Albistea entzun

ARKUPEAN

Gorputzetik kanpoko bidaiak

Ana Malagon -

2018ko urtarrilak 28

Edozein egun, astean zehar. Anbulatorioko itxarongelan eseri naiz, medikuak kontsultako atea ireki eta nire izena noiz esango duen zain. 40 urteen atarian dagoen honek batez besteko adina nabarmen jaisten du, baina zer espero zenuen, Donostia elefanteen hilerri bat da, eta Donostiako Alde Zaharra demografikoki zimurturik dagoen auzo bat, eta anbulatorioan gaude, errealitate errezetak banatzeko moldatu zen eraikin bat. Sarbide estua du eta kontsultak korridore konplikatuen bueltan ezkutaturik daude. Txiripaz ez dituzte elektrokardiogramek psikofonien arrastoak jasotzen.

Turistentzako taberna batera joateko paper bat eman didate kalean. «Benetako esperientzien» bila dabiltzanentzat anbulatoriora etortzeko iragarkiak banatuko nituzke nik. Kontsultan sartu den emakumeak azkenaldian izan dituen gorputzetik kanpoko bidaien narrazio ozena entzuten ari gara itxarongelan. Nekez topatuko daiteke ezer «benetakoagorik».

Aurreko udako gai nagusia izan zen turismoarena baina urtaro aldaketarekin auzia komunikabideetatik desagertu zen, aste honetan argitaratu direnen antzeko marka historiko eta estatistika hotz bihurtzeko. Turismoaren mamuaren kateak dira neguan entzuten direnak. Mamu pertsonala da. Galdetuz gero, bizilagun bakoitzak berea du. Bizi naizen etxeko jabearen espektroa da nirea. Eska diezadakedan eta ordaindu ezingo nukeen errenta igoera posible baten ululuak entzuten ditut gauez.

Ondo ulertu badut, eta posibleena da gaizki ulertu izana, ordenantza berriaren arabera, hiriguneko hainbat auzotan, lehenengo solairuko pisuek bakarrik izan dezakete erabilera turistikoa. Baina alokairu merkatua jada suntsiturik dago eta prezioek ez dute egungo eskari-eskaintzak ezarri duen astakerietatik behera egingo denbora batean. Kontrolik ezean, epe luzeko alokairuen merkatutik desagertu diren pisu asko ez dira itzuliko. Airbnb-n dirua egiten jarraituko dute. Eta maizterrok ululuak entzuten.

Ez dakit eusten zieten aldamioekin batera tourists go home pintada famatu haiek joan ote ziren. Biztanle efimeroei zuzenduriko mezu efimeroak ziren, euskarri efimeroen gainean. Posible da aldamioa desagertu izana, baina Donostiako Alde Zaharrean sekula ez dakizu noiz gertatuko diren gauzak. Ezta inoiz gertatuko diren ere. Urteak daramatzagu Vladimir eta Estragonok, Godot-en bezala, anbulatorio berri baten zain. Heltzen zaizkigunak hotelak eta absurdoa besterik ez dira.

Turismoaren liskarrean denetatik entzun eta oso gutxi ulertu ahal izan genuen, herri honek ez baitu ideien trukaketarako duen gaitasun eskasa agerian uzteko aukerarik galtzen. Eta zaratara ohitzen ari gara tamalez, ez eztabaida publiko heldu batera. Ez dakigu ez eztabaidatzen, ez publikoa dena identifikatzen. Epe motzera jokatzen den mahai eta aulki jokoa dirudi politikak. Gure bizimodua eta hurrengoena baldintzatuko dituzten arinki hartutako erabakiekin batzuetan. Negligentziatik gertuko paralisiekin besteetan.

The New York Times Euskal Herriari buruz laudorioak idazten hasi zenean autoestimu anemiarekin harrapatu gintuen eta azkarregi sendatu nahi izan genuela uste dut. Gertuko historiaren gaiztoak izateari utzi, ez atzera ez barrura begiratu gabe, turismoaren fenomeno globalak ekarritako bisitariei dikea ireki genien. Gure gabeziak hausnartu eta konpondu beharrean, ostalaritzaren esku utzi genuen arima eta poltsikoa, krisi ekonomiko eta existentzialetik ateratzeko bide erraza zirudielako turistei begira dena berdintzea, garestitzea, «kosmopaletizatzea».

Bitartean, bisitariak bezain efimero eta interesgarriak ez garenok mamuz beteriko egunerokotasunaren «benetako esperientziak» bizitzen jarraitzen dugu. Ezeren marka historiko izan gabe, entzun nahi duenari, gure gorputzetik kanpoko bidaiak kontatzen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...