Sortzen bezala ahultzen direnak

Latinoamerikak ez dio utzi bere interesak bateratzen ahalegintzeari, eta, horregatik, azken urteotan hainbat saiakera egin ditu, hainbat erakunderen bidez, eskualde blokeak osatzeko: Celac, Alba, Mercosur, Unasur... Ez dute, ordea, aurrera egiten. Prosur foroa da azkeneko ahalegina.

Sortzen bezala ahultzen direnak.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Latinoamerikan lurralde integraziorako blokeak osatzeko egin diren saiakerak hainbat politika koiunturalekin batera iritsi dira, eta zenbait potentziarekin batera ere bai, azpikontinentearen bilakaeran zeresana dutenak. Azken urteotan, eskuineko gobernuek izandako goraldiaren eraginez, Latinoamerikako herrialde batzuen interesak bat datoz berriro Amerikako Estatu Batuen interesekin. Duela aste batzuk, Prosur sortu zen (Hego Amerikaren Garapenerako Foroa): batasun hori indartzea du helburu, eta Unasur (Hego Amerikako Nazioen Batasuna) izandakotik geratzen den arrastoa desegitea.

«Arazo hau garrantzitsua da lurraldean: gaitasun handia dugu erakunde formalak sortzeko, baina kosta egiten zaigu haiek instituzionalizatzea eta haiei edukia, lan espezifiko bat eta helburu jakin bat ematea», dio Juan Gabriel Tokatlianek, Argentinako Di Tella Unibertsitateko harreman internazionalen irakasle eta ikertzaileak. «Horren ondorioz, gobernuak ideologia desberdinetakoak direnean, erakunde batzuk ez dira aintzat hartzen, eta beste batzuengan jartzen da arreta. Dilema eta bidegurutze dramatiko batzuk ditugu gure multilateralismoari dagokionez», adierazi du.



Hala ere, nahiz eta ez den lortu bloke bat luzaroan mantentzea, ezin da ukatu Latinoamerikak ez diola utzi bere interesak bateratzen saiatzeari. FTAAri (Ameriketako Merkataritza Librerako Esparrua) ezezkoa eman ziotenetik —2005ean izan zen hori— orain arte, hainbat saiakera egin dira eskualde blokeak osatzeko. FTAAri ezezkoa emateko mugimendutik abiatuta sortu zen Unasur, zeina egun hilzorian dagoen, eta hura eraginkorra ez zela zioten argudio berek bihurtu zuten beharrezko Prosur-en gisako erakunde bat sortzea. Tokatlianen ustez, «Unasurren logika onartuago zegoen Hego Amerikan, eta proposatzen zuen irtenbidea bere kabuz ematea eskualdeko egonkortasunaren oinarrizko kontuei, kanpoko eragileek parte hartu gabe. Eta, askotan, lortu zuen; Venezuelaren kasua agertu zen arte, behintzat».

Azken urteotan, sarritan eta modu askotan ahalegindu dira eskualdea egituratzen, eta ahalegin horiek ez dute aurrera egin. «Celac [Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Komunitatea] AEE Amerikako Estatuen Erakundearen moduko bat zen, baina AEBak eta Kanada gabe, eta, hura sortu zenean, itxaropen handia genuen; izan ere, balio izango zigun harremana hasteko Txinarekin, Indiarekin, Afrikarekin eta herrialde arabiarrekin, baina, pixkanaka, Celacen eginkizuna hortik urrunduz joan zen. Mercosurrek (Hegoaldeko Merkatu Batua) gorakada izan zuen 90eko hamarkadan, baina nabarmen ahuldu da geroztik. Alba Gure Amerikako Herrientzako Aliantza Bolivartarrak ere —Venezuelan sortu zen, Kubaren babesarekin— ez zuen herrialde kideen babes handirik jaso. Pazifikoko Aliantzak bestelako aliantza bat zirudien, baina, orain, kontuan hartuta Mexikoko Gobernuaren norabide ideologikoa aldatu egin dela, badirudi Txile, Peru eta Kolonbiaren arteko aliantzak ez duela asmo handirik Lopez Obradorrekin hitz egiteko», azaldu du Tokatlianek. Alde horretatik, hainbat erakunde sortu izan dira izaera estrategikoa edo nolabaiteko ahalmena dutenak, baina orain geldirik daude, edo desagertzeko zorian. Hain zuzen, «Prosur sortzeko Unasur suntsitu izanak ez dauka inongo zentzurik, Venezuelaren kontuaren harira koalizio ideologiko bat osatzea ez bada. Venezuela oinarrizko elementu bat da haien izateko arrazoian».

Mexikoren aldaketa

2011ko apirilean, Txilek, Mexikok, Peruk eta Kolonbiak —beti AEBen interesen aldekoagoak izan dira— iragarri zuten Pazifikoko Aliantzaren sorrera, eta erakunde horrek izaera liberala du argi eta garbi. 2018ko apirilean, Hego Amerikako sei presidentek (Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia, Paraguai eta Peru) erabaki zuten blokea «aldi baterako» uztea, eta hilzorian utzi zuten Unasur.

