Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

EPk hondakinak kudeatzeko bestelako eredu bat aldarrikatu du

Zaldibarko luiziaren biktimentzat «justizia» eskatu du Pilar Garridok. Hondakinen kudeaketa «arduratsua» eta «jasangarria» proposatu du

Elkarrekin Podemoseko kideak, atzo, Zaldibarren (Bizkaia). J.C.RUIZ/ FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Zaldibarren (Bizkaia) egon da Elkarrekin Podemos-IU, hauteskunde kanpainako bosgarren egunean. Duela lau hilabete ezbeharra gertaturiko Verter Recycling zabortegira bisita egin dute Pilar Garrido alderdiko koordinatzaile nagusiak eta Isabel Gonzalez Bizkaiko hautagaiak, eta, han, gogoan izan dituzte luiziak harrapatutako langileak, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze. Garridok «justizia» eskatu du bi langileentzat, eta elkartasuna agertu die sendiei. Era berean, kritika zorrotzak egin dizkio zabortegiaren kudeaketari: «Ez zen istripu natural bat izan, Euskadiko historiako hondamendi ekologiko handienetako bat eragin duen arduragabekeria administratiboen kate bat baizik».

Joan den otsailaren 6an izan zen luizia Zaldibarko zabortegian, eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze enpresako langileen gorpuak oraindik ez dituzte aurkitu. Gertatutakoaren erantzukizunak ere ez dira argitu. Garridok ohartarazi du ezen, gertatutakoa berriro errepikatu ez dadin, ezinbestekoa dela hondakinen kudeaketa aldatzea. Haren ustez, horixe da Beltranekin eta Sololuzerekin dagoen «zorra»: «Gauzak aldatzen direla eta justizia egiten dela ziurtatu nahi dugu». Justizia egiteko, bi lehentasun ezarri behar direla azpimarratu du Garridok: bi langileen gorpuak bilatzeko lanak lehenestea, eta ezbeharraren erantzukizun publiko eta pribatuak zuritzea.

Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak uste du hondakinen kudeaketa ereduak gabezia handiak dituela, bai ingurumen ikuspuntutik, bai osasun ikuspuntutik, eta ezinbestekoa dela bestelako eredu bat martxan jartzea. Elkarrekin Podemosek gai horretan duen proiektuaren ardatzak bi direla jakinarazi du Garridok:zaborra gutxitzea eta gehiegizko kontsumoa murriztea. Zehazki, Garridok esan du Elkarrekin Podemosek hondakinen kudeaketa «arduratsua» eta «jasangarria» proposatzen duela, eta hori ez dela bateragarria erraustegi batekin.

Kontrol zorrotzagoak

Halaber, hondakin toxikoen eta arriskutsuen gaineko kontrola indartzearen alde agertu da alderdiko burua. Horretarako, proposatu du zabortegien eta enpresen gaineko ikuskatzeak zorroztea, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio handitzeko ingurumen arloan lan egiten duen ikuskatzaile kopurua ere.

Gainera, legealdiaren amaierarako hiri hondakinen bilketa selektiboa gutxienez %80koa izateko konpromisoa hartu du Elkarrekin Podemosek. Garridok iragarri duenez, tasak ezarri nahi dituzte zabortegietan eta erraustegietan isuriak botatzen dituenarentzat, eta haien helburua da berrerabilera eta birziklapena sustatzea.

Ekonomia zirkularraren eta birziklapenaren aldeko apustua egin du Garridok, etazabortegien eta erraustegien inguruan «egia» jakitea eskatu du. Zaborrarekin «negozioa» egitea alboratu du, halaber.

Zaldibarko zabortegian gertatutakoaz hainbat «irakaspen» atera daitezkeela erantsi du Isabel Gonzalez hautagaiak. Alde batetik, azpimarratu du ezin dela negoziorik egin osasunaren eta ingurumenaren kontura, eta ezta langileen eta herritar guztien bizitza arriskuan jartzearen kontura ere. Beste alde batetik, hondakinen kudeaketa eredua birpentsatzeko beharra aldarrikatu du: «Distantzia handia dago nolako kudeaketa eredua dugun eta nolakoa izan beharko genukeen». Bizkaiko hautagaiak esan du uko egin nahi diotela hondakinak sortzen eta «kontsumo neurrigabea» sustatzen duen ereduari, eta ekonomia pertsonen zerbitzura jartzea lehenetsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.