EAJk Ortuzar aukeratu du berriro alderdia beste lau urtez gidatzeko

Alderdiaren zuzendaritza berriztatu dute, eta falta ziren bederatzi burukideak aukeratu dituzte. Xabier Barandiaran eta Nerea Melgosa lehenengo aldiz daude EBBn

Andoni Ortuzar, aginte makila eskuetan duela, atzo, Bilbon. BERRIA.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Atzo Bilbon egindako Aberri Batzarrarekin, EAJk bere zuzendaritza berritu du, urte osoa iraun eta pandemiak erabat baldintzatu duen barne prozesuan. Berriro ere, jeltzaleek Andoni Ortuzar aukeratu dute EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidentea eta, beraz, alderdiaren burua izateko. Horretan ez da ezustekorik izan, ez zegoelako beste hautagairik eta Ortuzarrek aldez aurretik iragarri zuelako onartu egingo zuela alderdiaren lema beste lau urtez eramateko ardura.

Presidenteaz gain, EBBko beste zortzi kide aukeratu behar zituzten Aberri Batzarrean. Horietan, bi aldaketa egon dira, Xabier Barandiaran eta Nerea Melgosa aukeratu baitituzte Kepa Aldama eta Iñaki Txuekaren ordez. Gainerakoak duela lau urte hautatutako berberak dira: Maria Eugenia Arrizabalaga, Joseba Aurrekoetxea, Mikel Burzako, Ana Esther Furundarena,Koldo Mediavilla eta Mireia Zarate.

Bederatzi kide horiez gain, lurraldeetako zuzendaritzetako buruek osatzen dute EBB. Horiek azaroan aukeratu zituzten, eta Ipar Euskal Herriko ordezkaritzan baino ez da aldaketarik egon,Peio EtxelekukPako Arizmendiren lekua hartu baitu. Gainerakoan, ordezkariak aurreko agintaldiko berak dira: Jose Antonio Suso Araban, Itxaso Atutxa Bizkaian, Joseba Egibar Gipuzkoan eta Unai Hualde Nafarroan.

«Umiltasun lezioa»

Euskalduna jauregian egindako Aberri Batzarrean, Andoni Ortuzarrek aginte makila jaso zuen berriro ere EBBko presidente izendatua izan ostean, eta gero hitz egin zien alderdiko ordezkariei. Bere hitzaldian COVID-19aren izurriak ekarritako egoera izan zuen hizpide, eta deitoratu zuen egoeraren ondorioz Batzar Nagusiaren prozesua nahi bezala egin ez izana: «Pandemia umiltasun lezioa izaten ari da denontzat», azaldu zuen.

Ortuzarren ustez, «tunelaren amaieran argia ikusten» hasia da euskal gizartea, baina, hala ere, pentsatzen du ez dela «gelditzeko» garaia, «are gutxiago atzera joatekoa». Horregatik, «diziplina, zibismoa eta ardura» eskatu zuen egoerari aurre egin ahal izateko: «2021eko Gabonetara ongi iristea askoz garrantzitsuagoa da 2020ko Gabonak halamoduz ospatzea baino».

EBBko presidentearen ustez, «logikoa» da hain etsipen handia sortu duen egoeraren aurrean «kanpoko errudunak» bilatu nahi izatea, baina ohartarazi zuen: «Horrek ez gaitu estualditik aterako».

EAJn «konfiantza osoa» duela berretsi zuen Ortuzarrek: «Uste dut alderdi hau tresnarik onena dela herri hau askatasun osora gidatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.