Errege berria Espainian. Errepublikazaletasuna

1931n ez bezala

Aspaldi ez bezalako protestak dira kaleetan errepublikaren alde. Baina mende hasierakoa baino mugimendu «ahulagoa» da gaur egun. Hala ikusten du Josu Chueca historialariak, nahiz bi garaien artean antzekotasunak ere sumatu.

Iruñeko udaletxe aurreko plaza, jendez gainezka, 1931ko apirilean, errepublika aldarrikatu zen egunean. BERRIA.
mikel p ansa
2014ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Espainiako bandera errepublikanoa: gorria, horia eta morea. Memoria historikoaren aldeko ekitaldietan bakarrik agertzen zuten. Duela bost urte, lau. Aldatu dira kontuak: orain manifestaziorik ez da ia bandera hori gabe. Juan Carlos Borboikoa Espainiako erregearen dekadentziak lagundu dio haizatzen —adierazpen desegokiak, ustelkeria salaketak, auzibideak...—. Are gehiago abdikazioaren ondoren; errepublikazaleek aspaldi handiko manifestazio handienak egin dituzte Hegoaldeko hiriburuetan —20.000 lagun baino gehiago, joan den larunbatean; hilaren 19rako ere, tronuratze egunerako, protestak agindu dituzte—. 1931n Espainian II. Errepublika ezarri zuten garaira doa pentsamendua, antzekotasunak nabariak dira, Josu Chueca historialariaren iritziz: «Baina ordukoa baino askoz ahulagoa da gaurko errepublikazaletasuna».

1930ean bezala, krisi politikoa, ekonomikoa eta soziala batera heldu dira gaur: Primo de Riveraren diktaduraren amaiera orduan, bipartidismoarena orain; burtsaren 1929ko krakatakoa orduan, hamarkadetako krisialdi ekonomiko handienetako bat orain; aberatsenen eta pobreenen arteko sakona handitzen, orduan eta orain. Krisi garaian joan zen Espainiatik Alfontso XIII.a, eta krisi garaian abdikatu du Juan Carlos Borboikoa bilobak. Baina aldeak daude, Chuecak zehaztu duenez.

Errepublikaren eta monarkiaren artean hautatu beharraren eztabaida biziago zegoen orduan, mugimendu errepublikanoa antolatuago zegoen eta, batez ere, PSOEk errepublikaren alde egin zuen garai hartan, orain ez bezala. «Niretzako, gakoa PSOE da. PSOEk oraingo eztabaidan hartu izan balu joera bat errepublikaren alde, edo erreferendumaren alde, bistan izango zen monarkia dela eskuindarren kontu bat. Baina PSOEk hartu duen jokabidearekin, zilegitasuna eman dio, berriro, monarkiari». 1931n ez bezala.

Zazpi urte egin zituen Primo de Riveraren diktadurak, 1923tik 1930era. Amaitu zenean, «normaltasunera» itzultzeko, elite politikoek trantsizioa prestatu zutela azaldu du Chuecak: udal hauteskundeak 1931n, Espainiako Kongresurako bozak egiteko gero. Trantsizio pausatu bat. Baina ustekabeko emaitza utzi zuena: errege familia, erbesteratua, eta II. Errepublika, indarrean.

Donostiako hazia

Donostian, Garibai kalean ondu zen aldaketa. 1930eko abuztuaren 17an, alderdi errepublikazale eta alderdi katalan gehienak elkartu ziren, Union Republicanaren egoitzan. Gero Londres hotelean jakitera eman zuten errepublika ezarri arteko atsedenik ez zutela izango. Beste helburu bat ere adostu zuen Donostiako Hitzarmenak: errepublika hori ezarritakoan, autonomia estatutu bat izango zuen Kataluniak. Indalecio Prieto buruzagi sozialista historikoak esku hartu zuen bileran, baina ez PSOEren ordezkari gisa; sozialistak geroago bat egin zuten Donostiako Hitzarmenarekin. Nolanahi ere, erabakigarria izan zen PSOEren jarrera.

Alderdi abertzaleak ez ziren egon Donostiako hitzarmenean. Manuel Irujo jeltzaleak gerora onartuko zuenez, gomitatu ez zituztelako, baina errepublikanoen laizismoari errezeloa ziotelako ere bai. «Akatsa izan zen». Akatsa, gero ikusi zutenez, katalanek estatutua lortu zutelako 1932ko irailean, errepublika aldarrikatu eta urtebetera. Eta euskal herritarrek ez —1936an, gerra hasi eta, sortu zen Eusko Jaurlaritza—. Errepublikaren alde egiteak emaitzak ekarri zizkien katalanei. EAJk uste izan zuen errepublika ez zela hain azkar iritsiko. «Orduan ere, katalanak aurretik joan ziren, orain doazen bezala», ohartarazi du Chuecak.

