Koronabirusa

Lehen hesia, koska bat gorago

Hego Euskal Herrian, Nafarroako ikasleak lehenak izan dira selektibitatea egiten. Aurtengoa berezia izan da, pandemia dela-eta Interneten bidez eman baitituzte eskolak martxotik hona.

Lehen azterketa egin aurreko uneetan, oharrei azken begiratua ematen, NUPeko Arrosadiko campusean, atzo. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Lehen eguna, lehen azterketa, beti da zailena. «Azkenean, behin lehengoa kenduta, okerrena pasatu da». Gaztelera eta Literaturako lehen proba amaitu berri, lasaitua hartu du Olga Alfaro Iruñeko Arte Eskolako ikasleak. Bigarren Batxilergoko beste 3.815 ikasle nafarren moduan, bederatzi hilabete iragan ditu buruan helmuga jakin bat zuela: selektibitatea edo ofizialki unibertsitatean sartzeko ebaluazioa deritzon azterketa. Hego Euskal Herrian, ikasle nafarrak izan dira lehenak aurten. Gaiaren berezko zailtasunari deialdiak berak ezinbestean dakarren urduritasuna pilatzen zaio, eta, horri guztiari pandemia gehituz gero, are gehiago. Aurrez aurreko klaserik gabe, dena izan da berezia aurten.

Aurtengoan hesiak koska bat gorago izan dira. Alarma egoera ezarri eta ikastetxeetako ateak itxi zirenetik, zalantzak ziren nagusi ikasleen buruetan. Andrea San Martin Calasanz Eskolapioak ikastetxeko ikasleak «gorabeherak» izan ditu hilabeteotan. Azterketaren data atzeratu egin zen ekainaren 23ra, baina pandemiaren bilakaeraren menpe zeuden, eta, bitarte horretan, etorkizuna airean: «Azkenean azterketaren emaitzaren arabera aukeratu dezakezu zer karrera ikasi», gogorarazi du San Martinek.

Irakasleen lana

«Hasieran beldurra zen nagusi. Zer egingo dugu? Nola prestatuko dugu?», aipatu du Alicia Goñi Lizarraldea ikastetxeko ingeles irakasleak. Pozik dago emaitzarekin. Etxetik lan egiteko Classroom eta Meet plataforma digitaletara ohitu ahala, neska-mutilak «zoragarri» egokitu direlakoan dago: «Ohiko klase presentziala hasi beharreko orduan, puntu-puntuan, bakoitza konektatuta zegoen, etxean, adi. Lasaitasuna eman die ordutegi batzuei jarraitzeak, presentzialen moduko klase birtualak egiteak, arbelik gabe izan bada ere. Dena ondo joan da».

Selektibitaterako prestaketa egokia jasotzeko premiak arduraz jokatzera behartu ditu ikasleak, Goñiren irudiko. «Ez da etenaldirik egon; etxean zeuden, pantailaren aurrean, hariari jarraituz. Ez da gauza bera, jakina. Klasean dena ikusten duzu, eta etxean ez. Batzuetan ematen du ikasleak badaudela, baina igual ez daude. Dena den, sentsazioa dut egon direla, galderak egiten zituztelako zentzuz», esan du Goñik. Horrek, baina, eginahal itzela eskatu die irakasleei: «24 orduak izan ditugu zalantzak argitzeko. Esfortzua hirukoiztu dugu».

Ikasleek eurek ere eskertu dute lan hori. «Irakasleen behar hori geneukan. Bideo deiak egiten genituen; probak jarri dizkigute Interneten; zalantzak argitu... Nahasmen handia izan dute, baina alboan izan ditugu», azaldu du Olga Alfarok. Amaia Abaigar Iruñeko Arte Ederren ikastetxeko ikasleak «gainezka» ikusi ditu irakasleak, apur bat kontrola galduta. Egoerak bere kabuz ikastera behartu du, eta «ondo» etorri zaiolakoan dago: «Dena den, pena ematen dit ikus-entzunezkoen kultura, diseinua eta marrazkia ongi ezin emateak. Hautazkoak direnez, apur bat albora utzi dute». Maskararen atzean irriñoa antzeman zaio lehen azterketaz galdetuta: «Erraz samarra izan da».

Jaime Alegre Maristetako ikaslearen irudiko, ikastetxeak «ahal duena» egin du: «Nahiago genukeen azalpen gehiago izatea, baina egoera zaila izan da. Ahal izan duguna egin dugu, eta, hala ere, prestaketa ona izan da». Pozik nabari zaio lehen azterketarekin: «Apur bat urduri nengoen. Asko dugu jokoan, baina, azkenean, ondo prestatu baduzu eta nerbioak kontrolpean badituzu, ondo aterako zaizu».

Egoera berezia izanik, baldintzak aldatu eta malgutu dizkiete. Andrea San Martinen arabera, horrek euren indarguneak sendotzeko aukera eman die: «Adibidez, lehen proban, bi testu etagaldera sorta bat genituen, eta testu bakoitzetik aukeratu ahal zenuen zer erantzun. Literaturako proban ere aukeratu ahal zenuen zer egin».

Segurtasuna bermatze aldera, abizenaren ordenaren arabera mailakatuta sartu dira, maskarekin, eta hidrogela izan da sarreretan. Azterketa hasita, maskara kentzeko aukera izan dute. Alicia Goñi zaintza lanetan egon da lehen azterketan. «Ondo joan da dena. Saiatu gara haiek erlaxatzen, oso urduri zeudelako». Lehen hesia igarota, arratsaldean historiakoa pasatu dute. Orain beste hiru egun dituzte aurretik. Urduritasunaren zamarik gabe, arreta guztia xedean jarrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.