HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Ur: euriaren liburua'

Hau ez da liburu bat

2014ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Idazlea: Juan Kruz Igerabide. Ilustratzailea: Elena Odriozola. Ilustratzailea: Oihane Igerabide. Argitaletxea: Denonartean.

Hau ez da liburu bat. Ez bederen liburu bat ohiko eran. Baina berdin dio, ez naiz hasiko (orain ere) izenburuarekin borroka antzuan.

Hau hainbat baliabideren multzoa da, idazle baten, ilustratzaile baten eta musikari baten zuzendaritzapean sortutako zera literario bat, euria aitzakia hartuta datorrena: kartoizko kutxa txiki bat jolaserako fitxak, koaderno literario bat, disko bat eta erabilera oharrak dituena.

Sentipen faltsua eragin didan tramankulua da hau: bakarrik nengoelarik, tristea zirudien euriari buruzko kutxa zabaldu, eta, nire harridurarako, hotsak irten ziren kutxatik, irudiak, musika eta jendea. Kutxa arakatu nuelarik ohartu nintzen lan trinkoa dela hau, hiru zuzendari eta parte hartzaile asko dituena. Pena eman zidan tamainak ez laguntzea, zeren kutxatxoak lanaren benetako neurria ezkutatzen du. Eta tonua ere bai. Obra hau ez baita malenkoniari egindako negarra, baizik eta bizitzaren motorrari, urari, egindako gorazarrea. Uste dut luzerako dudala kutxa honekin, euria egin ala ez:

«Etorriko da euria, eta zure begiak izango ditu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.