EAJk «beste nazio akordio bat» nahi du, baina ETA amaitu ostean

«Jatorrizko subiranotasuna berreskuratzeko behin betiko jauzia» egitea proposatu du

EAJk Sabin Etxeko sarreran jarri du Sabino Aranari eskainitako plaka. Ortuzarrek inauguratu zuen, atzo. L. JAUREGIALTZO / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2015eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
«Euskal herritarren arteko beste nazio itun bat» aldarrikatu du EAJk. Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena irakurrita eman du nahiaren berri Andoni Ortuzar presidenteak. «Gure estatus politikoan eta gure herriaren jatorrizko subiranotasuna berreskuratzeko ahaleginean behin betiko jauzia egin dezagun», esan du. Baina aurrez beste gauza batzuk konpondu behar direla ohartarazi du. Urrats hori egiten hasterako, ETAk amaitua behar duela: «Albait arinen ekin behar diogu orain arte bizi izan dugun gatazkaren ondorioak gainditzeari». Horren barruan aipatu ditu «erakunde armatuaren desmilitarizazioa, egin den min bidegabea aitortzea, presoen gizarteratzea eta ETAren amaiera egiaztagarria». Ortuzarren hitzetan, «hori guztia egindakoan» heldu ahalko zaio herritarren arteko itunari.

«Subjektu politikoa»

Akordio horren oinarriak, «ezinbestean», zeintzuk izan behar duten ere azaldu du: «Euskadi subjektu politikotzat aitortzea, Europako Batasunaren barruan harreman juridiko-instituzionalen marko berria zehaztea, eta hiritargoari bere etorkizuna askatasunez aukeratzeko duen eskubidea aitortzea».

Sabin Etxearen aurrean dagoen Albia lorategian irakurri du adierazpena Ortuzarrek. Sabino Aranaren eskulturaren aurrean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta biek lore eskaintza egin ondoren. Izan ere, atzo 150 urte bete ziren Arana jaio zela, eta oroimen ekitaldia baliatu zuen EBBk aldarria egiteko. «Euzkadi Buru Batzar honek, Sabino Aranak orain 120 urte sortu zuen erakundearen oinordekoa den aldetik, aldarrikatu nahi du euskal aberri askea eraikitzeko duen konpromisoa. Bere sorreratik duen konpromiso bera».

EAJko zuzendaritza osoa izan da ekitaldian. Baita Jaurlaritzako lehendakaria eta Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia ere, esaterako. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia ere han izan da, besteak beste. Ekitaldiaren ondoren, Aranari eskainitako plaka inauguratu du Ortuzarrek. EAJ-PNVk Sabino Arana Goiri bere sortzailearen omenez, irakur daiteke omendua jaio zen eta gaur egun EAJren egoitza nagusia den eraikineko sarreran.

Hain zuzen, EAJk Aranak hasitako bideari jarraitzen diola berretsi du Ortuzarrek. Haren leloa duela, oraindik, goiburu: «Euskadi euskotarren aberria da».

Bortxakeriarik gabe

«Sabinoren ideien jarraitzaileek beren onena eman dute euskal aberriaren alde eta herri honen askatasuna lortzeko helburu irmoarekin», azaldu du Ortuzarrek. Hala ere, Arana ez zela inoiz mendeku bila aritu zehaztu du. «Ez zuen bortxakeriarik erabili». Hain zuzen, «herri hau odolustu eta Euskadiren izena hamarkada luzeetan zikindu duen bortxakeria bidegabea» atzean utzi beharra dagoela adierazi du. Gainditu beharreko erronka dela oraindik.

«Bizikidetzarik gabeko nazioa porrot egiten duen esperimentua da», esan du, EBB osoaren izenean. «Gure gizartea hamarkadatan zatikatu duen bortxakeriaren orrialde iluna itxi behar dugu». Euskal Herriak diktadurarekin, errepresioarekin eta «giza eskubideak urratu dituen terrorismoaren tiraniarekin» asko sufritu duela adierazi, eta , euskal gizarteak, «subjektu politiko den aldetik», hori guztia gainditu nahi duela adierazi du: «Aberri askea nahi dugu, baina emakume eta gizon askeek osatua, hiritargoari bizitza kalitatea emango diona. Pertsonarik gabe ez dago ez aberririk ez herririk, eta haien ongizatea da eta izango da EAJren lehen helburu eta ataza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.