Egon daitezela lasai»

Yolanda Diaz Lan ministroak hori berretsi zuen atzo bertan, soilik oraingoz partzialki zabaldu daitezkeen taberna eta beste negozioei buruz galdetu ziotenean: «Egon daitezela lasai, mekanismoak jarraitzen baitu, nahiz eta haiek zabalik egon».

Ez dute aukera hori izango, berriz, gobernuaren neurriek baldintzatuta egon gabe, ezinbesteko arrazoiaren faltan, euren kabuz eta borondatez jarduerari partzialki ekiten dioten enpresek.

Prozedura ahalik eta sinpleena izatea nahi du Lan Zuzendaritzak. Jarduera betean hasi nahi duen enpresak nahikoa izango du Lan Agintaritzari jakinaraztea uko egiten diola neurriari eta laguntzen kudeatzaileari enplegatu bakoitzaren egoera zehatzaren berri ematea. Diazek gehitu zuen gauza bakar bat egin behar duela langile batzuk lan erregulaziotik atera nahi dituen enpresak: horren berri SEPEri eman.

Alarma egoera

Edonola ere, hurrengo egunetan zehaztasun gehiago iritsi beharko dira erregulazio dosierren inguruan. Espainiako Lan Ministerioa patronalarekin eta sindikatuekin negoziatzen ari da erabakitzeko zer gertatuko den erregulazioekin alarma egoera amaitzen denean. Izan ere, egungo araudiarekin, alarma bukatu bezain pronto automatikoki bertan behera geratuko lirateke ezinbesteko arrazoiengatiko lan erregulazioak.

Normalean, SEPEren sariak hilaren 10ean kobratu ohi dira, baina aldi baterako erregulazio horietan dauden langileei oraingoan hilaren 3ra —igande honetara— aurreratuko zaie laguntza, gobernuak banku gehienekin egin duen hitzarmenari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.