Madrilek gobernua eta Jaurlaritzak kontuak izatea lehenetsi du Urkulluk

Jaurlaritzak urte politikoari ekin dio Donostian, eta Urkulluk eskatu du ez jartzeko «betorik» aurrekontuen negoziazioan. Uste du «premiazkoa» dela Espainiako Gobernua martxan jartzea

Iñigo Urkullu lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako sailburuekin, atzo, Miramar jauregiaren atarian. JUAN HERRERO / EFE.
Olatz Enzunza Mallona.
Donostia
2019ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak hasiera eman dio urte politikoari, Donostiako Miramar jauregian atzo egindako gobernu bilerarekin. Legealdiak mila egun bete berri dituen honetan, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk adierazi du «beharrezkoa» dela Madrilen «gobernatzen duen gobernu bat» egotea; besteak beste, Gernikako Estatutuko eskumenak lortu eta estatutua bete ahal izateko, AHT abiadura handiko treneko lanak amaitu ahal izateko, migranteen harrerari buruzko Share plana partekatzeko edota «bizikidetzari lotutako planteamenduak» lantzeko. Horrez gainera, lehendakariak egoera politiko eta ekonomikoa eta batez ere 2020ko aurrekontuak izan ditu hizpide gobernu bileraren ondoren egindako agerraldian. Datorren urte politikoari begira, «Eusko Jaurlaritzak jarraituko du programa betetzen, elkarrizketaren eta adostasunaren alde lan egiten eta konfiantza sustatzen», adierazi du Urkulluk.

Lehendakariaren arabera, «denbora gehiegi» igaro da Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin zirenetik, eta, haren hitzetan, «premiazkoa da legegintzaldi berriari ekingo dion gobernua martxan jartzea». Horrez gainera, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko harremanaz ere mintzatu da, eta azpimarratu du «lehen mailako helburua» dela bien arteko «harremanak berreskuratzea». Horren harira, Jaurlaritzak hiru helburu ezarri ditu datorren ikasturterako. Lehena, autogobernuan «aurrera egitea»; izan ere, Urkulluk gogorarazi du aurreko legealdian Gernikako Estatutua betetzeko egutegia eta plana «onartu» zirela, baina adostua ez zela bete. «Inbertsioak sustatzea» jarri du bigarren helburutzat, eta bereziki abiadura handiko trena bultzatzeko asmoa dutela jakinarazi du. Azkenik, migranteen harrerari buruzko Share plana partekatzea eta elkarbizitza arloan egindako planteamenduak lantzea ere erronken artean jarri ditu Urkulluk.

Halaber, lehendakariak balorazio positiboa egin du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera ekonomikoaz, eta «sendo» dagoela gaineratu du, nabaria den arren «nazioartean laino ilunak» daudela. Nazioarteko «ezegonkortasun eta zailtasunak gorabehera», Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekonomia %2,3 haztea espero dute aurten, eta %2 datorren urtean. Horren ondorioz,aurten eta datorren urtearen artean 28.000 lanpostu berri sortuko direla aurreratu du. «Gobernu osoaren helburu nagusia langabezia tasa %10etik jaistea da», nabarmendu du Urkulluk. Hori lortzeko, Jaurlaritzak «enpresei eta industriei gertutasuna erakusten eta laguntzak eskaintzen» jarraituko du.

2020ko aurrekontuen inguruan, Urkulluk adierazi du Jaurlaritza «denekin hitz egiteko prest» dagoela eta negoziaziorako «atea irekia» duela. Edonola ere, «betorik gabeko» negoziazio bati ekingo diola azaldu du. Urkulluk aurreratu du aurrekontuen proiektuak ekonomia produktiboa eta industria sustatuko dituela eta «kalitate handiagoko enplegu aukerak» sortuko direla. Bestalde, iragarri du 1.600 milioi euro inbertituko dituela Enpleguaren eta Suspertze ekonomikoaren aldeko Esparru Programan, eta 600 milioi gehiago eskainiko dituztela abaletan. Bestalde, berrikuntzara bideratutako inbertsioak %5 handituko direla ere nabarmendu du. Oraingoz, Jaurlaritzak ez du nahikoa babes datorren urterako aurrekontuak onartzeko, baina berretsi du ez duela hauteskundeak aurreratzeko asmorik. Dena den, Urkulluk adierazi du «Eusko Legebiltzarretik kanpoko gaiek» ezin dutela negoziazioa baldintzatu eta, ekonomiaren ikuspegitik, taldeen eskakizunek «errealistak» izan behar dutela.

Horrez gainera, gobernuaren asmo nagusia gastu soziala lehenestea dela adierazi du Urkulluk, osasunaren, hezkuntzaren eta babes sozialaren oinarrizko zerbitzuei «baliabide gehiago» eskaintzeko asmoz. «2013an, aurrekontuen %62 bideratzen zen hiru arlo horietara, eta 2020an aurreneko aldiz %70a gaindituko dute», azpimarratu du.

«Eraso guztiak» gaitzetsita

Agerraldia amaitzeko, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak uda osoan izandako indarkeria matxista kasuetan jarri du arreta, eta horiek salatu ditu. Udako «eraso guztiak» gaitzesteaz gainera, lanean jarraitzeko konpromisoa hartu du. Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna lortzea «lehentasunezko helburua» dela nabarmendu du, eta «auzolana» Jaurlaritzaren eredua dela esanez eman dio amaiera urte politiko honetako lehenengo diskurtsoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.