Iñigo Cabacasen auzia. Epaiketa

Ugartekok dio «koordinatzea» zela bere eginkizun bakarra

Bere deklarazioan, 3.389 zenbakidun ofizialari egotzi dio nola jokatu erabakitzeko ardura. Hamabi ertzainek deklaratu dute lekuko legez. Batek aitortu du bilera egin zutela deklarazioa prestatzeko

Epaiketaren atzoko saioa; ezkerrean, Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu, eta, eskuinean, eserita eta bizkarra emanda, 3.389 zenbakidun ofiziala. LUIS TEJIDO / EFE.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Ez da akusatuen aulkian eseri, baina bere burua errugabetzeko erabili du deklarazioa. Ugarteko ezizenez ezagutzen duten ertzainburuak, Iñigo Cabacasen heriotza ekarri zuen operazioa Deustuko ertzain etxetik koordinatu zuenak, deklaratu du Cabacas auziko epaiketaren seigarren saioan. Akusazio partikularrak hura auzipetzea nahi zuen, gertaeretan erantzukizun argia izan zuelakoan, baina, azkenean, lekuko gisa baino ez da agertu epaimahaiaren aurrean. Baina akusaturik ez dagoen arren, bere burua errugabetzen saiatzeko erabili du deklarazioa, eta esan du, gau hartan operazio arduraduna izan zen arren, bere eginkizun bakarra «koordinatzea» eta «baliabideak bideratzea» izan zela.

Epaiketaren seigarren saioan, lekuko gisa deklaratzera deitutako ertzainak hasi dira epaimahaiaren aurrean agertzen, hamabi orotara, eta Ugarteko izan da lehenengoa. Azaldu duenez, bere eginkizuna zen arazo edo istiluren bat gertatzen bazen agenteak, furgonetak eta bestelako baliabideak leku horretara bideratzea, baina, hara iritsitakoan, tokiko arduradunaren esku gelditzen zen zer egin behar zen arazo hori konpontzeko. Hortaz, eta aurreko astean Ertzaintzaren gaur egungo nagusi Jorge Aldekoak egin zuen moduan, erantzukizun guztia 3.389 zenbakia duen ofizialaren bizkar utzi du. Ofiziala aretoan egon da, akusatuen aulkian; akusatuetatik bera izan da azaldu den bakarra.

Ugartekoren adierazpenak ez datoz bat grabazioetan entzuten denarekin: han Ugartekok argi eta garbi agintzen dio ofizialari «guztiarekin sartzeko» eta «esparrua kontrolatzeko». Ugartekok azaldu duenez,«esparrua kontrolatzeko» esaten ari zenean baliabideak bideratzeko zeregin horretan ziharduen, baina ez zuen agintzen hori nola egin behar zen: «Nik esparrua kontrolatzeko esaten diet, baina ez diet esaten eskopetak, borrak edo txilibitua erabili behar dituzten horretarako; hori tokiko arduradunaren eginkizuna da. Ni ez nago han, eta ezin ditut horrelakoak erabaki», argudiatu du.

Are gehiago: Ugartekok esan du horrelako aginduak eman zituenean ofizialak «erreakzionatzea» eta «zegokion ardura hartzea» nahi zuela, ez zelako furgonetatik jaitsi ere egin.

Grabazio horretaz gain, beste bat ere jarri diote Ugartekori. Bigarren audio horretan, oso ahots antzekoa duen norbaitek azaltzen du «morroi bat» dagoela ospitalean «oso izorratuta». «Errua guri bota nahi digute», eransten du, eta argibideak eskatzen ditu jakiteko erietxera eraman duten hori gauaren hasieran kalezuloan izandako liskar horretan zauritutako pertsona ote den. Ugartekok ukatu egin du audioan entzuten den ahotsa berea denik, eta esan du ez dakiela nor den, nahiz etadeia Ertzaintzaren izenean eginda egon eta gau hartan Ugarteko izan komunikazioen koordinatzailea.

Armategiaren arduraduna

Gau hartan Deustuko ertzain etxean armategiaren arduraduna izan zenak ere deklaratu du, 8.144 zenbakia duen ertzainak, alegia. Haren deklarazioak agerian utzi du hutsune ugari zeudela armen zaintza eta kontrolean. Esan duenez, eskopetak banatzen zituztenean, 25 gomazko pilota eta 35 kartutxo ematen zizkioten eskopeta zeraman ertzain bakoitzari; piloten poltsa zigilatuta egoten zen, baina ertzainek zigilua apurtu eta ireki egiten zuten, «pilotak erabili behar bazituzten azken momentuan zigilua apurtzen ibili behar ez izateko».

Zerbitzua amaitutakoan, poltsak bueltatzen zituzten ertzainek, baina inork ez zuen zenbatzen zenbat pilota falta ziren, erabiliak izan ote ziren, nork erabili zituen eta abar: sobran gelditutako pilota guztiak kutxa batera botatzen zituzten, eta kito.

Larriagoa da eskopetekin erabiltzen zen prozedura. Aurreko astean, akusatuetako batzuek—tiro egin zutela aitortu zuten ertzainek— esan zuten erabilitako eskopetak aparteko multzo batean uzten zituztela. Armategiko arduradunak esan du ez zegoela horrelakorik, eta gau hartan eskopeta guztiak garbitu zituela, erabilitakoak zein erabili gabeak. Horren ondorioz, ezinezkoa izan da zehazki jakitea zeintzuk izan ziren tiro egin zuten ertzainak. «Garai hartan, gauzak horrela egiten ziren», argudiatu du.

Fiskalak harridura agertu du jokatzeko modu horren aurrean, are gehiago kontuan hartuta larri zauritutako pertsona bat zegoela eta, beraz, oso litekeena zela horren inguruan ikerketa bat abiatu behar izatea. Armategiko arduradunak esan du berak ez zuela jakin ezer gertatu zenik hurrengo gauera arte. Fiskalak «sinesgaitz» iritzi dio bertsio horri, «lankide guztiek bazekitelako».

Epaimahaiaren aurrean agertu diren gainerako ertzainen deklarazio gehienak oso antzekoak izan dira, batez ere Maria Diaz de Haro eta Poza kaleen arteko elkargunean eta kalezuloan oldarrean aritu ziren ertzainenak. Denek esan zuten «objektu zaparrada» bota zietela iritsi zirenean, baina inork ez zuen pilotarik jaurti, ez zuten entzun tiro egiten hasteko agindurik, edo ez zuten gogoratzen.

Bertsio guztiak hain berdintsuak izateak susmoak piztu ditu: epaileak, esaterako, galdetu dio ertzain bati hainbeste gauza botatzen ari baziren zergatik jarri zen kutxazain baten ondoan, ezkutuarekin kideak babestu beharrean, eta abokatuetako batek galdetu dio beste lekuko bati kalezuloan istiluak hain larriak baziren zergatik agertzen den irudietan kalezuloari bizkarra emanda.

7.422 zenbakidun ertzainak ere eutsi dio bertsio horri, baina akusazio partikularrak galdetu dio ea bilerarik egin ote duen «Eusko Jaurlaritzako abokatuekin edo Ertzaintzaren nagusiekin» deklarazioa prestatzeko, eta lekukoak aitortu egin du bilera hori egin izana.

12.293 zenbakidun ertzainak esan du bere patruila herriko taberna dagoen kalezuloaren aurrean igaro zela, baina ez zirela gelditu, hura «etsai eremua» zelako. Abokatuetako batek galdetu dio nola litekeen Ertzaintzak Bilbon «etsai eremuak» izatea, eta agenteak erantzun dio lehenagotik ere «istiluak» izan zirela han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.