Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

Etxebizitza «duinen» eskubidea bermatu nahi du Elkarrekin Podemosek

Koronabirusaren krisiak agerian utzi du «etxebizitza duinen» beharra, Garridoren ustez. EAEko arazo «nagusietako» bat da koalizioarentzat

Pilar Garrido Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusia, atzo, Donostian. BERRIA.
Maider Galardi F. Agirre.
2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Donostiako Benta Berri auzoan, Blackstone putre funtsaren esku gelditutako babes ofizialeko etxebizitzen parean egin zuen atzo Elkarrekin Podemosek hauteskunde kanpainako agerraldia. Pilar Garrido Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi eta Ezker Anitzako buru Arantxa Gonzalez izan ziren ekitaldian, etxebizitza «duinak» defendatzeko: «Espekulazioari ezetz esaten diogu. Putre funtsei ere, ezetz».

Garridok salatu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako arazo nagusietako bat dela etxebizitzarena, eta, haren esanetan, koronabirusaren krisiak agerian utzi du etxe duinetan bizitzeko eskubidea bermatu egin behar dela: «Oinarrizko eskubide bat da». Espainiako Gobernuak pandemia garaian etxetik inor ez kaleratzeko hartutako neurriak txalotu ditu Ahal Dugu-ko buruak, eta eskatu du EAEn halako neurriak hartzea, autonomia erkidegoa «etxe kaleratzerik gabeko eremu» izan dadin. Horretarako, etxebizitza duinetarako sarbidea «legez» bermatzeko konpromisoa hartu du Garridok: «Gurean oraindik ez dago legez babestuta etxebizitza duin baterako sarbidea, eta instituzioek argi izan beharko lukete oinarrizko eskubide bat eta beharrizan bat dela etxearena. Inoiz ezin da horrekin espekulatu».

«Hainbat mugimendu sozialen eskaera» dela azpimarratu du koordinatzaile nagusiak, eta ohartarazi du ezinbestekoa dela neurriak hartzea Europara begira «lotsagarri» ez gelditzeko: «Giza eskubideak ez bermatzeagatik kargu hartuko digute».

Etxe kaleratzeen aurka ere mintzatu da Garrido: «Ezin da inor kanpoan utzi lotarako beste toki bat bermatu gabe». Era berean, kaleratzeen irudiak «lotsagarriak» direla salatu du, eta eskatu du EAE etxe kaleratzerik gabeko gune izendatzeko: «Borrokatu egin behar dugu denon artean hori geldiarazteko».

Putre funtsen inguruan ere aritu da Garrido. Zehazki, hizketagai izan ditu azken denboran halako funtsak babes ofizialeko etxeetan egiten ari diren kaleratze prozesuak: «Elkarrekin Podemos gobernuan egonda ez litzateke halakorik onartuko. Ez dugu utziko etxebizitzarekin espekulatzea, ezta halako funtsak beren kasara ibiltzea ere gurean».

Lehengo etxe kaleratzeen eta oraingoen arteko diferentziaz ere aritu da: «Lehen, jendeak ezin zuen hipoteka ordaindu, eta horregatik kaleratzen zituzten; orain, jendeak ezin du errenta ordaindu, izugarriak direlako». Hori legez zehaztea eta instituzioetatik etxebizitza duina izateko eskubidea babestea eskatu du Ahal Dugu-ko buruak.

Ezkerreko hirukoa

Hain zuzen ere, Arantxa Gonzalezek berriro jarri du mahai gainean ezkerreko hiru alderdien —PSEren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen— gobernu koalizioaren aukera. Etxebizitza publikoen aldeko politikak egiteko akordioa sustatzeko aukera ona izan daiteke hirukoa, Gonzalezen ustez: «Etxeak bizitzeko izan daitezen, eta ez espekulatzeko».

Gonzalezek ohartarazi die sozialistei Espainiako zein Euskal Herriko eskuinarekin ezin delaetxebizitza defendatu: «Ezta EAJk ordezkatzen duenarekin ere». Gainera, oroitarazi du gobernuan egonda ere PSEk ez duela lortu auziari aurre egitea «Ez dute ekidin etxerik gabeko jendea egotea, ezta jenderik gabeko etxeak egotea ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.