Ana Malagon.
ARKUPEAN

Isiltasuna

2017ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Gure aitona-amonek heriotzarekin gure belaunaldiak baino harreman naturalagoa izan zutelakoan nago eta guk Six feet under ikusi behar izan genuela, garaiko telebista kateen ordutegi aldaketen eromenari aurre eginez, inolaz ere berdina izango ez zen pedagogia hori jaso ahal izateko. Lasai, honek ez du Gora Iragana! brigadaren komunikatu bat izan nahi. Apur bat bai, baina ez gehiegi.

Hildakoak etxeetatik desagerrarazi genituen, etxea jendez ez betetzearen aitzakia erabat ulergarriarekin. Nork nahi du jendea etxean. Hobeto dago gure hildakoa tanatorioan. Aurreko egunetan ospitalean baino hobeto. Aldameneko gelako beste hildakoa ez da kexatzen eta bere familiak zortzi eta erdietarako alde egin du. Tenperatura, ospitalean ez bezala, jasan daiteke. Bazkariko purearen zipriztin lehorrak zituen Osakidetzako «haute couture» kamisoi urdin hori kendu diote behingoz, armairuko arropa itxurosoena jantzi.

Arratsaldean zehar azkeneko urteetan desagertu zen jendea pasa da gure hildakoa begi bazterretik begiratu eta sendiari bekaina hunkituak erakustera. Etxeetan gertatzen ez zen bezala, ez dago ez janari ez edaririk. Asko jota, kristalezko hautsontzi handi batean goxoki batzuk aurki daitezke. Patata poltsak trabatzen zaizkion vending makina bat dago sarreran.

Heriotza bat gertatzen denean, senideen artean badira emozionalki hondoratzen direnak eta bada norbait denbora den baino luzeagoa ez egiteko zentzudun eta funtzionalaren papera hartzen duena. Senide funtzionalak ehorztetxeko arduradunarekin hitz egin eta honek ehorztetxeetako arduradunek oso ondo egiten dakiten hori egiten du: gauzak erabakitzen ari dela sinetsaraziko dio senide funtzionalari. Are gehiago, hildakoaren benetako nahia betetzen ari dela sinetsi du gure senide funtzionalak eta, konturatu orduko, gure hildakoak gorroto zuen egunkarian jarri beharreko eskelak tramitatzen ari da. Gomendatu dioten baina berak aukeratu duen poema duen eskela kitsch hori ere bai, iloben partez. Gomendatu dioten baina berak aukeratu duen kaxa ez da garestiena. Ezta merkeena ere.

Caleb Wilde Pennsylvaniako herri bateko ehorztetxe familiarreko arduraduna da. Ehorztetxe batean lan egiten duen seigarren belaunaldikoa da aitaren aldetik. Bosgarrenekoa, amarenetik. Altzariak egiten zituzten, baina Gerra Zibilean zehar hilkutxak enkargu nagusia izaten hasi ziren. Horretan jarraitu zuten. Bere istorioak ez du Alison Bechdelen Fun home zoragarriarekin zerikusirik, baina ehorztetxe guztiek bere gauzak dituztela uste dut eta bertan lan egiten duten guztiek beraien isilpeko frustrazioak. Negozio opakua dira ehorztetxeak, gure kazetari bikainenetako batek baieztatu zidan. Ez dago besteen heriotzen inguruan eraikitako bizitza hori nolakoa den kontatu nahi duenik.

Heriotzak sortutako sufrimenduaren aurrean denbora gehiegi igaro izanak eragindako depresioari buruz hitz egiten entzun nion behin irratsaio batean Caleb Wilderi. Gehiegizko esposizioak sentsibilitatea urritu ziola. Bere lanak hori eskatzen du batez ere. Jakin noiz hitz egin. Noiz isildu. Noiz besarkatu. Noiz albo batera desagertu gertukoen intimitateari lekua uzteko.

Caleb Wilden iritziz, isiltasuna da beharbada heriotzaren aurrean erantzun bakarra. Hiletaren ostean etxera joaten diren azkenekoei agur esan eta bakoitzak bere bidea hartzen duenean hasten den hori.

Lehenengo urteak pasa eta azaroaren batean hilerrira joateari utzi diogu. Edo ez gara errautsak bota genituen leku hartara itzuli. Ez dakigu noiz eta nola izan den baina bere momentuan heriotzari egin genizkion galderek («zergatik eraman duzu bera», «zergatik orain», «hemendik aurrera zer») aurkitu dute beraien erantzuna. Isiltasuna izan da. Eta denbora. Bizitzen jarraitzea, azken finean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.