Daniel Feierstein. Soziologoa

«Nondik zatozen ez badakizu, ezinezkoa da jakitea nor zaren»

'Genozidio' hitza «oso egokia» da frankismoa deskribatzeko, Feiersteinen iritziz: «Prozesu haren ostean, Espainiak ez zuen lortu kaltea leheneratzea, besteak beste ezin izan zuelako genozidio gisa formulatu».

BERRIA.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2020ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Daniel Feierstein (Buenos Aires, 1967) soziologoa da, eta Gizarte Zientzietako doktoretza egina Buenos Airesko Unibertsitatean. Aurkezpen labur horrek ezin ditzake laburbildu Feiersteinen titulu, kargu eta argitalpen guztiak, baina, ikusita praktika genoziden inguruan egin dituen ikerketak eta izan duen dedikazioa, bistan da gai horren inguruko aditurik behinenetako bat dela mundu osoan.

BERRIArekin mintzatu da, bai Martin Villa Espainiako ministro ohiaren deklarazioa dela eta, bai Espainiako Gobernuak memoria historikoari buruz landutako lege proiektu berria dela eta, eta gogoeta egin du diktadura frankistaren, hura genozidiotzat kategorizatzearen eta gaur egun memoria, egia eta justizia lortzeko prozesu baten beharraren inguruan.

Frankismoa genozidiotzat jo daiteke?

Hain zuzen ere, hitz hori oso egokia da esperientzia frankistarentzat: suntsiketa prozesu bat adierazten du, herri baten nortasuna eraldatu nahi duena, biztanleriaren zati bat deuseztatuz. Hala definitu dute Lemkinek genozidio kontzeptuaren egileak, kontzeptu horren inguruan lanean dabiltzan teorialariek, eta Genozidio Delitua Prebenitu eta Zigortzeko Konbentzioak berak. Horrek guztiak eratu zuen Argentinako eta beste leku batzuetako legeria, besteak beste, eta ondo azaltzen du talde nazional bat partez suntsitzeko saioa, bai Argentinaren kasuan eta bai, are irmoago, frankismoarenean.

Hau da: genozidioaren kontzeptua, aproposa ez ezik, indar handikoa ere bada 36ko gerran eta frankismoan gertatu zenari zentzua eman nahian eztabaidatzen denerako.

Beste elkarrizketa batean esana duzu genozidio baten helburua herri baten nortasuna ezabatzea izaten dela, eta zapaltzailearena inposatzea. Espainiak nozitzen al ditu oraindik duela laurogei urteko genozidio haren eraginak, eta zapaltzailearen identitatearen inposizioarenak?

Halaxe da. Horrek esplikatzen du espainiar identitatearen birformulatzea. Genozidio prozesu haren ondoren, Espainiak ez zuen lortu kaltea leheneratzea, besteak beste ezin izan zuelako genozidio gisa formulatu, hain zuzen. Ez zuen aukerarik izan suntsiketa prozesu horren ondorio eta eraginei buru egiteko.

Kopuru ofizialik gabe, Espainia da munduan desagertu gehien dituzten herrialdeetan bigarrena, Kanbodiaren ondotik: 114.000 gizon-emakume daude hobi komunetan oraindik ere, Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkartearen arabera, eta haur bahituak, berriz, 30.000 eta 300.000 artean dira. Nola ikasten du gizarte batek halako inpunitatearekin eta injustiziarekin bizitzen?

Nik ez ditut arretaz aztertu Espainiako datuak, baina, zalantzarik gabe, kopuru harrigarriak dira, hala hilketak nola desagerpenak; bereziki, adingabeen desagerpenak. Kopuru imajinaezinak dira; Argentinan bostehun adingabez jabetzeak haustura identitarioa eragin bazuen, pentsa zer gertatzen den adingabeez jabetzeko prozesu horrek belaunaldi bat baino gehiago zeharkatzen dituenean. Dozenaka milaka lagunez ari bazara, prozesu horrek ia erabat zeharkatzen du bigarren belaunaldia, hain da bortitza zenbateko horien tamaina.

