Erabakia elkargune

2014ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Bai dioen boz papera eramango dute batzuek gaur Etxarri Aranatzen hautetsontzira, Ez dioena beste batzuek, zuria... Bezperan euren herriaren etorkizunari opa diotena eztabaidatuz gero, sutsu ariko zirenek bat egingo dute ekintza kolektibo batean, ekintza demokratiko kolektibo batean. Adibide hoberik erabakitzeko eskubidea elkargune dela?

Hori posible izango da orain arte egindako bidean, herritarrak eurak protagonista izan dituen bidean, elkarlanean aritu direlako batekoak eta bestekoak. Galdeketa antolatu duen ekimenak adierazi du iritzi guztien topaleku izatea nahi dutela, errespetuan oinarrituko dena, demokrazian sakontzeko aukera emango duela galdeketak eta irabazle bakarra herria bera dela.

Agerikoa da errazagoa dela hori egiten ia denok elkar ezagutzen dugun herri batean hiri edo eremu geografiko zabalagoetan baino. Hala ere, lan handia eskatzen du kontrako iritzia dutenak elkarlanean jartzeak, konfiantza asko eraiki behar dira, puntu komunak indartu, sareak josi, batzen gaituenari lehentasuna eman. Baina hori da normala. Nola liteke kuadrillakoak direnek, futbol talde bera animatzen tabernan elkartzen direnek, haurrak eskola berera doazelako irteerakoan elkarrekin berriketan aritzen direnek, lantokian elkarrekin egunero ekoizten ari direnek... gero, euren herria nola antolatu nahi duten erabakitzeko aukerarik ez izatea? Gurea herri zatitua dela askotan esan ohi dugun arren, gure egunerokoan ekintza gehiago egiten ditugu elkarrekin oso ezberdin pentsatzen dugunok bakoitzak bere aldetik baino. Egiten ditugun ekintza gehienetan protagonista ia bakarrak gu, herritarrak, garelako da hori, neurri batean.

Etxarrin bezala, euskal herritar guztiek antzeko ekintza batean bat egiteko lanean dihardu Gure Esku Dago dinamikak; dinamika baino gehiago jarrera den horrek, herritarrok gure historiaren protagonista izateko boterehartze bat proposatzen du Gure Esku Dago-k.

Ez da erraza, baina ziur gaude Athletic, Reala, Osasuna, Alaves, BO edo Aviron animatuz astebururo ia elkar besarkatuz, edo negarrez, ekintza bateratu hori egiten duten herritarrak gai direla elkarrekin bide hau egiteko. Ziur gaude egunero lantokiko makinan eskuz esku ari diren horiek gai direla elkarrekin erabakiaren ariketa demokratiko hau gauzatzeko.

Gaur eskuan Bai ala Ez eraman, horiek guztiek erabakitzeko eskubidea gauzatu egingo dute. Emaitza garrantzitsuena papertxoa kutxatxoan sartzea izango da, eta ez horrenbeste zenbat paperek dioten Bai eta zenbatek Ez. Izan ere, ekintza horrek batzen ditu herritar ezberdinak, eta horrek egiten gaitu libre, «jende zoriontsua herri libre batean», abestiak dioen moduan.

Herriz herri kutsatzen ari da herritarren protagonismo hori, erabakitzea delako normalena, erabakia elkargune delako, ekintza bateratu bat. Ekainaren 8an, herriz herri hedatu den lanerako jarrera horrek giza kate forma hartuko du, eskutik eskura izango dira gaur Bai eta Ez bozkatuko dutenak, boto batekin edo bestearekin bat egiten dugun gainontzeko euskal herritarrak. Ekainaren 8an, elkarri eskutik helduko diote erabakia gauzatzeko garaian kolore ezberdineko papertxoa eramango duten herritarrek.

Etxarri Aranazko herritarrek gure zorion agurra merezi dute, gaurkoa posible izateko egin duten bideagatik eta erabakia denok irabazle egiten gaituen ariketa demokratikoa dela erakutsi dutelako, jada. Gure esku dago gaur Etxarrin posible dena bihar euskal herritar guztientzat hala izan dadin; konfiantza eraiki behar dugu herritarron artean modu horretako erabakiak hartzeko nahikoa adostasun sortzeko. Bidea da horretarako garrantzitsua, bidean eskuak elkar lotzeko gaitasuna. Bidea bera dagoelako gure esku.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.