Bestalde, Unasur ordezkatzeko, Macrik Limako Taldea sortzea bultzatu zuen (2017ko abuztua); hau da, eskuineko lagun talde moduko bat, AEBen eta Europaren interesen aldekoa. Hamalau herrialderen arteko koalizio bat da, eta Mexiko da haietako bat. Taldeak ez zituen baliozkotzat jo 2018ko maiatzean Venezuelan egindako bozak, uste baitzuen ez zeukatela gutxieneko berme demokratikorik, baina, joan den urtarrilean, taldeak Nicolas Maduroren gobernu berria onartzen ez zuen dokumentu bat sinatu zuenean, Mexikok adierazi zuen ez zegoela ados. Bozen aurretik adierazi bezala, Lopez Obradorren gobernua negoziatutako irteera baten alde dago, baina taldeko kide izaten jarraituko du; izan ere, elkarrizketarako bide guztiak irekita mantendu nahi ditu.

Mexikoren aldaketa ideologikoak, ordea, beste egoera bat erakusten du: «Mexikoren barne arazoen eta AEBekin duen harreman korapilatsuaren ondorioz, Mexikok askoz arreta handiagoa jarriko die Ipar Amerikarekin dituen liskarrei». Baina bai, badirudi Mexikok berreskuratu egingo duela nazioarteko zuzenbidearen printzipioen eta negoziatutako irtenbide politikoen balioa azpimarratzeko ohitura zaharra. Tokatlianen ustez, «Mexikoko diplomaziaren elementu klasikoak dira, hor egon direnak XX. mende hasieratik, eta ahuldu egin direnak azken 15-20 urteetan. Horrek, bere horretan, badu balioa, baina nik ez nuke askorik esperoko. Ez dut uste Mexiko erabakigarria izango denik Hego Amerikan».

Venezuela

Hego Amerikaren Garapenerako Foroaren (Prosur) sorrera Ivan Duque Kolonbiako presidenteak iragarri zuen, urtarrilaren 14an, Venezuelaren aurkako erasoa hasi baino 11 egun lehenago, baina nazioarteko erakunde berri hori martxoaren 22an instituzionalizatu zen, Santiagon (Txile).

Santiagoko Adierazpena izenekoaren bitartez sortu dute Prosur. Hego Amerika Berritzeari eta Integrazioa Indartzeari Buruzko Deklarazio Presidentziala du izen osoa, eta ondorengo presidente hauek sinatu dute: Mauricio Macri (Argentina), Jair Bolsonaro (Brasil), Sebastian Piñera (Txile), Ivan Duque (Kolonbia), Lenin Moreno (Ekuador), Mario Abdo Benitez (Paraguai), eta Martin Vizcarra (Peru); Guyanaren Txileko enbaxadore George Talbotek ere izenpetu zuen. Sinatzaileen artean, Txile izango da lehendakaria datozen hamabi hilabeteetan, eta, ondoren, Paraguairi tokatuko zaio ardura hori hartzea

Helburuei dagokienez, oraindik ez dute beren asmoen berri eman; izan ere, deklarazioa guztiz formala da, eta ez dute inongo estatuturik aurreratu, ezta helburu jakinik ere. Boliviako, Surinamgo eta Uruguaiko presidenteek ordezkaritzarik izan ez zuten arren, herrialde horiek ere parte hartu zuten deklarazioa sortzeko prozesuko elkarrizketetan, behatzaile gisa, baina uko egin zioten akta sinatzeari.

Hala, foroak kanpoan utzi zuen Venezuela, ustez egungo gobernuak ez dituelako betetzen parte hartzeko bete beharreko oinarrizko baldintzak. Hala ere, paradoxikoki, foroak parte hartzera gonbidatu zuen Juan Guaido, bere burua presidente izendatutakoa, baina hura ez zen gailurrera joan azkenean.

AEBak

Nazioarteko analista batzuen arabera, AEBek askoz esku hartze handiagoa izan dute azken urteotan Latinoamerikan, 2000ko hamarkadaren hasierarekin alderatuta; izan ere, garai hartan herrialdea kezkatuago zegoen Ekialde Hurbilarekin. Tokatlianek zalantzan jarri du teoria hori: «Esku hartzea zer den definitu beharko litzateke. Gogoan izan narkotrafikoaren aurkako borroka, Kolonbia plana, Merida egitasmoa, Ipar Amerikaren eta Karibearen arteko segurtasun akordioetan edo militarrek ordena publikoko arazoetan izandako parte hartzea; Washington tartean ibili da, eta esku hartze handia izan du herrialdeen barne eremuan».

Tokatlianentzat, gero eta gehiago esku hartu izanak edo esku hartzeko interesak aldatu izanak ez du esan nahi lehen ere esku hartzen ez zenik. «2012an edo, Txina garrantzia hartzen hasi zen Latinoamerikan, inbertsioei, laguntzari eta presentzia politikoari esker. Ordutik, Washington gero eta kezkatuago egon da Txinaren boterearekin eta Errusiak besteak beste energiaren eta segurtasunaren arloetan daukan presentzia handiarekin. Rex Tillerson AEBetako Estatu idazkari ohiak duela gutxi iragarri zuen Monroe doktrina itzuliko zela —horrek ezartzen zuen erasotzat hartuko zirela europarrek Amerikan egindako esku hartzeak, eta AEBek esku hartu beharko zutela—, eta nabaritu zen AEBek oso kezka handia dutela Latinoamerikaren inguruan; hala izan da Obama agintaldiaren amaieratik aurrera, gutxienez. Orain, Trumpekin, liskarren eta gerraren aldeko jarrera oldarkorra hartu dute. AEBek asko estutzen dutenean, batzuek Washingtonen esku hartzea mugatu nahi izaten dute; beste batzuek, berriz, Washington eskualdera erakarri nahi izaten dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.