Donostiako Hitzarmenaren inguruko batasun hark, behin sozialistak gehituta, ekarri zuen 1931ko udal hauteskundeak plebiszitu bihurtzea: errepublika ala monarkia. Eta errepublikazaleak gailendu, apirilaren 12an. Udal ordezkariek berehala irakurri zuten emaitza: bukatu zen monarkia. Ezaguna da irudia, nola Eibarko Udalak hartu zuen aurrea, beste inon baino lehenago aldarrikatzeko errepublika, apirilaren 14an. Eta Alfontso XIII.ak ez zuen beste erremediorik izan, Espainia uztea baizik. 1936ko gerrarekin bukatu zen amets errepublikanoa. Francisco Franco diktadoreak 1969an erabaki zuen erregea Espainiara eramatea berriro, suzesioaren legearekin; Juan Carlos erregimenaren ondorengotzarako izendatuta alegia. 1978ko Espainiako Konstituzioak monarkia parlamentarioa finkatu zuen, eta gaur arte. Horraino historiaren pasarte ezagunak.

Hego Euskal Herrian errepublikanismoak sustrai luzeagoak ditu, nolanahi ere. XIX. mendean kazetak eta elkarteak sortzen hasi, eta pixkanaka mugimendu politiko gisa antolatu ziren. 1869koa dute ezagutzen zaien lehen topaketetako bat: Eibarren elkartu ziren Hego Euskal Herriko errepublikazale ezagunak, Laurac-bat ere deitu izan zaion bileran. Burgesak ziren gehienak, abokatuak, irakasleak... eskolatuak. Sakabanatutako indarrak batzea zuten asmoa. Krisi politikoan sartua zen, orduan ere, Espainiako Gobernua, eta krisi garai hartan heldu zen Espainiako I. Errepublika ere, 1873an hasi eta 1874an bukatu.

Lehen errepublikanoak

Liberalen oinordeko ziren lehen errepublikazale haiek, bizitza politikoa demokratizatu eta laiko bihurtu nahi zutenak, Frantzia, Ameriketako Estatu Batuak eta Suitzako kantoiak eredu. Gizonen sufragio unibertsala, Eliza eta Estatua bereiztea, norbanakoen eskubideak, administrazioa deszentralizatu eta modernizatzea, hezkuntza laikoa zabaltzea, adierazpen askatasuna... Horra mugimenduaren idealetako batzuk, gaur egun aski onartuak, eta gaindituak ere bai zenbait kasutan. Baina, helburuak antzekoak izan arren, joerak ugariak ziren errepublikazaleen artean ere: kontserbadore, federalista, sozialista... Auzi nazionalari dagokionez ere, askotarikoak ziren; federalistek Nafarroako Etorkizuneko Konstituzioa egin zuten, adibidez, 1883an. Foruzaleak ziren beste zenbait, espainiarzaleak asko, autonomia estatutuaren alde egin zuten beste batzuek...

Alfontso XII.a errege izendatu zutenean, 1874an, zokoratua geratu zen mugimendua. Praxedes Mateo Sagastaren liberal progresistek eta Antonio Canovas del Castilloren liberal kontserbadoreek ekin zioten gobernua gidatzeari, txandaka, «gaurkoaren antzeko bipartidismo batean», Chuecaren arabera. Aliantzen, eszisioen, sortu eta desagertzen ziren taldeen historia izan zen, handik aurrera, errepublikanismoarena. Nahiz eta hiriburuetan sarri bigarren indarra izan ohi zen bozetan.

XX. mendea hastearekin bizitu zen errepublikanismoaren indarra: egunkariak, zentro eta alderdi berriak, aliantzak sozialistekin, mitinak, manifestazioak... UGTk eta PSOEk monarkiaren eta bizimodua garestitzearen kontra greba orokor bat ere egin zuten, 1917an. Primo de Riveraren estatu kolpeak geroratu zuen auzia, baina 1930eko krisialdia heldu zenerako gori-gori zegoen errepublikaren eta monarkiaren arteko eztabaida. 1930eko abenduaren 12an militar batzuk altxatu ere egin ziren, Jakan (Espainia), errepublika ezarri nahian. Abendu hartan Donostiako gobernu zibila hartzen ere saiatu ziren.

Ordukoaren antzik ez du gaurko errepublikazaletasunak. Alderdi antolatu gutxi, baina alderdi askotan ditu zaleak: Iñigo Urkullu lehendakariak esan berri du errepublikazalea dela; Arnaldo Otegi auzipetua ere izan da, erregea akusatzeagatik; eta sozialistek ere errepublikano izendatzen dute beren burua. Hedatu egin da errepublikazaletasuna; hedatu, eta lausotu haren eragina. Ez da 1931n bezala. «Kontserbadore bihurtu dira alderdiak», Josu Chuecaren esanetan. Iruditzen zaio erreferendum bat behar litzatekeela: «Herri batek erabaki behar du zer nolako estatua nahi duen, eta zer agintari nahi dituen. Baina baztertu dute aukera hori. Uste dut aldeko iritzia aterako litzatekeela. Baina oso garaipen eskas bat lortuko balute, Espainia zatituta geldituko litzateke; bi Espainiak agertuko lirateke berriz». Eta, bestela, «leherketa sozial» handi batek gertatu beharko luke erregea aldatzeko, Chuecaren ustez. Oraingoz urrun ikusten ditu bi aukerak, 1931n ez bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.