Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Gobernu eta koalizioak ( eta VI). 2009-2012. Patxi Lopez.

Ajuria Eneko maizter berria

Alderdien Legeaz baliatuta eta PPren sostenguari esker, Eusko Jaurlaritzako lehendakari izan da Patxi Lopez 2009tik. PSE-PP ituna hautsi izanak hauteskundeak aurreratzera behartu du.

Ajuria Eneko maizter berria.
Edurne Begiristain.
2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Ezker abertzalea legez kanpo utzi izanari esker eta PSE-EEk PPrekin lortutako akordioaz baliatuta iritsi zen Patxi Lopez Ajuria Enera, 2009ko maiatzaren 5ean.Historian lehen aldiz, lehendakari sozialista bat izan da Ajuria Eneko maizterra.

Urte bereko martxoaren 1eko hauteskundeak EAJk irabazi zituen, 30 eserleku lortuta, eta PSE-EEri 80.000 boto baino gehiagoren aldea aterata. Baina gehiengoa osatzeko aukerarik gabe geratu ziren jeltzaleak, koalizioko alderdiek—EAJk, EAk eta Ezker Batuak— 32 eserleku lortu baitzituzten; gehiengorako asko falta zitzaien. EAk gainbehera izugarria izan zuen: aurreko legealdian zazpi legebiltzarkide izan zituen, eta 2009an bakarra lortu zuen. Ezker Batuak ere behera egin zuen, eta ordezkari bakarrarekin geratu zen. Aralar alderdiak, ordea, gorakada izugarria izan zuen, laukoiztu egin zuen ordezkaritza, lau legebiltzarkide lortuta. D3M Demokrazia Hiru Milioi hauteskunde plataforma debekatuak 100.924 boto eskuratu zituen, eta era horretan, legezkoa izan balitz, zazpi eserleku egokituko zitzaizkion.

Juan Jose Ibarretxe EAJko lehendakarigaiak aldea atera zion Patxi Lopez sozialistari, bai botoetan bai aulkietan; hala ere, garaipena ez zen nahikoa izan hautagai jeltzaleak lehendakaritza lasaitasunez berretsi ahal izateko. Hala ere, bai Ibarretxe bai Lopez, biak lehiatu ziren Eusko Jaurlaritzako agintea eskuratzeko. PPren eta UPDren sostenguarekin agintea lortzeko aukera bazuela jakinda, Lopezek aldaketa gidatzeko zilegitasuna aldarrikatu zuen martxoaren 1eko hauteskundeetako emaitzak jakin ondoren. Eta «aldaketa» hori gidatzeko lehendakari izateko hautagaitza aurkeztu zuen. Era berean, hauteskundeetako irabazlea EAJ izan zela aldarrikatuta, berea aurkeztu zuen Ibarretxek.

Hauteskundeak izan eta egun gutxira, Eusko Jaurlaritza osatzeko asmoz, alderdiekin bilera txandak hasi zituzten EAJk eta PSE-EEk, nork bere aldetik. Bilera horien emaitza nagusia hilabete eskasera etorri zen, PSE-EEren eta PPren eskutik. 2009ko apirilaren 2an, bi alderdiok Patxi Lopez lehendakari izendatzeko akordioa sinatu zuen. Aldaketa demokratikorako oinarriak euskal gizartearen zerbitzura izena hartu zuen akordioak, eta haren bitartez, PSE-EEk «lehentasunezko harremana» izan behar zuen PPrekin legegintzaldi osoan. PSE-EEko gobernuari «egonkortasuna» bermatzeko eta «zatiketa aroa» amaitzeko akordio gisa aurkeztu zuten bi aldeek.

Hitzarmenaren ondorioak

Hitzarmen horren lehen ondorioa Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren osaketan islatu zen. PSE-EEren eta PPren sostenguarekin, Arantza Quiroga PPren hautagaia aukeratu zuten Legebiltzarreko presidente, apirilaren 4an. Legebiltzarreko presidentearen aukeraketa PSE-EEren eta PPren arteko aliantzaren lehen emaitza izan zen.

Baina garrantzitsuena ondoren etorri zen, maiatzaren 5ean, Eusko Legebiltzarrak Patxi Lopez lehendakari izendatu zuenean. Lopezek PSE-EE, PP eta UPDren 39 botoekin eskuratu zuenJaurlaritzako agintea, gehiengo osoz. Ibarretxeren hautagaitzak, berriz, 35 legebiltzarkideren sostengua jaso zuen: EAJrena, EArena eta Aralarrena. EB abstenitu egin zen. Lopez hautatu zuten egun berean agur esan zion politikari Ibarretxek, aurreko hamar urteetan lehendakari izandakoak.

Gutxiengoan agindu arren, PPren sostengua izan du Lopezek bere agintaldian. Baina babes horrek ez dulegealdi osoa iraun. Espainian gobernu aldaketa izatearekin bat okertu ziren PSE-EEren eta PPren arteko harremanak EAEn. Halaber, ETAren jardun armatuaren behin betiko amaieraren ostean, egoera berriaren kudeaketan behin baino gehiagotan talka egin dute bi alderdiek. Azkenean, PSE-EErekin 2009tik sinatutako ituna hautsi du PPk aurtengo maiatzean.

Hortik aurrera Eusko Jaurlaritza estu ibili da, oso, aurreikusita zeuzkan lege egitasmoak onartu ezinik. Bozak urriaren 21era aurreratzeko erabaki zuen lehendakariak iragan abuztuan, legealdia bete baino bost hilabete lehenago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.