Ana Malagon.
ARKUPEAN

Ispiluak

2017ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Roxane Gay-ek Bad feminist liburuko artikulu batean Lena Dunham-en Girls telesailarekin ez zela batere identifikatzen zioen, beste arrazoi batzuen artean, Girls-en ez zegoelako zuria ez zen ia pertsonaiarik. New Yorken kokatzen zen Girls eta sei denboraldi izan zituen. Horretarako leku eta denbora nahikoa. Intersekzionalitatea beti beste baterako uzten den zerbait da.

Duela hamabost bat urte publizitatearen mundu eroan lan egiten nuela, stock-eko argazkiak bilatzen igaro nituen orduek lobotomiatik gertu izan ninduten. Oso jantzia zara, badakit, baina badaezpada ere: stock-eko argazkiak katalogoetatik eros daitezkeen argazkiak dira. Kanpainaren aurrekontuak modeloekin argazki saio bat egiteko ematen ez duenean, hots, ia beti, hori izaten da alternatiba merkea. Katalogo nagusiak estatubatuarrak dira eta haien demografiari egokitzen direla esan genezake, baina ez da egia. Dagokiona baino altuagoa da zurien proportzioa. Girls bezalako telesailetan eta publizitatean ere bai. Eta hala ere, bezero baten iragarkia egiteko talde baten argazkia bilatzean arazoa kontrakoa izaten zen: taldeko argazkiek askotan aniztasuna adierazten zuten eta aurkitutako argazki hori perfektua izan zitekeen gure iragarkirako, agertzen zen jatorri asiarreko tipoa edo neska beltza kenduz gero, noski. Ez zelako errealista. XXI. mende hasierako Euskal Herrian, ez zegoelako ez asiar, ez hegoamerikar jatorriko pertsonarik, ez beltzik.

Baina bazegoen. Baina badago.

Junot Díaz-ek esan zuen: banpiroak ez dira ispiluetan islatzen. Pertsona bati munstro bat dela sentiarazi nahi badiozu, bere isla ukatu.

Nik dakidala, bihotza apurtzen duen euskal telebista publiko horrek aurten egingo duen gure istoriak kontatzeko ahalegin bakarra Go!azen da. Teorian ez naiz bere xede publikoa (praktikan bai, plazer onartezinen eliztar on bezala) baina kontuan hartzeko modukoa iruditzen zait euskarazko pop kulturaren adierazpen arrakastatsuenetako bat delako. Eta batzuek jasoko duten euskarazko pop kulturaren adierazpen bakarra izango delako.

Pop kultura ispilu bat da eta ez dut kanpai batekin apokalipsia iragartzen duen pertsona hori izan nahi, baina horrela daude gauzak, laztana.

Amelia Barquinek, kulturartekotasun eta genero gaietan aditua den irakasleak, Kinka izeneko bere blog bikaineko artikulu batean, Go!azen-en bollera bikote bat noiz agertuko zen zain zegoela adierazten zuen eta jatorri atzerritarra izan zezaketen pertsonaientzat esaldi gehiago ere eskatzen zituen. Mutil homosexual baten armairu ateratzeari heltzen ari zaio Go!azen denboraldi honetan eta jatorri atzerritarra izan zezakeen neska (ez dute hau hala denik adierazi oraingoz) telesaileko gaizto-pijoaren esklaboa da. Biak beste pertsonaia batzuen menpekoak, Go!azen harreman toxikoen inguruko telesail bat delako batez ere. Uda da, kantatu eta dantzatu egiten dute, eta piszina bat dago eta Ramon Agirreren pertsonaiak begitxoak non dituen jakin nahi zenukeen katu-ileorde bat du buruan. Disimulatzen saiatzen diren arren, harreman terribleak dira gaia.

Nahiko nuke haur edo nerabe batek Go!azen-en kontatzen diren istorioen ispiluan bere isla aurkitu duelako munstro bat sentitzeari utziko balio, une batez bada ere. Munstroak ikusteari utziko baliote gainontzekoek.

Michelle Obamari irakurri nion (zer espero zenuen behin honaino iritsita, Frankfurt-eko Eskolaren aipu bat?) pop kultura dela jende askok norberarengandik desberdina dena ulertzeko duen aukera bakarrenetako bat. Eta bada agian. Pisu anitzeko etxebizitzetan bizi gara baina gure antzekoek inguraturik egoteak sortzen duen isolamenduan, telebista ikusten.

Tira, esan dizut lehen, ez dut kanpai batekin apokalipsia iragartzen ari den hori izan nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.