Segurtasuna ikuspegi feministatik lantzeko beharra

2018ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetan Bilbon hainbat gertakari larri izan ditugu eta horrek jendartean segurtasun faltaren pertzepzioa areagotu du. Egoera horren aurrean, bi hilabetez, EH Bildu beste alderdi politikoekin Segurtasun Itun bat adosteko lanean aritu da.

EH Bildun argi daukagu Bilbon arazoa ez dela segurtasunik eza; Bilbon bazterketa eta diskriminazioa dira arazo nagusiak, eta horiei bilatu behar zaie irtenbidea. Udaleko talde guztiek aho batez berriki sinatu dugun Segurtasun Itunean eztabaida Udaltzaingoaren ereduaren ingurukoa izan da, eta gure helburua eta lorpena horren paradigma aldaketa bultzatzea izan da. Udaltzaingoaren eginbeharren erdigunean pertsonen zaintza jarri dugu. Eta lehentasunen artean, noski, emakumeak.

Izan ere, feminismoak Euskal Herriaren eta jendartearen eraldaketa du helburu, botere harreman berriak lehentasun bezala kokatuz. Bilbon ere horrelako bizi eredu berri baten alde lanean ari gara esparru guztietan. Baita segurtasunaren esparruan ere.

Jakin badakigu Segurtasun Itunak aldaketak ekar ditzakeela, baina arriskuak ere izan badituela. Horren ondorioz, ezinbestekoa da ikuspegi feministatik Udaltzaingo ereduaren hausnarketa serio bat egitea. Sinatutako itunean neurri zehatzak eta hobekuntzak egon badaude, baina oraindik ez da hartu erabakirik garrantzitsuena: Bilboko Udaltzaingoak ez dauka Berdintasun Planik, eta hori beharrezkoa izango da, Segurtasun Itunean egon daitezkeen hutsuneak betetzeko.

Plan horrek, emakumeen egoera kontuan hartzeaz gain, ekintza eta neurri zehatzak martxan jarri beharko lituzke egungo egoerari erantzuteko. Oso ondo dakigu Udaltzaingoarena oso gune maskulinizatua dela; emakume gutxi daude, egitura oso hierarkizatua dago, eta espazio fisikoak ez daude emakumeentzat moldatuta.

Argi daukagu diagnosi bat eginez gero beste hainbat gabezia azaleratuko liratekeela. Hor dago, esaterako, Emakundek argitaratutako EAEko emakumeen atxiloketa polizialaren esperientzia txostena. Bertan hainbat gabezia aipatzen dira. Esaterako, emakume kopurua, espazioak edota informazio falta. Txosten horretan, gabeziez gain, formazioarekin, protokoloekin edo jarrerarekin erlazionaturiko proposamen zehatz batzuk ere egiten dira. Kontuan izan behar dugu emakume izateaz gain, atxilotutakoen egoerak haien babesgabetasuna handitzen duela.

Hala ere, hutsuneak hutsune, Segurtasun Itunak baditu, feministen parte hartzearen ondorioz, emakumeen bizitza hobetzeko hainbat neurri. EH Bilduren ekimenez emakumeen biktimizazioarekin bukatzeko neurriak aztertuko dira eta indarkeria matxista pairatu duten emakumeak lehentasun bihurtuko dira itun horretan. Espero dugu horrek Udaltzaingoaren formakuntza integrala eta jarrera aldaketa ondoriotzat izatea.

Izan ere, Udaltzaingoen aldetik askotan boterea modu negatiboan erabilia izan da. Hori dela eta, aipatu dugun paradigma aldaketak eta gertutasunak jarrera aldaketa bat ekarri behar du, bai Udaltzaingoaren barnean, bai beste emakumeekiko. Jarrera matxistak alde batera geratu behar dira. Hori izan behar da helburuetako bat eta, hori horrela dela bermatzeko, betaurreko moreak jantzi eta jarraipen lana egin beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.