Iruditzen zait desagerpenek, dolua egin ezinak eta adingabeez jabetzeak oso eragin sakona dutela Espainiako gizartearen nortasunaren eraketan, eta horretan datza, nik uste, Espainiaren arazo nagusia: sekula ezin izan diola horri aurre egin. Oso garrantzitsua da Argentinarekiko diferentzia hori, han ahalegina egin baitzuten eragin horiek maila sozialean landu zitezen.

Espainiako trantsizioan itundu zuten inon ere ez lantzea frankismoaren esperientzia, eta, gainera, frankismoak askoz ere gehiago iraun zuen: Argentinako diktadura baino lauzpabost bider luzeagoa izan zen. Horrek guztiak ia bi belaunaldiri markatu die bizi zikloa, eta ageri-agerian dago egun Espainiak dituen zailtasunetan, ezintasunetan eta gatazka guztietan.

Zer ondorio sozial eta indibidual izaten ditu frankismoan gailendu zen isiltasun itunaren moduko batek? Zer helburu izan zituen Espainiako trantsizioak?

Nire ustez, jatorrizko metaketa bat izan zen helburua, ez soilik ekonomikoa, baizik soziopolitikoa: ez uztea errepublikaren esperientzia izan zenaren memoria berreskuratzen. Eta, alde horretatik, arrakasta handia izan zuen, zeren, erreparatuz gero Espainiako egitura politikoari eta memoria osatzeko prozesuen egiturari, erabateko isiltasuna eta hutsunea baitaude errepublikaren esperientziaren ahalaren inguruan.

Ematen du Espainian frankismoaren statu quo-a onartu behar izan zela diktadura amaitzearen ordainetan. Statu quo hori egoera ekonomiko eta politiko bati zegokion, baina, batez ere, herri baten memoria kolektiboaren taxutzeari. Nolabait ere historia propioa konfiskatzea ekarri zuen horrek.

Eremu progresistetan ere, baita erradikalagoetan ere, jende askok dio iraganeko kontuak direla horiek, eta badirela presa handiagoa duten auziak. Zer esango zenieke? Garaiz al dabil Espainia bere historia berraztertzeko? Eta zergatik da beharrezkoa memoria, egia eta justizia berreskuratzeko prozesu bat?

Inoiz ez da berandu izaten historia berraztertzeko; gainera, nondik zatozen ez badakizu, ezinezkoa da jakitea nor zaren. Espainian egon naizenean, atentzio handia eman dit zeuk diozun horrek; iraganaren inguruko isiltasun hori ez da eskuinarena bakarrik, eta, oro har, Espainiako egitura politiko osoak egiten dio muzin ostera ere errepublikaren esperientzia aztertzeari, salbuespen oso gutxirekin.

Aukera hori, errepublikaren esperientzia eta haren ondorio eta eraginak birpentsatu eta erdigunera ekartzeko aukera, oro har ez da ardatz modura agertzen. Garaituak izateak eta frankismoaren ondorioek herentzia handia utzi dute, eta horrek oso haustura historiko handia ekarri du, izugarri zailtzen diona edozein indar politikori trantsizioa baino atzerago begiratu nahi izatea. Are gehiago: orain, Vox agertuta, hori guztia mahai gainean ezarri da, nolabait.

Zertan?

Iruditzen zait badagoela esperientzia frankistaren bereganatze bat; egitura politikoan sortu den alderdi berri batek erreibindikatu egiten du genozidio esperientzia zapaltzaile hura, eta aurre egiten die gainerako aukera politikoei, itxuraz ez baitute trantsizioa baino atzerago begiratu nahi.

Argentinan gertatu zen bezala inpunitate legeak nagusi zirenean (Zor Den Obedientzia, Azken Puntua eta Indultua), eta Espainiako lurraldean justiziarik ez dagoen artean, beharrezkoa al da nazioarteko auzitegietara eta justizia unibertsal batera jotzea? Nazioarteko hainbat erakundek eskatu dute Amnistia Legea bertan behera uzteko.

