Espainiarekin harremana aldatzeko beharra nabarmendu du Atutxak

EAJren 120. urteurrenaren ospakizunetan, alderdia «inoiz baino sendoago eta indartsuago» dagoela esan du BBBko presidenteak

Itxaso Atutxa, atzo, Bilbon, Aranaren omenezko lore eskaintzan. M. RAMIREZ / ARP.
gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Garai gozoan iritsi zaizkio EAJri 120. urteurreneko ospakizunak; maiatzeko hauteskundeen ostean, inoizko ordezkaritzarik handiena lortu duelarik instituzioetan. Eta aurrera begirako abagune interesgarrian, Espainiako Gorteetarako hauteskundeen atarian eta Espainiako Konstituzioaren erreformaren hotsak gero eta ozenagoak direnean. Bi gaiei oratu die Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak Bilboko Sabin Etxean egindako ekitaldian, eta nabarmendu du jeltzaleek jarraituko dutela «aberria eraikitzen ideietatik, begirunetik, aniztasunetik eta akordioetatik abiatuta».

Espainiako Konstituzioa aldatzeko aukeren inguruan, joan den uztailaren 19an Gernikan (Bizkaia) plazaratutako agirian adierazitakoa berretsi du Atutxak: «EAJrekin ituna egin ahalko da soilik gure nazio izaeraren onarpenetik, burujabetzatik eta berdinen arteko akordiotik».

Atutxaren ustez, bada garaia Espainiak «Euskadi nazio» dela onartzeko, eta Espainiarekin beste harreman mota bat eskatu du: «EAJk defendatzen duen nazio proiektuan atxikimendu libreko formulak baino ez dira sartzen, tirania eta morrontzarik gabeak».

EAJren 120 urteko ibilbideari ere gainbegiratua egin dio Atutxak bere hitzaldian, Sabino Aranaren hastapenetatik gaur egungo egoeraraino, gerra, erbeste, trantsizio eta abarrak tarteko, eta erantsi du egun «alderdi zaharra inoiz baino sendoago, indartsuago eta kementsuago» dagoela «Euskadiren askatasunaren bidean».

Herritarrengandik jasotako «konfiantza» eta instituzioetan lortu duten ordezkaritza nabarmendu du Atutxak, eta EAJren ekinbide politikoa «gizartearen aldeko zerbitzu gisa» ulertzen dutela esan du: «Aberriarekin bat egiten duten pertsonek osatzen dute nazioa; gizakiez ari gara, ez horrenbeste lurraldetasunez». EAJren goiburua «pertsonen duintasuna, segurtasuna, elkarbizitza eta aurrerabidea» direla gaineratu du.

Lore eskaintza Aranari

Ekitaldi politikoaren aurretik, eta, urtero legez, EAJren sortzaile Sabino Aranari omenaldia eta lore eskaintza egin diote, Bilboko Albiako lorategietan dagoen irudiaren aurrean. Ekitaldian EAJko kide eta buruzagi ugari egon dira: Juan Maria Atutxa Sabino Arana Fundazioko presidentea, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusi ohia, Iñaki Anasagasti Espainiako Senatuko kidea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta aurretik ardura berean egondako Ana Madariaga, besteak beste.

Gipuzkoan ere ospatu du EAJk alderdiaren sorreraren 120. urteurrena; Mutrikun, hain zuzen. Han egindako ekitaldi politikoan, GBBko presidente Joseba Egibarrek ere nabarmendu du hauteskundeen ostean alderdiak lorturiko «indarra», eta, etorkizuneko erronkei dagokienez, esan du alderdi konstituzionalistek erabakitzeko eskubidea onartzea «zaila» izango dela, orain arteko jarrerak ikusita.

Hortaz, «herri honengan sinesten dutenen arteko elkarlanaren alde» agertu da, baina mezu zuzena bidali dio ezker abertzaleari, eta esan dio EAJ ez dela «beti» haien zain egongo: «Guk gidatuko dugu prozesua, independentzia baita nazioen errespetua bermatzeko modu onena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.