Ana Malagon.
ARKUPEAN

Camilla

2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Ez naute ezkontza askotara gonbidatu zorionez. Bost urtetara «zuen arteko tostoi hau zen egun hartan ospatu genuena?» galdetzetik eta segidan zaplazteko bat jasotzetik libratu nau horrek. Ez zaizkit ezkontzak gustatzen, eta hala ere, Meghan Markle eta Harry printzearen artekoan egon nahi nuen atzo. Oso fuerte. Ez Meghan Marklengatik eta are gutxiago Harry printzeagatik. Camilla Parker Bowlesen aldamenean eseri nahi nuen eta urteetan zehar jasan behar izan duen bilipendioaren porrota ospatu. (Berarengatik sentitzen dudan) maitasunaren alde topa egin scotch-arekin. Camillarekin kontent jarri nahi nuen, baina ez gehiegi. Mingaina arintzeko adina soilik.

Bere miseriaren aitorpena eta oraindik konspiranoikoen bazka den heriotzarekin Lady Di aldareetara igo zutenean, Camilla infernuaren geletako gortinak aukeratzen irudikatu nuen. Une horretan hasi nintzen Camilla maitatzen. Diana Spenceren aldamenean, Camilla itsusia zen, ez zuen ez karismarik, ez karitaterik, ez diseinugile famatuek sinatutako jantzirik. Camilla ez zen Elton Johnen laguna. «Herriaren printzesa» inuxentearen (sic) musikaleko gaizkilea zen: zentzu gutxi zuen ezkontza batean beti tartean egon zen hirugarren elementu deserosoa. Edozein fikziotan defendatuko nukeen pertsonaia. Eta niretzat britainiarren erreginaren familia ile apaindegiko aldizkarietan irakurtzen dudan fikziozko familia erreal hori denez, hemen nauzu, errepublikazaletasunari egiten diodan parentesi bakarrean, Camilla Parker Bowlesen ohorearen defentsan. Hango zergadunek barka nazatela.

90etan maitemindu nintzen ni Camillarekin baina Charles printzea 70eko hamarkada hasieratik dabil horrela. Gertatu zena laburbilduko dizut: koroaren oinordekoak bere estatus estratosferikoko zirkulu sozialean neska bat ezagutzen du, maitemindu ere bai, baina ez da ofiziala, tipoak soldaduska egitera joan behar du, maiteari agur esan eta Kaxianok kantatu bezala ontzi batean daramate Ingalaterratik kanpora eta bueltatzen denean, enebada, aurretik zuen nobio intermitente batekin ezkondu da neska. Gogoz kontra eta indar paranormalek beharturik, antza denez.

Beti pentsatu dut, Charles printzearen drama ia guztiekin gertatzen den moduan, bere aita den Edinburgoko dukearen errua izan zela hura ere. Baina badirudi oso memoria txarra dudala edo honen irudiaren garbiketa bat egon dela, ez baitut honen erreferentziarik topatu eta bai Lord Mountbattenen (IRAk hil zuen Edinburgoko dukearen osaba) eta erreginaren amaren ezkutuko interesena. Errazagoa da erabaki desastrosoak hilda daudenei leporatzea. Behin kortesia epea pasa eta gero, bota bedi behar den itzal guztia hemen ez daudenen gainean.

Fikziozko familia boteretsuengatik eta munduak gorroto dituen pertsonaiengatik sentimenduak izateari utzi beharko nioke behingoz, ez baitio nire irudiari batere onik egiten. Lotsa ematen dit aitortzeak baina «negoziatzen ez den harremana» (Charlesek dixit) ofiziala egin zenean, neure burua tipo pribilegiatu baten burugogorkeria berekoiaren garaipena txalotzen ikusi nuen. Nire irudia apur bat garbitzeko esango dut Camillarengatik izan zela. Egia da. Konparazioak galdu eta irainak irabazi zituen Camillarengatik. Karisma, karidade eta pop lagunik gabe, scotch-a disfrutatu eta erretzeari uztea lortzen ez zuen liburuzale itsusiarengatik. Camilla maitagarria da, ez esan ezetz.

Tabloideetan diote Meghan Markle eta Kate Middletonen famaren jeloskor dela. Ajam. Barkatu, baina Camilla ez zen fenixaren errautsetatik Cornwalleko dukesa bihurtu goizeko tearekin halako tontakeriak irakurtzeko. Eta egia esan, zu ere ez zinen hau irakurtzeko esnatuko gaur. Baina zer esan honaino heldu bazara, udaberria bada eta fikzio errealak, bilipendiatuak eta scotch-a maite baditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.