Baietz iruditzen zait; jurisdikzio unibertsala oso elementu indartsua izan da munduko esperientzia ugaritan. Nik uste dut hainbat modu daudela jurisdikzio unibertsalaz pentsatzeko. Lehenik, presio tresna gisa; hau da, herrialderen batean inpunitate egoeraren bat dagoenean, jurisdikzio unibertsalak modua ematen du inpunitate horretan eragiteko, edo estu hartzeko, prozesuren bat abiatuta nazioarteko erakundeen artean. Edo, Argentinan egin zen bezala, beste estatuen justiziarekin.

Prozesu horietan mugarriak lor daitezkeela alde batera utzita eta giza eskubideen mugimenduak lortu zituen, Suedian, Frantzian, Italian eta Espainian, oinarrizko eginkizuna zera da, gero eta presio handiagoa egitea, herrialdean bertan ekin ahal izateko prozesuei.

Izan ere, gizarte batek bere iraganaz gogoeta egin dezakeen neurrian bete dezake genozidio baten ondorioak garatzeko zeregina, eta hori gertatzen da estatu horretako justiziak berak lantzen dituenean gertaerak. Batetik, jurisdikzio unibertsalaren printzipioak tresnak ekar ditzake zigorgabetasunari aurre egiteko, eta, bestetik, oso estu har dezake estatu bakoitzeko justizia, zigorgabetasunaren berme izan daitezkeen arauak berrazter ditzan.

Ezagutzen al dituzu Espainiako esperientzia bezalakoak? Ezagutzen al duzu hainbeste urteren ondoren bere historia berraztertu duen herrialderik?

Esango nuke gehien-gehienak hainbat urte geroago saiatu direla. Nazien genozidioaren arduradunen epaiketetan, Argentinaren kasuan, Txilen, Bangladeshenorain epaitzen ari dira 1971ko genozidioa, baita Kanbodian ere, justiziak oro har denbora behar izaten du genozidio prozesuetan. Badira Espainiaren kasua baino askoz ere lehenagokoak ere; adibidez, esparru judizialetan Turkiako jihadismoari buruzko egia azaleratzeko saioak. Egia da Espainian urte franko pasatu direla, eta oso protagonista gutxi geratzen direla bizirik; gehiago daude frankismokoak 36ko gerrakoak baino, baina, hala eta guztiz ere, iruditzen zait inoiz ez dela berandu.

Gizarte batek ezin badu berraztertu bere esperientzia traumatiko eta katastrofikoa Turkiako jihadismoarekin ere berdin—, oso zaila du etorkizuna eraikitzea. Zeren, etorkizun hori historiaren ukazioan oinarritzen bada, oso muga argi eta zorrotza dauka: makina bat ezintasun ditu, gizarte gisa bere historia propioa lantzen saiatzen denean bakarrik gainditu daitezkeenak.

Uste duzu zaila izango dutela bere historiaren atal horri ez ikusiarena egitea?

Arazoa ez da ez ikusiarena egitea edo ez, baizik eta ondorioak geratzen direla. Gizarte kohesioa berreraiki ahal izatea, horixe da zaila, baldin eta ukazioaren eta isiltasunaren gainean berreraikitzen bada. Gizarte batek beharrezkoa du historia horrek utzitako arrastoak berrikustea, baita belaunaldiz belaunaldi ere.

Espainian, interesgarria izan da nola, batik bat 90eko urteetatik aurrera, literatura nahikotxo hasi den prozesu horretan. Interesgarria da: ezin izan da agertu ez posibilitate juridikoen eremuan, ez eremu politikoan, baina neurri bateko presentzia izan du garapen artistikoan, batez ere literaturan, non isiltasun horien ondoriozko historia batzuk agertzen hasi baitira.

Nik uste dut horixe dela Espainiak dituen arazoetako bat: gertaerak bere larruan ezagutu zituen belaunaldi horrek bere historia transmititzeko duen zailtasuna. Nagusitu den isiltasunak eten egin zuen belaunaldien arteko transmisioa, elkarrizketaren aukera, batez ere istorio horiek entzun nahi ez zituen belaunaldi batekin egin zutelako topo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.